URAK EZ DARAMATZAN ARAUAK

Kontrolatu al daiteke langileek komunean pasatzen duten denbora? Tarte hori atsedena da, edo lan denbora? Legezkoa al da baimena eskatu behar izatea? Legeak laneko komunerako bueltak nola arautzen dituen aztertu dute zenbait adituk, eta horrekin lotutako auziak eta lan gatazkak azaldu.

BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Goiza hotza da Trapagako (Bizkaia) Ugarte industrialdean. Bertan dago Amazonen biltegia, eta langileak greban daude. Gaueko ordu txikietatik daude piketean, eta tentsio uneak izan dituzte ertzainekin. Halako batean, oihu batek hautsi du isiltasuna: «Komunera lasai joateko eskubidea nahi dugu!». Grebalari batena da, biltegian sartzea lortu duen ugazaba bati zuzendua. Albokoek txalotu egin dute. Eskaera logikoa da, baina zer dago atzean? Kontrolatu al daitezke langile batek lanorduetan komunera egiten dituen bueltak? Kasuistika ugari eta ezberdinak daude.

Kexuaeren testuingurua ulertzeko, Amazoneko langileen kasua azaldu behar da, eta haien jardunaren berezitasunak. «Amazonen langileen nolabaiteko ugazaba aplikazio informatiko bat da. Ordenagailu txiki bat daramate soinean, eta aplikazio horri jakinarazi behar diote gelditzera doazela. Komunera joan nahi badute edo edozer gauzatarako», azaldu du Gotzon Mardarats (Barakaldo, Bizkaia, 1980) LAB sindikatuko zerbitzu pribatuetako saileko kideak. Hura da sindikatuaren ordezkaria Amazonen.

Komunera joateak, baina, eguneko ekoizpen datua okertzen die. «Egunean zehar fardel kopuru jakin bat mugitu behar dute, eta, komunera badoaz, kopurua txikiagoa da. Horrek ez du eraginik soldatan, baina, beste lankideek baino fardel gutxiago mugitzen badituzte, azalpenak eman behar izaten dituzte. Lankideen arteko ekoizpen rankinak eta guzti egiten dituzte», deskribatu du. Komunera joateko eskubidea dute, betiere aplikazioari jakinarazten badiote. Beraz, informazio hori pilatzeko aukera dago. «Eta gero gerokoak», gehitu du.

Amazonen sistema legezkoa da. Hala azaldu du Mire Edurne Lopez EHUko Lan Harremanetako fakultateko irakasleak (Bergara, Gipuzkoa, 1969). «Langileen estatutuak arautzen ditu eten eta atsedenak», azaldu du. «Kontrolatu daiteke zenbat denbora pasatzen duen langileak komunean. Eten guztiak erregistratzeko obligazioa ezar dakioke. Baina normaltasunaren parametroetan badago, lan denbora bezala hartu behar da. Ugazaba ere komunera doa». Eta mugatu edo arautu? «Ez, behar adina aldiz joan daiteke, eta, kasu berezietarako, hor dago lan arriskuen prebentzio legea».

Silvia Gambarte lan arloan berezituriko abokatua da (Lerin, Nafarroa, 1979), eta zentzu onaren alde egin du. «Legeak ezin dizu esan orduero bost gutxitan joan behar duzula komunera. Hori ezin da arautu: behar fisiologiko bat da. Kontua da lanpostu batzuk etengabe monitorizatuak daudela, eta horrek berez eragiten du kontrola. Gakoa da hor nola erregistratzen den komunerako buelta hori, eta gero informazio hori erabiltzen den».

Fitxatzeko makina atean

Kontrolatu, erregistratu... baina nola? Amazonekoen lan egiteko modua ez da oso ohikoa. Mardaratsek beste kasu bat gogoratu du, berak gertutik ezagutu zuena. «Bilbon egoitza zuen euskal informatika enpresa ezagun batek fitxatzeko makina jarri zuen komuneko atean. Langileek beren txartela sartu behar zuten atea ireki zedin», gogoratu du. Sistemak, baina, gutxi iraun zuen: enpresak bidea aldatu zuen. «Langileek protesta egin zuten. Giroa bero zegoen lan kontuengatik, eta ekintza sindikal pixka batekin kendu zen», zehaztu du.

Lanorduetako atsedenekin zerikusia duten sententzia asko egon dira; komunera joateko eskubidearen ingurukoak, aldiz, ez hainbeste. Entzutetsuenetako bat 2021ean ebatzi zen, eta Espainiako Auzitegi Nazionalera iritsi zen enpresak helegitea jarri zuelako. Extel telemarketin enpresako langileen salaketa izan zen, eta CCOO sindikatuak eraman zuen kasua. Telelanean ziharduten langileek salatu zuten enpresak legezko atseden tarteetan txertatzen zituela haien ezohiko etenak —komunera joateko edo Internet konexioa eteten zelako hartutakoak—. Alegia, ez zituela lanordu moduan zenbatzen. Azkenean, epaileek arrazoia eman zieten langileei.

