Generalitateak A-9ko planari eutsiko dio

Kataluniako Gobernuak A-9ko «herritarren parte hartze prozesua» defendatu du, eta esan du Madrilek ez duela debekatzeko ezer

Adrian Garcia.
2014ko urriaren 29a
00:00
Entzun
«Hautetsontziak kalera aterako ditugu A-9an». Generalitateak aurrera jarraituko du azaroaren 9ko plangintzarekin, nahiz eta Espainiako Gobernuak bertan behera uzteko tramiteak hasi. Kataluniako Gobernuko bozeramaile Francesc Homsen esanetan, Madrilek ezin du debekatu boluntarioetan oinarritzen den prozesu bat. «Ezin da debekatu egiten ez den zerbait». Espainiako Gobernuak txosten bat eskatu zion herenegun Estatu Kontseiluari, galdeketa legez kanpo uzteko. «Madrilek nahaste handia du», esan du Homsek. Haren hitzetan, hasierako kontsulta ordezkatzen duen proposamen berria legearen araberakoa da, «Generalitateak herritarren parte hartzea sustatzeko eskumenak dituelako».

Estatu Kontseiluak biharko bileran onartuko du A-9ko kontsulta alternatiboaren legezkotasunari buruzko txostena. Idatzi horrekin, Auzitegi Konstituzio nalaren aurrean inpugnatu nahi du Madrilek Kataluniako Gobernuak hasitako «herritarren parte hartze prozesua» antolatzeko ekintza oro. Rafael Catala Justizia ministroak azaldu duenez, funtzionarioei eta ikastetxeei emandako argibideak aztertzen ari dira. «Generalitateak ezin du onartu legez kontrakotzat jotako kontsulta baten baliokidea». Litekeena da ostiraleko ministro kontseiluan onartzea inpugnazioa.

Homsen arabera, Madrilen jarrera «guztiz zentzugabea» da. Azken hamabost egunetan Moncloa jauregitik egin dituzten adierazpenen bilakaeraz ohartarazi du. «Burla egiten zioten hasieran. Eta orain estatua mehatxatzen duen zerbait dela esaten dute». Bozeramailearen ustetan,inpugnazioak ez du aurrera egingo.«A-9an gertatuko dena debekatzea zuzenbide estatuaren eta demokraziaren kontra doa. XVI. edo XVII. mendeko agintzeko era da».

Babesaren truke, bozak

Kataluniako alderdi guztiek—PPCek eta Ciutadansek salbu— egin dute Madrilen erabakiaren aurka. «Gobernuak nahi duena inpugna dezake. Gure pentsamenduak eta ideologia legez kanpo uzteko gertu dagoela uste dut batzuetan», adierazi du ERCko idazkari nagusi Marta Rovirak. Katalunian erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo sozial eta politiko argi bat dagoela gogoratu du Rovirak, eta Artur Masen gobernuari kataluniarren bozkatzeko eskubidea defenda dezala eskatu dio. «Bat, bi edo hiru inpugnaziorengatik ez dugu geratu behar. Agindu demokratikoa dugu, eta bozkatzeko eskubidea guztiaren gainetik dago».

Lehenbailehen hauteskundeetara deitzea nahi du ERCk. Pere Aragones diputatuak baldintza hori jarri dio Egonkortasun Akordioa egiteko. Akordio horrek ez luke 2015eko aurrekontuak babestea esan nahiko, baina bai luzapen bat ematea.

Gobernuaren balizko inpugnazioa dela eta, CUPek desobeditzeko deia egin du. Quim Arrufat diputatuak «estatu frankistaren» debekuei jaramonik ez egiteko exijitu dio gobernuari.

Joan Herrera ICVko koordinatzaile nazionalak gogor kritikatu du PP, galdeketa alternatiboa bertan behera uzten saiatzeagatik. «Frankismoaren oinordekoek ez dute erabakiko A-9an zer egingo dugun». Auzitegi Konstituzionalak legez kanpo utziz gero, ongi irudituko litzaiokegobernuak galdeketari eusteaerabakiko balu. Baina ez dio hori egiteko eskatu. «Mobilizazioaren adierazpen forma guztiei eutsi behar diegu. Legez kanpo utz dezakete, baina mobilizazioak ezingo dituzte gelditu». Haatik, Herrerak ez du argitu A-9ko proposamen berrian parte hartuko duen edo ez. Joan Mena EUiAko diputatuak azaldu du koalizioa lan egiten ari dela A-9a «mobilizazio egun» handi bat izan dadin.

PSCren ustez, «okerra»

PSCk uste du «okerra» litzatekeela A-9ko parte-hartze prozesua inpugnatzea, eragin juridikorik ez duelako.Maurici Lucena alderdiko parlamentaria PSOEko Politika Ekintzako arduradun Patxi Lopezen hitzetatik urrundu da horrela. Izan ere, Kataluniako gizartea banatzeko tresnatzat jo du A-9ko kontsulta EAEko lehendakari ohiak.

Bestalde, PPCko buru Alizia Sanchez Camachok uste du «lege bermerik gabeko itxurakeria» dela,eta beraz gobernuak ezin duela «demokraziari burla egiten utzi». Ciutadansek ere txalotu egin du Espainako Gobernuaren erabakia.

Kontsultaren aldeko alderdiekez dute plangintza moldatu, eta A-9ko euren prestaketekin jarraitzen dute. Boluntarioak lortzeko kanpainaren epea itxi du Generalitateak. 38.706 lagunek eman dute izena, espero zenaren bikoitza ia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.