Felix Zubia.
Koronabirusa. OSASUNA PENTSALDIAN

Begirada bat munduari

2021eko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Askotan ahaztu egiten zaigun arren, koronabirusaren pandemia mundu mailako arazoa da, eta ikuspegi zabal hau mantentzea derrigorrezkoa da, konponbiderik izango badu. Txinan deskribatu zenetik urte eta erdi pasatu ondoren, herrialde batetik bestera egoera oso ezberdina dela ikusi genezake.

Herrialde aberatsenetan, urtearen lehen hilabeteetan heriotza tasa oso altua izan zen arren, txertaketaren eragina benetan nabarmena izan da. Erresuma Batuan, astearte hau izan zen koronabirusagatiko heriotzarik gabeko lehen eguna joan den uztailetik. Txertaketa estrategia ezberdina erabili dute, lehen dosia ahalik eta azkarren zabaltzea erabakiz, bigarren dosia osatzen joan beharrean, eta, momentuz behintzat, egoerak arrazoia eman die. Azken egunotan, hala ere, kasuak pixka bat gorantz hasi dira, eta Indiatik etorritako aldaera nagusitu da. Hori dela eta, zenbait adituk bakartze neurriak ez lasaitzeko eskatu dute. Ameriketako Estatu Batuetan ere kasuen beherakada deigarria izan da txertaketaren ondorioz, eta une hauetan, erronka txertaketa osatzean daukate, herritar batzuek ez dutelako horretarako pausoa eman. Talde hau osatzeko, Israelen txertaketa populazioaren %65era iritsi da, eta intzidentzia oso-oso baxua da. Aste honetan bertan, pandemiaren bukaera irudikatu nahi zuen kontzertu bat antolatu zuten Tel Aviv-eko Itxilov ospitalean.

Txanponaren beste aldean herrialde behartsuak dauzkagu, txertaketa azkar bat egiteko nahikoa baliabide ez dutenak. Brasilen, adibidez, 450.000 hildako baino gehiago izan dituzte, betiere datu erregistratuei jarraituz, eta benetako kopurua askoz handiagoa izango da. Aste honetan, batez beste 60.000 kasu baino gehiago izan dira eguneko, eta egoerak ez dauka hobetzeko itxurarik. Duela hilabete batzuk aldaera erasokorrago bat sortu zen bertan, mundu guztian zehar banatu zena. Indian ere, oso antzekoa da gertatutakoa. Maiatzaren hasieran kasuen leherketa bat izan zuten, mundu guztia harriturik uzteko modukoa. Hilabete geroago, intzidentzia asko jaitsi da, baina hala ere egunean 150.000 kasutik gora dituzte. Han ere aldaera berri bat sortu da, munduan zehar banatu dena eta adituak kezkatzen dituena. Beraz, antzeko gertaerak errepikatzen direla ikusi genezake biztanleria handia duten herrialde hauetan: igoera azkarra, heriotza ugari, osasun sistemak gainezka eginda, eta erasokorragoak diren aldaera berrien garapena.

Hirugarren multzoan zero COVID estrategiari jarraitu dioten herrialdeak dauzkagu. Hego Korea, Txina, Australia eta Zeelanda Berrian intzidentzia hutsaren hurrengoa da, eta kasuak zaintzen jarraitzen badute ere, bizimodu normalera itzuli dira. Hartu zuten bidearen egokitasuna adierazten digute datu hauek.

Eta Afrika? Honetan ere, kontinente beltza dela esan genezake, datuei buruzko zulo beltz bat dagoelako. Osasun sistema oso ahulekin, benetan zer gertatzen den jakitea zaila da. Grafiko guztiek urtarrilean gorakada nabarmena izan zutela adierazten dute, ondoren mantentzeko, eta zenbait herrialdetan azken asteetan igoerak hasi dira. Hemen ere eskema bera errepikatuko al da?

Denon hobe beharrez, komeni zaigu mundu mailako txertaketa azkar bat lortzea. Azken finean, denon etxea bakarra delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.