Gorpuztutako letrez, mamututako ahotsez

Emakume idazleei ezarritako etiketa gutxiesgarriez eta zamaz aritu dira Lucia Baskaran, Kattalin Miner eta Eider Rodriguez, Donostian, Literaktumeko 'Emakumeen hitzak eta gorputzak' mahai-inguruan.

Ezkerretik eskuinera, Lucia Baskaran, Eider Rodriguez eta Kattalin Miner, herenegungo mahai-inguruan. J.C. RUIZ / FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Donostia
2019ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Sekula ez gara kanonean sartuko», esan zuen Lucia Baskaranek (Zarautz, Gipuzkoa, 1988). Keinu egin zion buruarekin Eider Rodriguezek (Errenteria, Gipuzkoa, 1977), zalantza adieraziz. «Ez nuke esango kanonean sartzeko idazten dugunik inork», bota zuen geroxeago Rodriguezek berak. Batarekin eta bestearekin ados agertu zen Kattalin Miner (Hernani, Gipuzkoa, 1988).

Emakumeen hitzak eta gorputzak mahai inguruan aritu ziren hiru idazleak, Ainara Gorostitzu kazetaria gidari zutela, herenegun, Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. Bakoitza, bere esperientziatik. Baskaran, gaztelaniaz idatzi dituen Partir (2015) eta Cuerpos malditos (2019) nobeletatik —bigarrena euskarara ekarri diote, Gorputz madarikatuak izenburuarekin—. Miner, Nola iritsi naiz ni honaino (2017) eleberritik eta Moio. Gordetzea ezinezkoa zen (2019) kronika liburutik. Rodriguez, Eta handik gutxira gaur (2004), Haragia (2007), Katu jendea (2010) eta Bihotz handiegia (2017) narrazio liburuetatik; eta aurten argitaratu duen Idazleen gorputzak saio laburretik ere bai.

Hasteko, gorputzetik idazteaz egin zuten gogoeta hirurek. «Nik ez dut nire gorputzetik hitz egiten; bai, ordea, gorpuztutako gauza batzuetatik, ukatutako gorputzetatik», zioen Minerrek. Bilakaera bat bizi izan duela zehaztu zuen Rodriguezek. Plazara lehenengo liburuarekin atera zenean, gorputzetik ez zuela idatzi sinetsita omen zegoen. Bigarrena idatzi zuenean, gauza bat omen zuen buruan: «Ez zezatela ikusi emakumezko idazlea, baizik eta idazlea». Hirugarren liburutik aurrera, gero eta gutxiago jo du gorputzaren kontra. «Uste dut geuk ere neutraltasunetik idatz genezakeela uste genuela, baina, behin plazara irtenda, konturatu ginela hori ezinezkoa zela, eta hor zegoela gure gorputza, testuaren atzean, ondoan, azpian, lerro artean, kritiketan, toki guztietan. Onartu beste aukerarik ez dugu eduki».

Baskaranek galdera bat proposatu zuen: «Zer da gorputzik gabe idaztea? Gizonei ez zaie esaten gorputzetik idazten dutela. Eiderrek bezala, nik ere, nire lehenengo eleberrian generorik gabekoa izatea nahi nuen pertsonaia». Bigarren liburuan, berriz, begirada maskulinoak emakumeen gorputzetan nola eragiten duen aztertzen saiatu zen. «Emakumeen gorputzak, sentimenduak eta bizitzak deskribatzeaz gain, maskulinitate batzuk izendatzen, deskribatzen eta auzitan jartzen ere hasi gara, zenbaitetan», esan zuen Minerrek.

Emakumeen gorputzaz, desiraz, sexualitateaz idatzi duten emakumeez aritu ziren segidan. Minerren aburuz, Leire Bilbaoren eta Miren Agur Meaberen poema bildumetan jauzi bat gertatu zen emakume gorputzen irudikapenean. «Meaberen Azalaren kodea liburu mugarria izan zen niretzat ere, baina hori baino askoz lehenago ere, Amaia Lasak idatzi zuen alfabeto berri baten beharraz, mundua izendatzeko. Iruditzen zait oraindik ere haur eskolan gaudela gai honi dagokionez», erantsi zion Rodriguezek. Baskaranek gogoratu zuen, lehen nobelan protagonista masturbatzen irudikatu zuela-eta, elkarrizketa guztietan horri buruz galdetu ziotela: «Nik uste nuen gainditutako gai bat zela». Ez, bada. Bide hori hasi besterik ez da egin, Minerren iritziz ere».

