BAKARRIZKETA

Sabeliztunaren ordu ikaragarria

JUANJO MARTIN / EFE.
Iker Aranburu.
2021eko uztailaren 4a
00:00
Entzun
1. Izenburukoa kanta bat dela esango nuke. Tabernetan dantzatzea legezkoa zen garai batekoa, gainera. Memoriak huts egiten ez badit, Kortaturena izan daiteke... Ez zabiltza erabat oker: Negu Gorriak-en abesti bat da, 1993. urtekoa. Aspaldiko kontuak dira horiek, eta adin batetik gorakoa izan behar duzu artikulu honetako protagonista ezagutzeko. Berez, esango nuke Muguruza anaiek eta Kaki Arkarazok hura zutela buruan abesti horren hitza egin zutenean: Jose Luis Morenori buruz ari naiz, sabeliztun eta ekoizle espainiarrari buruz (Madril, 1947).

2. Tipo hori bai, gogoan dut. Nola ahaztuko nuen «Hartu ezak, Moreno!» esaldiaren sortzaile eta protagonista? Bai, belaunaldi bat baino gehiago zigortu duen, barkatu, markatu duen pertsonaia da, baina haren itzala ez da garai batekoa. Nik saioa egin dut lankideekin, eta gazteenek ez dute haren berririk. Zorionekoak...

3. Eta zer gertatzen zaio Moreno jaunari? Ez esan berriro itzuli dela ETB2ra, Entre amigos grabatzera? Ez, tituluak dioen bezala, «ordu ikaragarriak» bizi izan ditu, joan den asteartean atxilotu egin baitzuten. Ostegunean geratu zen baldintzapean aske, hiru milioi euroko bermea ordaindu ondoren.

4. Zer leporatzen diote? Gustu onaren aurkako atentatua? Txiste txarren kontakizuna? Kar-kar. Izan zitekeen. Edo hiperboleen gehiegizko erabilera: agian bera izango da«zoragarria», «gaindiezina», « fantastikoa» eta antzekoak gehien errepikatu dituen aurkezlea. Izan zitekeen emakumeen duintasunaren aurkako erasoa ere, haren programek ziurrenik ez luketelako gaindituko gaur egungo galbahea genero kontuetan. Baina ez, hau ez da kritika kultural edo sozial bat; ekonomia orrietan zabiltza, eta hemen diru kontuei buruz ari gara. Eta, kasu honetan, diru askori buruz.

5. Hala izan beharko du, hiru milioi euroko bermea ordaintzea ez dago-eta askoren eskura. Berez, Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak—izena kointzidentzia hutsa da— datorren asteazkenera arteko epea eman dio dirua biltzeko.Ogasunaren aurkako delitua, iruzurra, diru zuriketa, legez kanpoko elkartea osatzea, agirien faltsutzea, eta kaudimenik eza leporatzen dizkio. Bermepean geratu dira aske beste bi atxilotu —Marta Dillet eta Antonio Aguilera—, eta epaitegian agertzeko aginduarekin beste bat, Javier Villalba.

6. Ikusten dudanez, gutxi batzuk atxilotu dituzte Morenorekin batera. Guztira, 47 lagun. Horien artean daude Morenoren iloba, abokatua, notarioa, eta haren enpresetako hainbat langile. Umore onez zegoen polizia operazioa bataiatu zuena, Titella deitu baitu, txotxongiloa katalanez. Ogasunari 50 milioi eurotik gorako iruzurra egitea leporatzen diete. Akusazioak dioenez, 700 sozietate sortu zituzten, dirua batetik bestera aldatu eta ogasunari izkin egiteko. 2018. urtean hasitako ikerketa bat izan da, eta banku batzuek mugimendu susmagarri batzuk antzeman zituztenean abiatu zuten.

7. Kasualitatea izango da, baina ikusi dut aste honetan argitaratu dituztela ogasunaren zordun handienen zerrendak. Eta zerrenda horretako izenen artean aurkituko zenuke Jose Luis Morenorena. Espainiako Ogasunaren zordunen lehen zerrendan ageri zen, 2015. urtean, eta hor zegoen azken zerrendan ere: haren Alba Adriatica eta Kulteperalia enpresek 2,66 milioi zor zituzten 2020aren abenduaren 31n. Eta horiek Ogasunarekin dituen zorrak baizik ez dira: kontratatu dituen artista askok soldatak ez ordaintzea leporatu diote, haien artean Serafin Zubiri kantari nafarra. Gainera, Morenoren izena PPren finantzaketa ezkutuaren bi kasutan agertzen da, Barcenasen paperetan eta Palma Arenan.

8. Ez dirudi oso fidatzekoa... Etxeko kontuak eramateko modukoa ez, behintzat. Izan ere, sabeliztuna izateari utzi eta ekoizle izatera igaro zenetik, arrakasta batzuk ez ezik, porrot handiak ere pilatu ditu Morenok, eta horietan diru asko galdu du. Horien artean egon daiteke azkenekoa: Glow and Darkness telesaila (Distira eta iluntasuna), Asisko Frantziskoren bizitzari buruzko proiektu handinahi bat, bere garaian ospe handia izan zuten aktoreekin —Jane Seymour, Denise Richards, Bruce Davison eta beste1.500 aktore—, borroka irudi ikusgarriekin, nazioarteko grabaketa batekin... Lau denboraldi egin nahi zituen, eta 260 milioi euro gastatu. Arazo pare bat aurkitu ditu: pandemiak grabaketak eten dituela, eta telesaila nork erosiko zuen ez zegoela garbi. Ekoizlea ez ezik, zuzendaria eta gidoigilea ere bada Moreno.

9. Haren bizitzak ona dirudi gidoi baterako. Egingo balute, ez lukete ahantziko haren txaletean 2007an gertatutako lapurreta. Ekoizleak bi aste egin zituen ospitalean, lapurrek jipoitu egin baitzuten. Harrapatu egin zituzten, ebatsitako objektuen arrastoari segika. Kasua sonatua izan zen: pentsa, kantu parodiko bat egin zioten Wazemankekoek, Pantxoa eta Peioren ahotsekin. Bili-bolo dabil Whatsapp kontuetan, eta gauza bera beste bideo batekin: horretan, haren txotxongilorik ospetsuenak, Rockfeller beleak, zer eta zerga iruzurra leporatzen dio Morenori. Excusatio non petita...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.