Pello Urzelai.
Xabier Arzalluzen heriotza. IRITZIA

Politikaren lilura

2019ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Lehenik, aitorpena. Kazetari gisa markatu nauen politikaria da Xabier Arzalluz Antia. Egunkaria-ren sorrerarekin batera, kazetaritza politikoari ekin nionean, bera zen euskal politikan erreferente nagusietako bat, EAJren EBBko lehendakari gisa. Ezohiko erakarmena zuen, distira berezia eta itzal luzea. Hitzaren maisua izan da beti, esandakoekin, iradokitakoekin zein isildutakoekin. Adierazkortasun handikoa zen, baita keinu eta begiradetan ere. Hitzaren eta informazioaren langileontzat, harrobi amaigabea. Hasierako nolabaiteko lilura horretatik harago, denborak aurrera egin ahala, Xabier Arzalluzen hitzaren balioaz eta esanahi sakonaz jabetuz joan nintzen, itsasargi sendotzat har zitekeena euskal politikaren itsaso mugituan.

Urte batzuk pasatu ziren lehen elkarrizketa egin arte. 1998ko urriaren 22an izan zen, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak baino hiru egun lehenago. Lizarra-Garaziko Akordioaren garaiaren hasiera zen. Une bizi eta zalantzazko haietan, buruzagi zuhurrago bat espero nuen, eta haren mintzoaren argitasunak harritu ninduen. Elkarrizketa horren titularra bereziki esanguratsua iruditzen zait, Xabier Arzalluzen ikuskera ulertzeko: «Ez bagara elkartzen, bakea etorrita, abertzaletasuna beheraka joango da». Batetik, bakearen ametsaren garrantzia. Bestetik, abertzaleen arteko elkarlanaren beharra. Bi ardatz horiek beti izan dira ezinbesteko Xabier Arzalluzen ibilbidean, gorabehera guztien gainetik, Lizarra-Garaziko aroa amaitu ondoren sufrimendu handia pairatu arren.

Hurrengo elkarrizketa Egunkaria-ren itxieraren ondoren eta ondorioz iritsiko zen. Egunero-ren garaian, 2003ko martxoaren 19an. Elkartasun keinutzat hartu nuen elkarrizketa hura. Baina elkarrizketaren mamia Ibarretxe plana deiturikoaren inguruan harilkatu zen. Xabier Arzalluzen ikuskera pragmatikoa nabarmendu zen orduan. «Ez badigute herriari galdetzen uzten, hauteskundeak deitzeko bidea dago». Posible izan daitekeenaren bidea marraztuz, Madrilen proposamenari betoa jartzen bazioten herriarengana joko zela iragartzen ari zen, bi urte geroago gertatuko zen bezala.

Xabier Arzalluzen itzalaren eta erakarmenaren aurrean, kazetariari, bere lana zorrotz egin nahi badu, exijentzia maila handitzen zaio. Dirdirarekin itsutu gabe, errealitate politikoa hobeto ulertzeko gakoak bilatu nahi baditu. Gaur egungo kazetari on batzuek ondo ulertuko dute gogoeta hori. Politika saileko bekadun izan zirenean, Xabier Arzalluzek udaro Donostian ematen zuen prentsaurrekoa kubritzera bidali nituelako, kazetaritzan eta politikan azkar ikasteko modurik hoberena zelakoan. Ziur naiz arrastoa utzi zuela haiengan ere; hamaika galdera erantzuten zituen agerraldi luze haietan.

Azkenik, begirunea. Beti eskertuko diot Xabier Arzalluzi, politikariaren eta kazetariaren arteko harreman horietan, garai eta abagune oso ezberdinak izanik ere, harengandik jasotako begirunea. Harekikoa begi-bistakoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.