Heriotza zigorrarekin itxi dute atal mingarria

Aum Shinrikyoko beste sei kide exekutatu dituzte, 1995eko Tokioko metroko hilketak leporatuta. Zigortu zituzten hamahiruak urkatu dituzte. Heriotza zigorraren gaineko eztabaida eragin du Japonian.

Shoko Asahara Aum Shinrikyoko burua Okinawa uhartean, 1990ean. Hil honen 6an urkatu zuten. JOH YOSHIKAWA /EFE.
2018ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Japoniaren historia hurbileko gertakari lazgarrienetako bat bukatutzat eman zuten atzo. Aum Shinrikyo (Egia Gorena) sektako sei kide urkatu zituzten atzo espetxean. 1995ean Tokioko metroan sarin gasarekin egindako erasoagatik zigortutako azken sei kideak ziren. Beste zazpiak, Shoko Asahara burua barne, hilaren 6an exekutatu zituzten. Hamahiru pertsona hil zituzten atentatu hartan, eta 6.000 zauritu zituzten. Beste askok bizi arteko osasun arazoak pairatzen dituzte. Japoniak Bigarren Mundu Gerraz geroztik jasan duen erasorik handiena izan da. Yoko Kamikawa Justizia ministroak exekuzioak justifikatu zituen atzo: «Aurrekaririk gabeko krimen larri eta muturrekoa izan zen. Ezin da berriz gertatu. Japonian jende asko izutu zuten, baina baita atzerriko herrialdeetan ere, eta gizartea astindu zuen».

2004tik heriotzako itxarongelan zeuden sektako hamahiru kideak, eta ordutik, exekuzio eske zebiltzan biktimen familiak.Heriotza zigorraren inguruko eztabaida eragin du berriz ere Aum Shinrikyoko kideen exekuzioak.1995eko erasoen ostean, heriotza zigorraren aldeko adierazpenak egin zituzten biktimen familiek, zein herritarrek. Sektako kideen abokatuek, berriz, neurria birpentsatzeko eskatu zuten. Biztanleen gehiengoaren babesa du neurriak, ordea.

Bigarren Mundu Gerraz gerotik, inoiz baino exekuzio gehiago egin dituzte azken lau urteetan; hamasei, hain justu. Horietatik hamahiru izan dira Aum Shinrikyoko kideak, denak uztailean urkatuak. Horrela, Kamikawa exekuzio gehien sinatu dituen Justizia ministro bihurtu da.

Japonian, hilketa kasuetan bakarrik ezartzen dute heriotza zigorra, baina neurri hori darabilten herrialde gehienek ez bezala, exekutatuak ia momentuan jakiten du hiltzera doala, eta publikoki heriotzaren berri ematean jakiten du familiak senitartekoa urkatu dutela, aurretik inolako abisurik gabe.

1989tik 1993ra moratoria ezarri zuten heriotza zigor kasuetan, nazioarteko presioaren ondorioz. Ordutik, batez beste sei hilabete eta urtebeteko epean exekutatzen dute presoren bat. Justizia ministroaren esku dago exekuzioak onartzea, eta beraz, legegintzaldi bakoitzean urkatutakoen zifrak asko aldatzen dira. 2006an, esaterako, ez zuten inor hil, 2008an, aldiz, hamahiru urkatu zituzten. Erabiltzen duten teknika beti bera da: urkabea

Talde espiritualetik sektara

1980an sortu zuen Aum Shinrikyo taldea Shoko Asaharak. Orduan, yoga talde bat baino ez ziren, hinduismoa eta budismoa nahasten zituen talde espiritual hutsa. 1990eko hamarkadan kristautasunaren ideiak nahastu zizkieten beren usteei, eta apokalipsiaren inguruan predikatzen zuen talde bilakatu zen. Beren ustez, mundua bukatzear zen, eta Aum Shinrikyokoak ez ziren japoniarrak infernura joango ziren taldeko kideek hil ezean. Beraz, 1994an lehen hilketak egin zituzten Japonia iparraldean. Orduan zortzi pertsona hil zituzten. Gaur egun oraindik milaka jarraitzaile dituzte; gehienak Japonian eta Errusian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.