Automozioaren geroa nazioartean kokatzen

Intergune+ nazioartekotzeari buruz BECen egindako azokan atzerriko merkatuetara hedatzeko bitartekaritza egon da, baina baita aholkuak ere: besteak beste, Txinari eta automozioari buruzko mahai inguru bat.

Intergune+ azoka egin dute aste honetan BEC erakustazokan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Barakaldo
2019ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
«Automozioan dabilen enpresaren batek pentsatua baldin bazeukan Txinako merkatura ez joatea, bada, ken dezala ideia hori burutik ahal bezain azkarren». Iban Iriondoren hitzak dira horiek, automozio sektorean dabilen RTS enpresako kudeatzailearenak. Atzo nazioartekotzearen inguruko Intergune+ azokan egindako mahai inguru batean egin zituen adierazpenok. Eta ostera jarraitu zuen: «Enpresaren batek gaur egun nazioartera hedatu nahi baldin badu, ezinbestean Txinara begiratu behar du». Barakaldoko BECen egin den azokan enpresek bitartekaritzak topatu dituzte euren negozioa nazioartera zabaltzen laguntzeko. Eta tartean, Iriondok emandakoaren gisako aholkuak ere jaso dituzte.

Gaur-gaurkoz, autogintzaren arloan mundu mailako motorra da Txina, eta horregatik jo zuen ezinbestekotzat han egotea. Munduko autoen %30 han ekoizten dira, eta merkatua etengabe hazi da azken hogei urteetan. «Iaz hazkunde hori gelditu egin zen, baina ekoizle nagusi izaten jarraitzen du». Basque Trade & Investment nazioartekotzeko agentziak Txinan duen bulegoko zuzendaria da Mikel Yang, eta herrialdean energia berriekin dabiltzan autoen egoeraren berri eman zuen. «Gas isuriak jaisteko konpromisoa hartu du Txinak dagoeneko, eta, horretarako,2040rako automobilen %40k elektrikoak izan beharko dute». Horretarako laguntza ugari eskainiko ditu gobernuak, eta hortik ondorioztatu du eremu interesgarri bat zabalduko dela etorkizunean. «Automobil elektrikoen sektorea asko hedatuko da».

Horri gehitu behar zaio zazpi txinatarretik bakar batek duela automobila. «Europako mailara iristea da helburua; beraz, sekulako merkatua zabaltzen du horrek parez pare». Nazioartean hedatu nahi duen enpresa batek; beraz, ezinbestean joan beharko du Txinara, Iriondok berriz ere errepikatu zuenez. «Eskaera hain izango da handia, ekoizle mota guztientzako lekua egongo baita aurrerantzean».

Gaur-gaurkoz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako automozio arloko hamabost enpresa daude Asiako potentzia ekonomikoan lanean, eta horiek 34 lantoki dituzte. Sektoreak 19.300 milioi euro fakturatu zituen joan den urtean, eta, azken hogei urteetan, hogei aldiz handitu du zenbateko hori. «Sektorearen hedatzea handia izan da, eta nazioartean are gehiago zabaldu daiteke; Txinan bertan, esaterako, ikusi beharko da klase ertaina nola haziko den datozen urteetan, eta hiri handietan zein zabalpen izango duten automobil elektrikoek». Horrek guztiak euskal enpresek han daukaten etorkizuna zehaztuko duela uste du Raquel Piñan Acicae automozio klusterreko nazioartekotzeko zuzendariak. Argi adierazi zuen, berak ere, sektoreko enpresek Txinara begiratu behar dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.