Koronabirusa. Ekonomia

Ez da paseorako aitzakia

Itxialdiak aldatu egin ditu jendearen erosketa ohitura batzuk. Etxez etxeko banaketa handitu egin da, eta gertuko komertzioak bezero gehiago dauzka orain. Krisiari eutsi dion sektore bakanetakoa da janari banaketarena.

Dendari batzuek plastikozko izarak eskegi dituzte babes gisa, merkatu askotan. IDOIA / ZABALETA.
Imanol Magro Eizmendi Jokin Sagarzazu
2020ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Denda aurreko ilara da itxialdiko irudietako bat. Koronabirusaren krisia iragana bihurtzen denean, gehien gogoratuko diren egoeretako bat izango da. Itxialdiak, izan ere, bizitza ohitura guztiak eraldatu ditu, bereziki kontsumoaren ingurukoak. Uste zabaldua da jendeak oinarrizko produktuak erosteko aitzakia erabiltzen duela etxetik irten eta paseo luzeak egiteko, baina, sektoreari galdetuz gero, ez dirudi hala denik, itxialdi aginduaren diziplinarekin bat datozen joeretako bi indartu egin baitira: etxerako banaketak eta gertuko dendetan erostea.

«Nik bezero batzuk galdu ditut, baina, bestetik, irabazi egin dut tiketak luzeagoak direlako. Etortzen direnek erosketa askoz handiagoak egiten dituzte. Horrek galerak konpentsatu egiten ditu, eta ni berdintsu edo hobeto nago». Oiartzungo (Gipuzkoa) bere harategiko mostradoretik mintzo da Bittor Lizarribar, Euskal Dendak dendari txikien elkarteko presidenteak. Elkarteko teknikariarekin harreman zuzena du, eta hark esan dio bezero berriak sartzen ari direla janari denda txikietara. «Ez dakit zein izan daitekeen arrazoia: beldurra, hurbiltasunak ematen duen konfiantza... Baina, alde horretatik, bezero berri batzuk irabazten ari gara».

Azalpena badu Jokin Arrospidek, Mahala baserriko arduradunetako batek. «Autoa hartu eta saltegi handietara joateko arazoak daude, eta iruditzen zait horrekin herri txikietako dendek irabazi egin dutela. Zero kilometro erosketa da, gertukoa, konfiantzazkoa».

Etxeetara banatzen

Mahalak ez du dendarik, baina dendari askoren hornitzailea da, eta krisi garaian «zerbait gehiago» saltzen ari da. Txerrikiak ez, azokak itxita daudelako, baina esnekiak bai, eta horiek dira normalean dendetan banatzen dituzten produktuak; haien bitartez daki Arrospidek gertuko dendak «hobetoxeago» dabiltzala.

Gertuko merkataritza dira merkatu plazak ere. Iruñeko Alde Zaharraren bihotzean dago San Domingo azoka, eta han du bulegoa Susana Frommknecht plazako kudeatzaileak. Jende kopurua gutxitu zaie krisiarekin, baina plazara joaten direnen artean bezero berriak detektatu dituzte. «Gure bezeroaren profila adineko jendea da, baina orain familiak eta sartzen ari dira. 40 urte inguruko jendea da, eta erosketa guztia egiten du, beste egoera batean, agian, supermerkatuetan egingo lukeena».

Jende gutxiago dute merkatuan, eta postu batetik bestera alde handia egon daitekeen arren, salmentek «antzera» jarraitzen dutela dio. Nolatan? «Asko ari gara etxeetara banatzen. Esango nuke banaketa kopurua bikoiztu egin dugula. Banatzaile bat dugu, eta bere ordutegia luzatu egin behar izan du, lau bat ordu gehiago egunero».

Telefono bidezko eskaerak

Denak bat datoz joera hori asko handitu dela, baita supermerkatuetan ere. Pedro Galdos Uvesco taldeko marketin arduraduna da (Super BM, Super Amara, Ercoreca…), eta etxeko eskaerak «izugarri» igo direla dio: «Izurrite egoera honetan lan egitea erronka bat izaten ari da gure langileentzat, eta euren jarduna goratu nahiko nuke».