Lopezek azaldu du: «Kasu horretan, langileek eten horiek komunerako joan-etorri moduan erregistratu ahal izatea eskatzen zuten. Tarte batez telefonoari adi ez egoteagatik zigortu egin baitzitzaketen». Langileek eskubidea dute sei orduz behin gutxienez hamabost minutuko atsedena izateko, lan zuzenbideko hiztegian ogitartekoaren tartea esaten zaiona. Horrez gain, beste atseden mota asko daude.Telemarketinean, eta pantaila baten aurrean egiten diren lanetan oro har, orduero eten bat egin daiteke ikusmenari atseden emateko.

Gambartek sektore horretako berezitasunetan jarri du arreta sententzia aletzeko. «Langileek badakite jarduna kontrolatua dutela. Etengabe jasotzen dituzte deiak; eskatzen dutena da komunean dauden bitartean deirik ez pasatzea. Edo, beste modu batera esanda, nahi zuten Internet erortzen zen tarteek eta komunean pasatzen zituzten tarteek eraginik ez izatea legezko atseden tarteetan».

Baimena eskatu behar da?

Eta legezkoa al da baimena eskatu behar izatea? Baldintzatu al daiteke komunera joateko erabakia? Mardaratsek beste kasu bat azaldu du, Ikeak Barakaldon (Bizkaia) duen dendan gertaturikoa eta auzitara eraman zena. «Kutxazain bati gertatu zitzaion. Lanean ari zela, komunera joateko premia suertatu zitzaion, eta ordezko bat eskatu zuen. Ezin zuen kutxa bakarrik utzi. Lan handia zegoen, eta berrogei minutu itxaron behar izan zuen. Larri zihoanez, korrika irten zen, eta istripua izan zuen». Erortzean, orkatila hautsi zuen, eta kolpeak nerbio estutu batzuk eragin zizkion.

Mardaratsek dio mutualitatearekin talka handiak izan zituztela eta lanera itzuli zenean bere egoera berrira moldaturiko lanpostu bat eskatu ziola enpresari. Ordurako, auzia salatua zegoen, eta kaleratze adostu batekin amaitu zen. Haren ostean, protokolo bat ezarri zuten saltokian:«Txanda guztietan, maila ertaineko arduradun bat egon behar da, komunera joan behar duen kutxazain hori ordezkatzeko».

Legezkoa da komunera joateko baimena eskatu behar izatea; Lopezek azaldu du zergatik. «Lanaren arabera. Lanpostu jakin batzuek etengabeko arreta eskatzen dute. Haien zereginen berezitasun bat da: zaintzaileak, makineria arriskutsua erabiltzen duten langileak... Halakoetan, ulertzekoa da ordezko baten zain egon behar izatea. Beste kontu bat da etengabeko arreta erreala den, eta zeren arabera arautzen den».

Gambartek ñabardura interesgarria gehitu dio eztabaidari. «Nik ez nioke baimen eskaera deituko. Nik arduraduna informatzeko obligazioa dela esango nuke, arduradunak jakin dezan tarte batez lanpostua utziko duzula. Baimena eskatu behar izateak esan nahi du ukatu diezazuketela, eta ez da hala».

Lopezek egin bezala, etengabeko arreta erreala den edo ez arautu egin beharko litzatekeela uste du abokatuak. «Bederatzi kutxazain dauden supermerkatu batean, batek ezin al du kutxa itxi? Segurtasun zaindari bat baino gehiago dagoen areto batean, horietako bat ezin da komunera joan? Gauzak erraztu egin behar dira».

Lanpostu egokituak

Komunerako buelta lanetik pixka batean ihes egiteko aitzakia perfektua da. Hura behar baino gehiago luzatzeko aukerak ateak irekitzen dizkio pikarokeriari. «Toki batzuetan, abusuak egoten dira, eta, askotan, premia berezia duenak ordaintzen du», salatu du Lopezek. Premia bereziak? «Haurdun dauden emakumeak, gaixotasun jakin bat dutenak... Komunera sarriago joan behar duen oro. Lehen esan dut lan osasunaren legearen babesa dutela, eta horien lan baldintzak egokitu egin behar dira».

Ganbarte Auzitegi Nazionalaren 2021eko ebazpenera itzuli da. Epaileen arabera, komunerako tarteak lanorduetatik kanpo geldituko balira, adineko langileen «diskriminazioa» litzateke. «Ondo argudiatzen du. Esaten du zahartu ahala komunera joateko beharra handiagoa dela, eta gogoari eusteko ahalmena murriztu egiten dela. Beraz, komunean igarotako denbora lanordu bezala zenbatzen ez bada, adineko langileek atseden denbora gutxiago izango dute».

Abokatuak gehitu du komunera joateko premia bereziak dituzten langileek lanpostuak egokitzeko «eskubidea» dutela, eta horrelako eskaerak ohikoak direla: «Postari baten kasua, esaterako. Arrazoia edozein dela, komunera sarri joateko beharra badu, ezin da kalean ibili. Han ez du beti komun bat eskura izango. Enpresak lanpostuz aldatu behar du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.