Korrikak 1.500 kilometrotik gora egin ditu jada 2019ko Euskal Herrian barna, baina baita kanpoan ere. Egunotan, San Frantzisko (AEB), Shanghai (Txina), Sydney (Australia)eta Mexiko Hiriraino heldu da euskararen aldeko mezua, Etxepare institutuaren, AEKreneta diasporako euskal etxeen bidez.
Europa, Amerika, Asia eta Ozeaniako 50 bat herritan antolatu dituzte Korrikaren inguruko ekitaldiak, izan lasterketa txikiak Korrikaren beraren gisara, izan festa edota musika emanaldiak. Eta horiei gehitu behar zaizkie atzerriko euskaltzale taldeek era inprobisatuan eginikoak.
Korrikaren aurreko urteetan, ohikoak ziren Boiseko edota New Yorkeko irudiak: jendea Korrikaren aldeko kartelak eskuetan eta lasterka. Aurten, ordea, urrunago heldu da lekukoa. Sarean ikusmina piztu du, esate baterako, Noumea uhartean (Kaledonia Berria, Ozeania) grabatutako bideo batek: bertan, Korrikaren bideoklip ofizialaren bertsio bat egin zuten, kanak eta walis dantza tradizionalak, euskal dantzak eta hip-hopa nahasiz.
Ezpeletako talde batek (Lapurdi), bestalde, Txinaraino eraman du euskararen aldeko aldarria. Txinako harresi gainean egin dute korrika, pankarta eta ikurrina eskuan dituztela. Shanghaiko Euskal Etxeak ere Korrika propioa antolatu du, Qiandeng herritik abiatuta.
Atzerrian eginikoen artean,jendetsuenetakoak izan dira Mexiko Hirikoa eta Bartzelonakoa; ehundik gora lagun batu dira Korrikaren alde han eginiko ekitaldietara. Mexikoko hiriburuan, hainbat instituzio eta eragileren babesa izan dute; besteak beste, Etxepare institutuarena, Pluralia argitaletxearena eta Hizkuntza, Hizkuntzalaritza eta Itzulpengintza Eskola Nazionalarena: hizkuntza gutxituak izan dituzte gogoan. Kataluniako hiriburuan bezala, Europako beste hainbatetan ere egin dituzte antzeko elkarretaratzeak.
21. Korrika
Gares eta Gasteiz arteko bidean, Shanghai
Inoiz baino urrunago heldu da aurten Korrikaren lekukoa: egunotan, euskararen aldeko ekitaldiak antolatu dituzte mundu osoko 50 herritan, AEKren, Etxepare institutuaren eta diasporako euskal etxeen eskutik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu