Desazkunde turistikoa ala betirako krisia

2020ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Globalizazioan zentraltasuna hartu du turismo jarduerak. Ekonomikoki industria handienetako bat da (BPG globalaren %10 eta hamar enplegutik bat biltzen ditu). Kulturalki, bere beharrizana txertatu da munduko milaka biztanlerengan, bizipen bereizgarrien desioaren asegarri gisa.

Euskal Herrian turismo jarduera hazkunde bizkorrean sartuta dago, politika eta inbertsio publikoek eta tokiko zein nazioarteko baldintza soziopolitikoen aldaketak eraginda, nagusiki. Bereziki nabarmena izaten ari da hedapena Donostian, beste hiriguneetan eta kostaldean.

Turismoan oinarritutako jarduera ekonomikoak bultzatzearen alde egin duten arduradun publikoek arrakastaren kontakizuna egiten dute. Apustu horretan denok irabazten ari garela kontatzen digute. Ez da hala. Turismoak euskal lurraldeetako jarduera ekonomikoaren zati gero eta handiagoa hartzen du, bai. Baina, hori al da herritarron gehiengoari komeni zaiguna?

Gauza asko jarri ditu agerian krisi honek. Ezinbesteko eta ez-ezinbesteko jarduera ekonomikoak bereiztu dira, esaterako. Turismoaren baitan biltzen ditugun jarduerek ez dituzte gizakien oinarrizko beharrak asetzen. Espekulazioaren eta kontsumo eredu orojale baten eraikina dira.

Ostalaritza, merkataritza, garbiketa eta garraio jardueratan lan baldintza egonkor eta duinik ez duen langile kopuru handia dagoela ikusi dugu. Aldi baterako enplegua, ezkutuko ekonomia, autonomo faltsuak, soldata baxuak, feminizazioa eta, azken finean, prekaritatea ezkutatzen du turismoari loturiko enpleguak. Enplegua sortzea izan arren jarduera horren goraipatzaileek nabarmentzen duten bertute bat.

Hazkundean, mugimenduan eta abiaduran ardazten den bizi eta lurralde ereduan, geldialdiak ingurumenaren mesedetan jokatzen duela ohartu gara. Klima larrialdiarena da kontrolatu ezin dugun arrisku globalen multzoaren eragile nagusietako bat. Hala ere, ustez horren jakitun diren zenbait ez daude prest eredu ekonomikoan zirkinik ere aldatzeko.

Baina koronabirusaren krisiak Euskal Herriko turismo jarduerarekin lotutako irakaspenen bat eman badigu, eredu horrek ekartzen duen dependentziaikaragarriarena da. Gu baino aberatsagoak diren herrialdeetako biztanleek gure lurraldea bisitatu eta bertan kontsumitzean oinarritzen da bertako jarduera ekonomikoaren zati esanguratsu bat.

Turismo jardueraren apustua burujabetzaren, herritarrok erdigunean jartzearen, sektore ekonomikoen arteko orekaren eta iraunkortasunaren antonimoa da.

Gure gizartea ispiluaren aurrean jarri du krisi honek. Ikusi ditugu hainbat arrisku, gabezia eta oker. Irakaspen horiek baliatzea tokatzen zaigu orain. Herritarron benetako beharrak zeintzuk diren birpentsatu eta gizarte ereduaren erdigunean jartzeko ordua da. Epe motzeko etekina eta kapitalaren metaketa bilatzen duten jarduerak baztertu eta bizitzaren erreprodukzioa bermatzen dutenak lehenestea beharrezkoa da.Irizpide horri jarraituz, turismo eredua ezbaian jartzea ezinbestekoa da. Dependentzian eta espekulazioan oinarritzen delako, prekaritatea eta txikizioa eragiten duelako, gutxi batzuen etekinen hazkundeak eta epe motzeko ikuspegiak gidatzen duelako. Euskal Herrian desazkunde turistikorantz neurriak eta politikak ezartzeko baliatu behar genuke krisi honek ekarri duen aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.