Zauri diren lerroak

Sufrimendu biziko aldiak eta sormen loraldiak tartekatu ziren Alejandra Pizarnik idazle argentinarraren bizialdi osoan. Beldurrari, maitasunari eta bakardadeari idatzi zien, eta XX. mendeko poema bilduma nabarmenetako bat osatu zuen. 50 urte bete dira hil zenetik.

Mende erdia bete berri da Alejandra Pizarnik hil zela. BERRIA.
Ainhoa Sarasola.
2022ko urriaren 2a
00:00
Entzun
«Idaztea da sufrimenduari zentzua ematea. Horrenbeste sufritu dut, jada egotzi nautela beste mundutik». Gaztetatik kaier txikietan idazteko ohitura zuen, eta bizi osoan eutsi zion egunerokoan ohar laburrak idazteari. Beldurraren aurka idazten zuela ere utzi zuen izkiriatuta, eta oinazea islatzen dute haren lerroetako gogoeta ugarik, baita haren poema askok ere. Minari, bakardadeari, haurtzaroari, absentziari, heriotzari eta maitasunari idatzi zien Alejandra Pizarnikek (Buenos Aires, 1936 — 1972), besteak beste, eta XX. mendeko idazle nabarmenetakoa izatera eraman zuten bere olerkiek. Mende erdia bete da bere burua hil zuela, baina haren obrak eta figurak lilura pizten dute oraindik.

Bizirik zela, zazpi poema bilduma eta prosazko lan bat argitaratu zituen idazleak. Hura hil zen egunean bertan hasi ziren ingurukoak haren obra osoa plazaratzeko lanetan, baina hainbat urtez atzeratu zen asmoa. Poesía completa liburuan, Pizarnik bizirik zela argitaratutako poemak ez ezik, hura hil ondotik Textos de sombra y últimos poemas (1982) lanean jasotakoak eta argitaragabeko zenbait ale ere bildu zituzten. Ana Becciu arduratu zen edizioaz, idazlearen ahizpa Miriamek gainbegiratuta, eta, editoreak hitzaurrean azaldu zuenez, Pizarnik hil ostean haren kaier, karpeta eta papertxoetan eskuz edo makinaz idatzitakopoema eta ohar ugariak aurkitu zituzten ordena berean bildu zituzten. «Bere paperekin oso arduratsua zen. Haren lanerako fitxak oso baliagarriak izan dira, baita aldizkarietako publikazioen data eta lekuekin idazten zituenak ere». Irakurketetan eta elkarrizketetan bildutako hitzak eta esaldiak kaxa edo gutun-azal txikietan gordetzen zituen, baita beste egile batzuen poema zatiak, gutunak eta bestelakoak ere. Haren egunerokoek ere ikusi zuten argia gerora.

Pizarniken hitzak euskaraz ere irakur daitezke. Munduko Poesia Kaierak bildumak poetari eskaini zion 28. zenbakia; Asier Sarasolak itzuli eta apailatutako poema bilduma atera zuen 2018an. Urte berean, Xabier Bovedak euskaratutako beste hamabost poema plazaratu zituen Idatz & Mintz aldizkariak, eta idazlearen egunerokoaren hainbat pasarte itzuli zituen Danele Sarriugartek 2014. urtean, Elearazi atarirako.

Kaiola diren txoriak

Naziengandik ihesi Europatik Argentinara aldatu zen judu jatorriko familia batera jaio zen idazlea, Flora Alejandra Pizarnik izenarekin, Buenos Airesko Avellaneda hirian. Gurasoen familiek gerran jasandako sarraskiek eta arroztasun sentipenak markatu zioten haurtzaroa; eta gaztaroa, autoestimu arazoek, haren biografiaren idazle Cristina Piñaren arabera. Gaztetan egin zion uko familiak ezarritako izenari —Piñaren ustez, beste norbait izan nahian, bere ahotsa aldarrikatzeko asmoz—, eta, jada literaturazaletua, Alejandra izena hartu zuen betiko. La última inocencia (1956) liburuko Izen bakarra olerkian gerora berretsiko zuena: «alejandra alejandra / azpian neu nago / alejandra». Bigarren poema bilduma izan zuen hura; lehena, La tierra más lejana (1955), 19 urte baino ez zituela eman zuen.

Filosofia eta Letrak eta Kazetaritza ikastera jo zuen garai hartan, pintura eskolak ere hartu zituen Juan Batlle margolari surrealistarekin, bata bestearen atzetik irakurtzen zituen literatura unibertsaleko idazle handien lanak, eta idazten jarraitzen zuen. Baita depresio eta oinaze aldiak izaten ere. Bere psikoanalistari eskainia da haren poema ezagunenetako bat, Esnaera (Las aventuras perdidas, 1958), beste behin, beldurra eta heriotza aipagai dituena: «Jauna/ Kaiola txori bihurtu da/ eta hegan joan da/ eta bihotza zoratu zait/ uluka ari zaio heriotzari/ eta haizearen atzean irri egiten die/ nire eldarnioei// Zer egin behar dut beldurrarekin/ Zer egin behar dut beldurrarekin [...]».

Oinazea atzean utzi nahian, Parisera joatea erabaki zuen Pizarnikek. Lau urte eman zituen han, 1960tik 1964ra, eta bere bizitzako garairik zoriontsuena izan zela aipatu izan zuen. Itzultzaile jardun zuen —Andre Breton, Marguerite Duras, Antonin Artaud eta beste hainbaten testuak itzuli zituen—, Sorbonan literatura ikasi, zenbait aldizkaritan kolaboratu, eta Julio Cortazar, Octavio Paz eta beste hainbat idazleren lagun egin zen. Parisko aldikoa da, halaber, bere laugarren poema bilduma, adituek haren obrarik garrantzitsuenetakotzat jotzen dutena: Árbol de Diana (1962).

Sorterrira itzuli zenean eman zituen argitara bere azken lanak izango zirenak: Los trabajos y las noches (1965); Extracción de la piedra de locura (1968); eta El infierno musical (1971); baita prosazko bere liburu bakarra ere, La condesa sangrienta (1971). Poeta gisa heldutasuna lortua zuen, baita aintzatespena ere. 1969an Guggenheim beka eman zioten, eta bi urte geroago, Fulbright beka, baina, osasun arazoak zirela eta, uko egin behar izan zion azken horri.

Izan ere, bizi osoan jasan zituen buruko gaitzen zauriak hor segitzen zuen. Psikiatriko batean izan zen, eta, 1972ko irailaren 25ean, bere buruaz beste egin zuen, 36 urterekin. Pizarniken poemetan geratu da haren ahotsa: «Bihar,/ egunsentiarekin jantziko naute errautsez,/ beteko didate ahoa lorez./ Ikasiko dut lo egiten/ horma baten memorian,/ amets egiten duen/ animalia baten arnasan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.