Felix Zubia.
Koronabirusa. OSASUNA PENTSALDIAN

Nola jarraitu txertaketarekin?

2021eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Hainbat herrialdetan izandako esperientziek, eta gureak ere bai, garbi erakusten dute txertaketa dela koronabirusaren pandemia honi aurka egiteko estrategiarik eraginkorrena. Gure inguruan laster izango dira 40 urtetik gorako biztanlerik gehienak txertaturik, eta horrek zalantzazko egoera batera garamatza: zer egin orain? 12 eta 40 urte arteko pertsonak txertatu, ala txerto hauek beste herrialde batzuetara bideratu, bertan txertaketa osatzeko?

Gure inguruan 12 eta 40 urteren arteko biztanleria orokorra txertatzeak (ez dago zalantzarik immunitate arazoak edo gaixotasun kronikoak dituztenak txertatu behar ditugula) birusari hedatzeko gaitasuna ia guztiz murriztuko lioke. Adin tarte honetako pertsonek gaixotasun arina izaten dute gehienetan; baina egia da txertatu gabe uzten badira, birusaren aldaera oso kutsakor bat etorri litekeela, hauen artean zabaldu, eta ondoren txertoak babesik eskaini ez dien pertsona edadetuagoak, edo txertatu gabeak, arriskuan egon litezkeela. Antzerako zerbait gertatzen ari da orain Erresuma Batuan, Indian sorturiko Delta aldaerarekin. Beraz, geure buruari bakarrik begiratuta, 16 eta 40 urte artekoak txertatzea litzateke onena.

Pandemia, ordea, mundu mailako arazoa da, eta herrialde askotan txertaketa maila hutsaren hurrengoa da. Herrialde hauetan gaitza azkar hedatzen da, heriotza asko sortzen ditu, eta osasun sistemak gainezka jartzen dira. Justizia unibertsalaren aldetik, ez al dute txertatzeko eskubiderik? Honetaz gain, aldaera ezberdinak sortzen dira (Hegoafrikan, Brasilen, Indian...), askoz ere kutsakorragoak gehienak, ondoren munduan zehar zabaltzen direnak. Aurrekoak baino kutsakorragoa edo erasokorragoa den aldaera bat sortzeko arriskua hor dago, edo txertoei erresistentzia dien aldaeraren bat. Birusa desagerrarazi nahi badugu, mundu mailako txertaketa zabal bat lortu behar dugu, eta horretarako gaitasun txikia duten herrialdeetan lagundu. Beraz, 16 eta 40 urte artekoei eskainiko genizkiekeen txertoak herrialde hauetara bideratzea ideia ona litzateke, baita guretzat ere.

Eztabaida honetan ari dira aditu asko nazioartean. Nik, ordea, ez ditut kontrako estrategia moduan ikusten. Neure buruari galdetzen diodana da zergatik ez diren biak egiten. Hau da, mundu mailako txertaketa estrategia antolatu eta zabal bat egin, txertoen produkzio oso azkar eta indartsu bat ekarriko lukeena, horretarako gaitasuna duten toki eta puntu guztiak erabiliz. Benetan, Osasunerako Mundu Erakundeari baliabideak eman, herrialde guztiekin harremanetan jarri dadin, eta dituzten beharrak aztertu ondoren, txertaketa masibo bat egin. Bada horretarako teknologia eta gaitasuna munduan, eta ikuspegi ekonomikotik ere, pandemiaren kalteak kontuan hartuz, errentagarria litzateke. Badakit interes geopolitikoek erabat baldintzatuko luketela kanpaina hau, baina ez al da garaia interes hauek utzi eta pertsonengan pentsatzekoa? Pandemiak mundua aldatu badu, zergatik ez erabili mundua pixka bat hobetzeko?

Lantxo hau da pandemiari buruzko Pentsaldian sail honetan idatziko dudan azkena. Eskerrak eman nahi dizkiot BERRIAri, leiho hau zabaltzeagatik, eta zuri, irakurle, zure denbora eta interesa eskaintzeagatik. Lehengo zaharrek zioten moduan, gaizki esanak barkatu, eta ondo esanak kontuan hartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.