Zientzia-fikzioa

Miren Agur Meaberengana itzuli zen Rodriguez. Azalaren kodeahaurdunaldian zehar idatzi zuen Meabek, batez ere, eta amatasunari eta haurdunaldiari buruzko poemak aukeratzean, tentu handiz aritu omen zen, «bazekielako horrek eragin negatiboa edukiko zuela bere egiletasunean».

Egiletasuna onar dakion, kanonean onartua izateko, emakume idazleari amatasunaren irudi negatiboa ematea eskatzen ote zaion ere galdetu zien moderatzaileak hiru idazleei. «Amatasunaren irudi negatiboa, jakina, behar genuen. Orain arte, izan ere, nola izan dira idatziak eta deskribatuak ama pertsonaiak literaturan, orokorrean? Jasanezina zen hori, zientzia-fikzioa. Zientzia-fikzioaren apalean egon behar lukete literatura guztietako amek», erantzun zion Rodriguezek. Ñabardura bat ere egin zuen, baina: etxeko aingerua omen zen emaztearen kontra femme fatale estereotipoa sortu zuten bezala, orain mum fatale-a sortu dutela, madalenak egiten eta leihotik begira bizi den amaren kontra. «Nire ahalegina da kontziente izatea horretaz. Ez nuke nahi erreakzioz idatzi. Hori ere idatzi behar da, baina ez hori bakarrik».

Beste eskakizun bat: emakume idazle garaikidearen ahotsa gordina, punka eta makarra izatea. Rodriguezi berari behinola irakurri zion elkarrizketa bat aipatu zuen Baskaranek, horri buruz: «Gordintasunetik idatzi behar dugula ematen du, besteek serio hartzeko, kurtsi eta emakumezko literatura etiketa ez jasotzeko. Zuk esan zenuen, Eider».

Miner ez da ez gordin eta ez punk sentitzen, bada: «Nik neure burua ez dut gordintzat, baina badakit testu batzuk, agian, badirela gordinak. Eroso sentitzen naizen estiloa da, baina ez da kontraerasoan sortutako estilo bat». Rodriguezek ere ez du transgresiorako idazten, nabarmendu zuenez: «Ez naiz ez punki, ez makarra, ez azido, ez ilun. Baina gure inkontzientean badago zerbait, emakumezko literatura hainbat klixeri lotua dagoela adierazten dutenak». Halako etiketak, «ahots potenteak eta kontundenteak» agertzean ezartzen zaizkie emakume idazleei, Minerren ustez. «Baina beste ahots ez hain kontundente batek ere onargarria izan beharko luke, eta ez da», ihardetsi zion Rodriguezek.

Beste etiketa bat: autofikzioarena. Baskaranek ederki asko ezagutzen du. Lehen liburua argitaratu zuenean, asko galdetu zioten horri buruz: «Oso gaztea nintzen, eta neu hasi nintzen autofikzioa aipatzen. Gero konturatu nintzen gaizki ari nintzela; emakume idazleen kasuan, autofikzioaren etiketa erabiltzen dela gutxiesteko, beti gure kakez ari garela-edo aditzera emateko».

Autofikzioaren beste lagun bat, Baskaranen ahotan: literatura feminista. «Orain, ez dira atrebitzen literatura femeninoa aipatzera; 'literatura feminista' esaten dute , gurea ez dela literatura adierazteko. Literatura, benetakoa, gizonek egiten dute».

Indarkeria sinbolikoaz zein fisikoaz ere hitz egin zuten. Bortxakeriaz eta bortxaketez. «Denok ezagutu dugu bortxa. Idazten duzunean, beraz, orban batetik ari zara, eta bortxaz idazten duzu hori, ezinbestean», zioen Rodriguezek. «Bortxaketari buruzko narratiba hegemonikoa beti ezezagunekin-eta irudikatzen da, eta hori gezurra da. Bortxatzailea gertukoa izan ohi da beti, eta hori irudikatzea helburu bat izan da niretzat», Baskaranek. Minerrek, azkenik, kezka agertu zuen egungo planteamendu zenbaitekin: «Min humanoaz hitz egiten da asko, eta niri ez zait interesatzen minari buruz hitz egitea, ez bada politikatik. Min guztiek daukate jatorri politiko bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.