Mendebaldeko Balkanak. Harremanak

Gatazka politikoen koktel bat

Mendebaldeko Balkanetako sei estatuek oraindik ez dituzte gatazka iturri diren auziak konpondu. Seiek EBko kide izan nahi dute, baina horretarako baldintzatzat dute euren harremanak hobetzea.

Von der Leyen Europako Batzordeko presidentea eta Michel Europar Kontseilukoa Bruselan, iragan otsailean, Menbaldeko Balkanetako agintariekin. O. HOSLET / EFE.
ander perez zala
2020ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Europan duen kokalekuarengatik eta eskualdearen historiarengatik, Mendebaldeko Balkanetan ez da falta izan eremua osatzen duten sei herrialdeen arteko gatazkarik. Bosnia eta Herzegovinak, Serbiak, Montenegrok, Kosovok, Ipar Mazedoniak eta Albaniak konpondu gabe dituzten gatazkek eragin zuzena izan dute eremuaren egonkortasunean eta beren arteko harremanetan: mugei buruzko eztabaidek, identitate politikoek, gutxiengoen eskubideek eta Jugoslaviaren desegiteak erantzunik gabe utzitako galderek erabat baldintzatu dute oraina eta geroa.

Seiek, ordea, badute xede komun bat gaur egun: Europako Batasuneko (EB) estatu kide bilakatzea. Bruselak begi onez ikusi du talde komunitarioa ekialdera hedatzea, besteak beste Errusiaren eragina gutxitzeko, baina prozesu horrek badu aurretik baldintza garrantzitsu bat, herrialdeen arteko harremanak hobetzearena; eta hori espero baino zailagoa izan liteke Mendebaldeko Balkanetan, hamarkadotako gertakariek frogatu dutenez. «EBk ezin du eta ez ditu inportatuko aldebiko gatazkak eta horiek sor dezaketen desegonkortasuna», adierazi zuen Europako Batzordeak iaz.

Bruselaren ikuspuntutik, hartu-emanak bideratzea gainditu daitekeen erronka bat da, eta horregatik darama hamarkada bat baino gehiago zeregin horretan. Estrategia horren harira izendatu zuen Miroslav Lajcak Serbiaren eta Kosovoren arteko harremanak hobetzeko mandatari gisa; iragan astean izan zen bi hiriburuetan, lehen kontaktu sorta egiteko: ez da kasualitatea bi estatu horiek aukeratu izana, Belgraden eta Pristinaren artekoa baita Mendebaldeko Balkanetako harremanik okerrena. Arrazoi sinple batengatik, Serbiak ez duelako onartzen Kosovoren independentzia, eta bere lurraldeko eskualde autonomotzat duelako.

Lajcakek Kosovon izango du erronkarik handiena, bere izendapenarekiko kritikengatik: Eslovakiakoa da, eta estatu horrek ez du Kosovoren independentzia aitortzen. «Misio berri honen patua porrota izango da, Eslovakiaren historia kontuan harturik», adierazi zuen Hashim Thaci Kosovoko presidenteak.

Serbiak eta Kosovok saiakera bat egin zuten 2011tik 2018ra, EBren gidaritzapean, baina bi herrialdeen arteko negoziazioek porrot egin zuten, eta mandatariak sustatu nahi dituenek ere ez dute arrakastako aukera handirik.

Kosovotik ibaietara

Serbiak ere baditu gatazkak beste bizilagun batekin, Montenegrorekin, bi herrialdeek historikoki harreman ona izan duten arren; 2006ra arte estatu beraren parte ziren, eta identitate etniko eta erlijioso antzekoak dituzte.

Halere, horrek ez du eragotzi Montenegroren independentziaz geroztik hainbat arazo izatea Belgraden eta Podgoricaren artean. Besteak beste, Montenegroko Gobernuak Kosovoren independentzia aitortzen duelako; herritarrei debekatzen dielako serbiar nazionalitatea ere izatea —270.000 montenegroar bizi dira Serbian—; eta Serbiako Eliza ortodoxoak ondoko bizilagunengan duen eraginagatik eta erlijioaren rolagatik.

Belgraden partetik, auzi ia guztiak Kosovok baldintzatzen ditu: esaterako, ez du Montenegroren eta Kosovoren arteko mugen ituna aitortzen, bere barne mugekin zerikusia duelakoan. Horrek agerian uzten du Serbiaren eta Montenegrorenei buruzkoen eztabaidak bere horretan jarraitzen duela; Belgrad prest dago Podgoricarekin hitz egiteko, Kosovo elkarrizketaren parte bada.

Bosnia eta Herzegovinaren kasuan, Serbiak harreman onak ditu, nahiz eta oraindik mugei buruzko gatazka bat bizirik dagoen. Zehazki, bi aldeak ez dira ados jarri Lim ibaiaren inguruan dagoen 40 kilometro koadroko eremuaren inguruan: ibaia herrialde batetik bestera dabil, eta horren inguruan dauden herrixkak, herrialde batean egon arren, beren burua beste estatuko herrixkez ikusten dute inguratuta. Zer esanik ez ibaiaren inguruan dauden Zvornik eta Bajina Basta zentral hidroelektrikoez: Serbiarenak diren arren, horiek funtzionatzeko erabiltzen dituzten eremuak eta ibaiak bi estatuetan daude.

Kosovoren kasuan, Bosnia eta Herzegovinak ez du bere independentzia onartzen, eta, hortaz, bien arteko harremana ia hilda dago. Are, Pristinak harreman txarragoa du Sarajevorekin Belgradekin baino, Serbiarekin gutxienez adostasun garrantzitsu batzuk lortzeko gai izan baita. Kasurako, Kosovoko herritarrak Albaniara joan behar dira Bosnian sartzeko bisak nahi badituzte.

Mendebaldeko Balkanetako estatuen arteko gatazkak askoz gehiago dira, eta hainbat arlorekin dute zerikusia. Oraingoz, inork ez du horiek konpontzeko nahi askorik erakutsi, baina bide hori hartzera behartuta ikusiko dute euren burua EBn sartu nahi badute. Prozesuak luze iraun dezakeen arren, seiak ados jartzeko bidea jarria dago jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.