Galdosek azaldu duenez Internet bidezko eskaerak «%200 baino gehiago igo dira», eta zerbitzu hori ematen duten denden kopurua asko handitu behar izan dute. Hori, baina, ez da eskaerak egiteko modu bakarra, telefono bat jarri baitute 70 urtetik gorako bezeroentzat: «Lehen, Bizkai aldean mantentzen genuen zerbitzu bat zen, baina ohartu ginen aproposa izan zitekeela egoera zaurgarrienean zegoen jendearentzat, eta dei pila bat jasotzen ari gara. Ezin dira kalera atera, edo beldurra dute ... Zerbitzu berezi gisa planteatu dugu, eta asko handitu behar izan dugu arretan lanean ari den jendea. Oro har, jende berri asko kontratatu dugu, eta kontratatzen ari gara».

Lizarribarrek ere sumatu du mandatuen gorakada. «Asko ditut, eta nahiko handiak. Gainera, bezeroak etortzen dira bila, nik ez baitut etxez etxeko zerbitzurik. Izan daiteke ez dutelako zain egon nahi, mantendu beharreko metroko distantziaren kontu hori dela-eta asko kalean geratu behar direlako, eta hotza egiten duelako».

Mahalan, aldiz, bide hori ez dute urratu nahi, eta, etxez etxekoan hasteko «aukera» izan duten arren, ez dute dendarien bidez saltzearen katea hautsi nahi izan.

Onerako gutxi

Erabat ezohiko egoera da krisia, eta erabaki estrategiko asko eragin ditu elikadura industrian: antxoaren kanpainaren atzerapena, etxez etxeko salmentan hasi diren haragi banatzaileak, uzta batzuen data aldaketa... Erreportaje honetan iritzia eman duten saltzaileek esan dute kolpeari eutsi diotela, baina bat datoz krisiak ezer gutxi on utziko duela sektorean. Arrospide da ezkortasunaren artean argi izpi txiki bat ikusten duen bakarra: «Iruditzen zait krisietan jendearen sentsibilitatea piztu egiten dela, eta bertako produktua gehiago erosten du. Gu beharrezkoak garela ikusten ari da orain, eta normalean ez gaituzte horrela baloratzen. Baina, oro har, abantaila gutxi utziko du honek».

Frommknechten ustez, beren egungo egoera «ez da hondamendi bat», baina ikusi behar da oraindik euren bezeroei nola eragiten dien. «Guk, adibidez, asko nabaritu dugu elkarte gastronomiko eta peñen itxiera. Alde Zaharrean daude, eta bezero oso onak dira. Eta haiek bezala inguruko ostalariak. Ea nola irteten diren hemendik».

Uvescon ere ez dira epe luzerako aurreikuspenik egiten ari, lanez gainezka ari direlako. Galdosek onartu du ez dakitela nolakoa izango den uda. «Orain zaila da esaten, baina badakigu bezeroa zaindu beharko dugula». Era berean, sare sozialetan dabilen zurrumurru bat ukatu nahi izan du: «Ez ditugu prezioak igo, mantendu egin ditugu. Adibidez eskaintza bereziak mantendu ditugu, baina ez dugu publizitaterik egiten, egoera honetan friboloa iruditzen zaigulako».

Lizarribarrek uste du elikadura sektoreak hainbestean eutsiko diola, baina ezkorra da beste sektoreekin: «Salatu nahiko nuke Internet bidez ari direla salmenta handiak egiten dekretuak ixtera behartzen dituen sektoreetako produktuetan: arropa, oinetakoak, etxeko tresnak... Horiek ari dira lehiatzen baldintza hobeekin. Gure egoera berean egon beharko lukete Amazon eta gainerako horiek. Beharrezkoak diren produktuak saltzea, bai, baina beharrezkoak ez direnak, ez. Jendea, gainera, ohitu egiten da, eta hori ez da ona guretzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.