KRITIKA. Musika

Gizadiaren nekaldia?

2018ko apirilaren 18a
00:00
Entzun

Bilboko Orkestra Sinfonikoa

Egitaraua: Oratorio eszenaratua;J.S. Bachen Johannes Passion BWW245. Eszena zuzendaria: Calixto Bieito. Musika zuzendaria: Erik Nielsen. Abeslari bakarlariak: Joshua Ellicott, Berit Norbakken, Carlos Mena, Robert Murray, Jonathan McGobern, James Newby. Orkestra: BOS. Abesbatza: Bilboko Opera Korua. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Apirilak 13.

Ia zortzi minutuko txaloaldiarekin eskertu nahi izan zuen Bilboko Arriaga Antzokira hurbildu zen publikoak Bachen Joan Deunaren araberako Nekaldia-ren gainean antzeztutako Oratorioa. Egia da, bakarlariak, abesteaz gain, agertokian ibili zirela antzez-modu sinesgarri eta nekosoetan; egia da, baita ere, musikariek izan zuten musika-jarduera luzea: 105 minututik gora ondo jotzen; egia da Calixto Bieitorekin bat nengokeela, haren ikuspuntu humanistarekin, hau da, Jesukristoren irudia har genezake gizadi pobre eta jasangarri osoaren sinbolotzat... Baina, balizkoa da Bachen Nekaldiek duten eduki teologiko-musikala aprobetxatzea gizadia bera Jesukristo dela nabarmentzeko? Beraz, uste dugu gure eszena zuzendaria arrisku handian sartu dela eta hauek dira gure zalantzak: Hasteko, Bachen Nekaldia lan erlijiosoa da, kristautasunaren dogmak erakusteko egindakoa —Jesus jainkoaren heriotza eta berpizkundea azaltzeko—. Garaian garaiko gizarte analfabetoa irakasteko katixima sonoroa, luterotarren ildo pietista eta aszetikoen ezaugarriekin. Bere helburua, narratibaren atzetik, kontzientzia erlijiosoak heztea da (luterotar koralak, ariak, koroak). Erabilitako musika garai hartarainoko ezagupen bilduma da, maisulana; eta bestetik, biribila eta itxia. Elizetan jotzeko eta kantatzeko egindakoa, inoiz ez antzeztekoa. Zergatik? Arreta testuetan jarri behar delako, kontzientzien azterketa egiteko, meditatzeko. Bachek, musikaren egokitzapen bikaina egin zuen,pasarte bakoitzari bere esanahi musikala emanez, noski, espiritualtasun sakonean murgilduta.

Zer egin du Bieitok? Bada, antzezpen profanoa bihurtu nahian, bakarlari abeslariak eta koroak giza aktoreen modura itxuraldatu: kaleko arropekin, estetika espresionistaren barruan, eta gizakiaren ekintzetan jardunez—amodio, gorroto, tortura edo errukian—. Batzuetan musikaren kaltean. Esaterako, nahiz eta antzezpenak egokiak izan, hasierako eta bukaerako koruek makaldu egiten zuten orkestraren sonoritatea, publikoaren aurrean jarri zirelako eta orkestra eszenaren barruko esparruan zegoelako, akustikaren kaltetan. Abeslari bakarlarien kasuan, uneoro eszenan zebiltzan, publikoaren arreta desbideratuz: odola nonahi, Jesus korrika andere batekin (Magdalako Madalenarekin, agian) edo harekin sexu-jolasean, edo Pedroren gehiegizko lintxamenduan Jesus hiru bider ukatu ondoren, edo juduen ohiturari jarraituz, hilotzaren gainean harri koskorrak gorpuaren gainean jarriz, eta koruaren predika kaltetuz... edo askotan zer egin jakin gabe. Onar dezakegu bakarlariek interpreta dezaketela, kantatzeko lekutik mugituz, Joshua Ellicot tenorrak egin zuen moduan: ahots liriko ziurra, ahoskera eta intonazioa bikainak eta interpretazio biribila lortuz. Baina sopranoak eta kontratenorrak bi aria baino ez zituzten abestu eta ez ziren gelditu ere egin. Berit Norbakken emakumezkoak bolumen gutxiko ahotsa erakutsi arren, zuzen abestu zuen; Carlos Mena izan zen gure ustez teknika gehien erakutsi zuen abeslaria, indartsu kontratenorraren tesituran. Asko abestu zuen Pilatosen rolean eta besteetan Jonathan Mc Govern baxuak: eder. Eta itxuraz eta kantuz, ondo bete zuen Jesusen rola James Newby baxuak. Eskarmentu handiko abesbatza da Bilboko Opera Korua eta ondo baino hobeto abestu zuen jarrera guztietan, baita zoruan multzoan etzanda ere. Konplikatua zuen Erik Nielsenek osagai guztiak ondo konzertatzea. Parisko Chatelet izeneko antzokiarekin batera egindako ekoizpena kontuan edukitzeko lana da, nahiz eta zalantzak ere sortu zizkigun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.