Berlin hiria, pareko gutxi duen hiri errebelde-eko-berde-buhame-bohemio-grafitiegile-zinemajale-zerbeza edale leial eta erretzaile porrokatu hau, betidanik izan da beste bizitza mota bat dagoelakoan esperantzaz bizirik dirauen jendearen amets, helburu, xede.
1989ko azaroaren 9an Harresia erori zenetik, herria birrintzen, txikitzen hasi zenetik, planeta osoko arkitekto guztien desira bilakatu zen Berlin. Baita, tamalez, espekulatzaile, tratulari eta funts putre anitzen ehizaki gozoa ere.
Ezer gutxi aldatu da egoera aingeruak eta deabruak auzokide dituen hirian. Bada Bowiek maitatu zuena. Bada ere, ai! funts putreek apurka-apurka berenganatzen duten lur zati maitatua.
Berlin da Aliatuen hegazkinek eta Sobietar Armadak txikizioa egin zutenetik obratan izan den hiria. Obra zibiletan eta herri-obretan. Berlingo etengabeko itxuraldaketa arkitektoniko amaigabea unibertsitateetan ikasten da. Zabala da hiria. Laua. Badaki bere izana zaharberritzen. Badaki izaera birziklatzen. Aurtengo Berlinale zinema jaialdia ez da izan iazkoa izan zen Berlin berean. Hamabi hilabetean, hiria antzaldatu da, berriro ere. Eta espekulatzaileak, adi. Eta higiezin-putreak atezuan, zelatan. Pozez zoratzen. Txin txin txin txin, diruaren hotsa.
Itxi dira Berlinaleren egoitzetako bat ziren hainbat areto. Tristea izan zen berria, baina Kreuzberg auzora bertaratu ginelarik, notizia saminago batekin egin genuen estropezu: Moviemento izeneko zinema aretoa arrisku bizian zegoen, dago. Zein eta Moviemento, Alemaniako saloirik zaharrena! Zaharrena bai, egun, Zararen egoitza den Marmorhaus baino zaharragoa. Marmolezko etxe horretan, 1920an, estreinatu zen egun Deutsche Kinremathekek omentzen duen Das Cabinet des Dr Caligari. Baina estreinatu zen egunerako, Moviementok urteak zeramatzan pelikulak eskaintzen Berlingo mota askotako jendailari.
Betikoek, sarraskijale aseezinek, erosi nahi dituzte eraikuntza eta bere lurzorua. Kontrako kanpainan hasi dira bertako zinema programatzaileak. Eta auzokoak.
Heroiak behar direla/dituztela/ditugula aldarrikatu dute. Ozenki. Baina ez elastiko zelebreak janzten dituzten horietakoak. Ez, benetakoak baizik. Eta ez protestak sinatzeko edo pankarta baten atzean oihu egiteko. Ez: Moviementok eta Kreuzberg auzo parekaezinak zinema aretoa erosi nahi dute, espekulatzaileen atzaparretatik kendu, libratu. Ez, ez dute ez sinadurarik, ez Berlinaleratu diren izarren hitz potolorik nahi: dirua nahi dute. Horrexegatik, bananduriko panfletoetan kontu korronte bat agertzen da: IBAN: DE18 10070000 0032 488901.
Gaur gure etxe aldameneko hainbat aretotan La fameuse invasion des ours en Sicilie animazio puska ederra dugula, fier eta urguilutsu esan dezakegu aspaldi zahar batean Tiergarten basoan zebiltzan piztiak baino defentsa hoberik ez dela hemen putre guztien kontra. Hiriaren sinbolo eta Berlinaleren beraren ikur den hartzaz ari gara.
Bulldozerren aurka, Dino Buzzatiren fabularen protagonistak diren animaliak. Porlana jaten dutenen aurrean, zinema lan ederrak saritzen dituzten urrezko eta zilarrezko figura horiek.
Hartza gure alde dugularik, ez izan beldurrik, zinema sasoi ederrean baita. Horrela ikusi da Berlinen. Gerrillari mila dago prest zeluloidearen alde, bizitzaren alde, esperantzaren alde beren bizitza emateko. Hala nola bere pelikularako finantzaketa lortu nahian hamar urte pasatu zituen Alex Piperno zuzendaria. Uruguaikoa izan arren, Europan, Brasilen eta Filipenetan aurkitu zituen sosak. Ondo baino hobeto bukatu zen abentura. Bere Chico ventana también quisiera tener un submarino bikain eta aldrebesak Ikusleen Saria jaso zuen Berlinen.
Itxaropena bada, ezen hartzak putreak baino indartsuagoak baitira. Beti. Horrexegatik, Catarina Vasconcelosen A metamorfose dos passaros ipuin poetikoak, hamaika zinema testuraz eginak, eskuratu zuen Fipresci sari garrantzitsua.
Esperantzarik bada Alexanderplatzen. Zergatik? Bada, Afganistango iheslarien seme den Burhan Qurbanik izugarrizko balentria burutu duelako plazan bertan: Doblinen liburuari eta Fassbinderren telebistarako moldaketari begirada fresko eta beldurrik gabekoa bota dio.
Esperantzarik bada Berlinen, Kelly Reichardt, Eliza Hittman, Irene Gutierrez edo Pili Palomero bezalako emakumeek kamera hartu baitute lepoan. Bai, zinema salbatuko dugu, nahiz eta Caligari Doktorea, ehun urte bete berritan, libre ibili Postdamer plazan.

IRITZIA
Putreen aurka, hartzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu