Koronabirusa

Azken zazpi egunetan 52 eri eraman dituzte ospitalera

Azken kontaketan, hamahiru izan dira; maiatzaren 15etik ez zen izan horren kopuru handirik. 162 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. Apiril amaieratik, kasu gehien detektatu duten epealdia izan zen iragan astea

Osasun arloko profesional batzuk Gurutzetako erietxean, COVID-19rako prestatuta, artxiboko irudi batean. M. RAMIREZ / FOKU.
Olatz Esteban Ezkati.
2020ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Alarma egoeran, ospitaleak izan ziren arretagune nagusiak. Udan, positiboek bereganatu dute gehienbat arreta hori, baina begirada ospitaleetara itzultzen hasi da: azken orduetan hamahiru pertsona ospitaleratu dituzte Hego Euskal Herrian; maiatzaren 15etik zenbatu den kopururik handiena da. Orduan, hamabost pertsona ospitaleratu zituzten. Udako agerraldietan, ospitaleratze nahiko gutxi izan dira, kasu asko gazteenak izan baitira, eta asintomatikoak. Azken egunetan, ordea, igoera bat nabaritu da: azken zazpi egunetan 52 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte COVID-19 gaitzaren ondorioz, eta bost ZIUan daude. Hildakoak ere eragin zituen gaitzak iragan astean: Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zehaztu du uztailaren 20tik 26rako astean COVID-19aren proban positibo eman zuten bi pertsona hil zirela, eta horietako bat hil zela gaixotasunaren ondorioz.

Hain zuzen ere, ospitaleen egoerak kezkak sortu ditu, datorrenari begira bereziki. ELA sindikatuak Osakidetzari eskatu dio «berehalako» neurriak har ditzala koronabirus kasuen gorakadari aurre egiteko. Sindikatuarentzat, ezinbestekoa da langileen eta pazienteen osasuna bermatuko duten beharrezko neurriak hartzea. Hala, lehen mailako arretako langile guztien oporrak betetzea eskatu du, eta babesteko material nahiko izatea. Bestalde, paziente guztiei PCR proba egitea galdegin dio Osakidetzari, eta baita kutsaturik daudenpazienteekin lan egiten dutenei ere.

Positiboei dagokienez, azken zenbaketetan 162 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. Herrialdeka, positibo gehien Bizkaian izan da berriro ere: 62. Gipuzkoan 46 kasu atzeman dituzte; Nafarroan, 39; Araban, 13. Jaurlaritzak jakinarazi du erkidegotik kanpo bi kasu detektatu dituztela COVID-19 gaitza dela eta.

Azken asteko datuak ere jakinarazi dituzte Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Asteko txostenaren arabera, uztailaren 20tik 26ra 1.456 positibo atzeman zituzten: apiril amaieraz geroztik aste batean atzematen den positibo kopururik handiena da. Halere, PCR proba masibo ugari egin ziren iragan astean hainbat herritan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ia 30.000 proba egin dituzte azken astean, eta, Nafarroan, «minutuero PCR proba bat» egiten da Santos Indurain Osasun kontseilariaren arabera. Azken PCR proba jendetsuak Hernanin egin dituzte (Gipuzkoa). Astelehenean, eraikin bateko zenbait familiak positibo eman zutela jakinarazi zuten udaleko iturriek, eta, ondorioz, testa egin zieten eraikineko bizilagun guztiei. Negatibo eman dute denek.

Neurriak indarrean

Eusko Jaurlaritzak aisialdia mugatzeko pausoa eman du. Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak astelehenean aurreratu zituen aisialdirako zenbait neurri murriztaile, eta atzo sartu ziren indarrean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ostean. Agindu berriak gaueko aisialdiari eragiten dio gehienbat: taberna guztiek 01:30ean itxi beharko dute, eta ezin izango dute goizeko seiak baino lehen ireki. Halere, 02:00ak arte tartea izango dute lokala husteko. Gauerditik aurrera, gainera, mahaietan kontsumitu beharko da. Jendea pilatu daitekeen bestelako ospakizunetan ere eragina izango dute neurriok. Beilatokietan, gehienez ere 60 pertsona bildu ahalko dira, eta edukiera ezingo da %60tik pasatu. Hiletetan ere, gehieneko pertsona kopurua horixe izango da: 60. Gazteen lokalak erabiltzeko debekuak indarrean jarraituko du aurrerantzean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.