BI AHOTSETARA

Adoretua

Ane Arsuaga
2023ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Martxoan, Verde Prato moduan disko luze bat kaleratu dut, Adoretua izenekoa. Elkarrizketetan, logikoa den bezala, izenburuaz galdetzen didate, ea adorea dudala sentitzen dudan, ea eszenatokian zuzeneko jarrera bati buruz ari naizen, eta bitxia da, baina nahiz eta hala edo hola ihardetsi, ez dut neure burua oso prest ikusten ondo erantzuteko, beste hainbat galderekin gertatzen zaidan bezala.

Eztabaida hau aldi ugaritan aurkitzen dugu arteari buruzko idatzietan. Diskurtsoa versus artea. Kantu baten hitzak versus hitzei buruzko hitzak. Niri zera gertatzen zait: izenburuak pentsatzean, abestiak egitean, ez dudala pentsatzen hartzen ditudan erabakien gaineko arrazoietan; ez dudala, alegia, letra bat idazten, hitz bat aukeratzen eta automatikoki neure buruari galdetzen: «Zergatik egin dut hau? Zer esan nahi dut honekin?».

Gerora, hausnarketa hau diskoaren komunikazio eta promozio-lanetarako egitea beharrezkoa izaten da. Zaila iruditzen zait, ordea, disko bat arrazoitzea, abestiei kalterik egin gabe, edo nolabait lurrekoegiak egin gabe. Ramon Saizarbitoriak, oker ez banago, elkarrizketaren batean zioen, idazle batek edo artista batek esateko duena —baldin eta baldin badu— , bere lanean esanda dagoela, eta ez zuela ulertzenzergatik pentsatzen den horrez gain esateko gehiago daukanik.

Askotan, pentsatzen dut, abestiei buruz gehiago hitz egiteko esaten didatenean, abestiei gehitu ahal dizkiedan hitzak anekdotikoak direla eta neure burua gehiegi biluzten duten hitzak direla, baina zentzu kaskarrean. Azken finean, abestietan ekintza hori ere gertatzen delako hein batean, baina ez horrela; abesti batek autorea eta entzulea ere biluztu ahal dituelako.

Biluztasun horrek, gainera, ez du espezifikoegia izan behar; adibidez, hitzik gabeko abestietan ere gertatzen zaigu. Lehen lurrekoegi hitza erabili dut, horrekin ez dut esan nahi abestiak zerukoak direnik, baina badute espazio berezi bat. Niretzat gertaera soil horiek, azalpenetik at, momentu batez, artearekin, musikarekin izan ditzakegun bizipen garbi horiek, eder egiten gaituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.