Dabid Anaut.

Ireki beharreko atea

2018ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Euskararen Lege berri bat egitea, Nafarroako herritarren hizkuntza eskubideak beteko dituena, zonifikazioa gaindituko duena, eta euskara lurralde osoan ofizial bihurtuko duena, errealitate soziolinguistikoari egokituta. Horratx Osoko Bilkuraren aginduz Nafarroako Parlamentuan aurten osatutako Batzorde Bereziak duen egitekoa.

Euskararen Lege berri baten beharra badago, eta horren erakusgarri dugu 1986an indarrean dagoen legea onartu zenetik Nafarroako gizartetik egin den eskaera etengabea, batez ere, baina ez bakarrik, euskalgintzatik. Eta behar hori argudio politikoz, juridikoz eta soziolinguistikoz ederki hornituta dago, gainera, Batzorde Berezi horren saioetan argi aski ikusi ahal izan denez. Horien artean herritarren eskubideekin lotutako arrazoiak nabarmendu behar, eskubideen parametroetan kokatzen baita nagusiki hizkuntza politikaren auzia.

Beharra bistakoa da; beraz, aukerarik ba ote dugun da hurrengo galdera. Eta, zehazkiago, legegintzaldi honetan bertan egin ote dezakegun. Eta zer behar da horretarako? Adostasun politikoa eta gehiengoa Parlamentuan, bistan denez, eta daukagun denbora tarte honetan, epeak agortzen utzi gabe, beharrezkoak diren urratsak egitea. Bigarren horri dagokionez, egon badago tartea, baina horrek denboraren kudeaketa eraginkorra eta bizkorra eskatzen du. Eta adostasun politikoari eta gehiengoari dagokionez, aukera egon badagoela esan dezakegu, baina agerikoa da zailtasun batzuk gainditu beharko genituzkeela, ez nolanahikoak. 26 bozka beharko lituzke lege berriak. Hori baino adostasun zabalagorako aukerarik ez daukagu, oposizio itsuan ari diren hiru alderdiek—UPNk, PSNk eta PPk— argi aski adierazi dutelako ez daudela urrats txikiena ere egiteko prest. Gainerako lau taldeok,26 botoren jabeok, abiapuntu ezberdinekin eta ñabardurak ñabardura, adostasuna bilatzeko prestasuna adierazi dugu eta, espektatiba eta ikuspegi desberdinak ditugun arren, ez dugu baztertu, hitzez behintzat, adostasun horretara iristeko aukera.

Inora iristeko, betiere, korapilo nagusi batzuk askatu beharko genituzke eta, Batzordean hainbatetan aipatu den moduan, balizko ofizialtasun baten ondorioak zehaztu eta argitu beharko genituzke. Korapilo nagusietako bat, jakina, lurralde osoan euskarak beharko lukeen estatusean daukagu. Nafarroa eskualdetan banatuta daukagu, eta gogoratu nahiko genuke aldaketako lau indar politikoon hauteskunde-programetan jasota dagoela zonifikazio hori gainditzea. Zehaztu behar dela nola? Zehaztu dezagun, bada, baina ez dezagun korapilo hori askatu gabe utzi.

Ez da korapilo eta zehaztu edo argitu beharreko auzi bakarra, noski. Izerdirik egin gabe, nolanahi ere, ez dugu euskararen lege berririk josiko, hori ere argi dago. Euskarari, euskaldunei eta herritarrei oro har aurrerabidea ekarriko dien lege berri bat behar dugu, Nafarroa osoan ofizialtasuna aitortzeaz gainera, ofizialtasun horri gutxieneko eduki bat eta hizkuntza eskubideei gutxieneko berme bat emanen dien legea.

Parlamentuan eta indar politikoen esparruan badago honen inguruko eztabaida, baina auzi honetan herritarrak eta gizarte eragileak ere parte dira, ezinbestean, besteak beste politika guztien erdigunean herritarrek egon behar dutelako. Ahots ezinbesteko hori hilaren 27an entzunen da Iruñeko kaleetan, eta espero dezagun iritsi beharreko belarri guztietara behar besteko indarrez iristea. Aho biziak izanen ditugu kalean, belarriak prest izan ditzala dagokionak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.