Herria udalerri bilakatzeko zorian

Usansolo desanexioa gauzatzeko azken txanpan dago; Bizkaiko Batzar Nagusietan auziaz egin beharreko bozketaren zain, herritarrak «ilusioz» daudela azaldu dute Usansolo Herria plataformako bozeramaileek.

Joan den martxoan egin zuten desanexioari buruzko herri galdeketa Usansolon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
2022ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Badirudi 40 urteko ibilbide neketsua amaierara iristen ari dela, eta Usansolo Galdakaotik (Bizkaia) banatu eta udalerri bilakatzeko prozesua azken txanpan dagoela. Bidearen azken mugarria Bizkaiko Batzar Nagusietan egin beharreko bozketa izango da: UH Usansolo Herria plataformako kideek uste dute bozketa egiteko bilkura urrian izango dela, eta alderdi politiko guztien baiezkoa lortu nahi dute, erabakiak indar handiagoa izan dezan.

«Desanexioaren atean gaude, eta ospakizunerako prest»; horrela azaldu du UHko kide Monika Menak oraingo egoera. Dioenez, joan den martxoan herri galdeketa egin ostean, txostena igorri zioten Bizkaiko Foru Aldundiari, eta ekainean bilera izan zuten aldundiko arduradunekin: «Han esan ziguten aldundiak akordio proposamena denboraz igorriz gero beharbada bozketa urriko osoko bilkuran egin zitekeela». Duela egun batzuk, aldundiak iragarri zuen akordio proposamen hori jada igorri diela talde politiko guztiei. Hortaz, azken oztopoa gaindituta, urrian edo, gehienez ere, azaroan izan beharko litzateke bozketa.

UHk bilerak egingo ditu batzar nagusietan ordezkaritza duten alderdi guztiekin, eta bozketaren egunean desanexioaren aldeko jarrera erakusteko eskatuko die. Gaur bertan batzartuko dira EH Bilduko eta Elkarrekin Podemos taldeko ordezkariekin, eta aurrerago EAJrekin, PSE-EErekin eta PPrekin bilera egin ahal izatea espero dute.

Bozketan baiezkoa gailenduko balitz, azken tramitazio burokratikoak baino ez lirateke faltako Usansolo udalerrien erregistroan sartu eta Bizkaiko 113. udalerria bilakatzeko. Azken oztopo bat egon liteke: Espainiako legeak ezartzen du udalerri berriak gutxienez 5.000 biztanle izan behar dituela, eta Usansolok gaur egun ez du betetzen baldintza hori. UHk, aldiz, ez du uste hori oztopo izango denik: «Beldur horrekin jokatu nahi izan dute prozesu osoan, baina oso argi dago arlo horretan eskumena foru aldundiarena dela, eta foru arauaren arabera gutxieneko biztanle kopurua 2.500ekoa da. Guk ez dugu inolako arazorik espero alde horretatik».

Sinetsi ezinik

Menak dioenez, herritarrak «ilusioz, hunkituta eta sinetsi ezinik» daude prozesu luzea amaitzeko aukeraren inguruan. Datozen asteetan, plataformak hainbat ekitaldi antolatuko ditu giroa berotuz joateko, eta bozketaren eguna iragarri bezain pronto Gernikara joateko autobusak antolatzeko asmoa dute: «Nola edo hala, Usansolo herria bozketa horretan egongo da». Eta, gero, festarako txanda izango da: «Merezi bezala ospatzeko asmoa dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.