Brasilgo Senatuak dokumentu bat faltsutzea leporatu dio Bolsonarori

COVID-19ak hildakoen kopurua faltsutu izana egotzi dio ganberak. Sindikatuek grebara deitu dituzte administrazio publikoko langileak

Jair Bolsonaro Brasilgo presidentea, artxiboko argazki batean. JOEDSON ALVES / EFE.
maddi iztueta olano
2021eko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Brasilgo Senatuak COVID-19aren pandemiako datuekin lotutako dokumentu bat faltsutu izana leporatu zion herenegun Jair Bolsonaro Brasilgo presidenteari. Antza, dokumentuhori baliatu zuen oposizioko alkateei COVID-19ak hildakoen kopurua «puztu» izana egozteko. Bolsonaroren dokumentuaren arabera, Brasilen koronabirusak hildakoak paper ofizialetan adierazitakoak baino %50 gutxiago lirateke.

Bolsonarok iragan ekainean aurkeztu zuen dokumentua, herrialdean 475.000 hildakotik gora zenbatu zituztenean —egun, ia 570.000 hildakora iritsi da kopurua—. Haren arabera, osasun krisiari aurre egiteko asmoz estatuak ematen dituen diru laguntzetatik kopuru handiagoa jasotzearren manipulatu zituzten datuak.

Dena den, Brasilgo Senatuak herenegun jakinarazi zuen Bolsonarok «legez kanpoko ekintzak» baliatu zituela hori frogatzeko. Hain zuzen, Batasuneko Kontu Auzitegiko langile Alexandre Marquesek aitortu zuen Bolsonarok aurkeztutako dokumentua faltsutu zuela, eta adierazi Bolsonarok dokumentua aurkeztu izana erabateko «arduragabekeria» izan zela.

Batzordeko presidenteorde Randolfe Rodriguesek ohartarazi zuen dokumentuari auzitegiko zigilua jartzeak lege ondorio larriak eragin diezazkiokeela presidenteari. Haren iritziarekin bat egin zuten oposizioko kideek, eta herritarren aurkako «krimentzat» jo zuten gertatutakoa.

Brasilgo Gobernuaren aurkako protestak areagotu egin dira azken hilabeteotan, pandemiaren kudeaketa tarteko. Iragan uztailean, esaterako, 600.000 pertsona inguru kalera irten ziren Bolsonaroren agintearen aurka manifestatzeko. Protestariek presidenteari egotzi zioten herritarren haserreari «ez ikusiarena» egitea, «koronabirusa existituko ez balitz bezala» jokatzea eta arreta osoa 2022ko bozetan jartzea.

Greba deialdia

Bolsonaroren gobernuak bultzatutako erreforma administratiboei aurka egiteko, sindikatuek grebara deitu zituzten administrazio publikoko langileak, eta Mobilizazioaren Egun Nazionala antolatu zuten atzoko. Iragan maiatzetik, herritar askok —batez ere ikasleek, langileek eta herri mugimenduetako kideek— adierazi dute Bolsonarok hartutako neurriekiko haserrea; izan ere, gobernuak bultzatutako erreformekzerbitzu publikoen pribatizazioari bide ematen diote, eta zuzenean eragiten die langileen eskubideei.

Langileen mugimendu iraultzaileko kide Diana Assunçaok grebalariekin bat egitera bultzatu ditu herrialdeko langileak: «Bolsonaroren eta militarren erasoeierantzuteko, langileak, gazteria eta sektore guztiak batuko dituen plan nazional baten alde borrokatu behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.