Koronabirusa

Aste Santuan txertaketa bizkortuko dute Hegoaldeko erakundeek

Pfizerren eta AstraZenecaren bidalketak baliatuko dituzte. Egunean 5.000 dosi jarri nahi dituzte BECen. Nafarroan, 70 urtetik gorakoekin hasi dira

Txertaketa ugari egin zituzten atzo Casillan, Bilbon. OSCAR MATXIN EDESA / FOKU.
Ion Orzaiz.
2021eko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Azeleragailua zapaldu dute azkenean. COVID-19aren aurkako txertoen dosi gehiago iristen ari direla baliatuta, txertaketa kanpaina bizkortu dute Hego Euskal Herriko administrazioek, eta erritmoari eutsi nahi diote Aste Santuan, tartean jaiegunak dauden arren. Hala iragarri zuten atzo Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko osasun sailburuek.

Espainiako Osasun Sistemaren Lurraldearteko Batzordean parte hartu zuten bi kontseilariek. Bilera horretan, Espainiako Osasun ministro Carolina Dariasek iragarri zuen Espainiako Osasun Ministerioak Oxford-AstraZenecaren txertoaren milioi bat dosi jasoko dituela gaur, eta erkidegoen artean banatuko dituela, bihartik aurrera erabiltzeko. Beste milioi bat txerto jaso zituzten astelehenean [Pfizer etxearenak], eta ministroak azaldu zuen bi bidalketa horiei esker txertaketaren erritmoa «hiru edo lau aldiz bizkorragoa» izanen dela.

Bilera horren ostean, Sagarduik agerraldia egin zuen Eusko Legebiltzarreko Osasun batzordean, eta azaldu zuen beste txertaketa gune bat zabalduko dutela, prozesua arintzeko: BECen (Barakaldo, Bizkaia) ezarriko dute, eta egunean 5.000 dosi jartzeko asmoa iragarri zuen. 65 urte artekoak txertatuko dituzte gune horretan. Sagarduiren esanetan, BEC erabiltzeak aukera emanen du immunizazioaren erronkari erantzun «azkarra eta eraginkorra» emateko. Kontseilariak esan zuen gune berria «laster» izanen dela martxan, baina ez zuen data zehatzik aipatu.

Nafarroan ere beste azpiegitura bat atondu dute txertaketa «masiboari» ekiteko: NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko kiroldegia. Han, 70 eta 79 urte bitartekoei jarriko diete txertoa datozen egunetan. Nafarroako Gobernuaren bide orriaren arabera, «apirilaren bukaerarako edo maiatzaren hasierarako» bi dosiak jarrita izanen dituzte 80 urtetik gorako herritar ia guztiek. Orain arte, 497.868 txerto jarri dituzte Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, eta 145.316 pertsonari jarri dizkiete bi dosiak.

Maskarak eztabaidagai

Gainera, maskaren auzia eztabaidagai izan zuten atzo Espainiako Osasun Sistemaren Lurraldearteko Batzordean. Izan ere, toki ireki guztietan maskarak erabiltzeko betebeharra ezarri du Espainiako Gobernuak. Hondartzetan eta igerilekuetan beharrezkoa izango da maskara eramatea, uretara sartzeko salbu, gainerako denbora guztian, egonean egonda ere. Mendian ere beharrezkoa izango da eramatea. Egoera guztietan izango da beharrezkoa maskara janztea, baita pertsonen artean 1,5 metroko segurtasun tartea dagoenean ere. Atzo sartu zen indarrean legea.

Arauak kalapita sortu du hainbat erkidegotan, batez ere kostako herrialdeetan, eta Darias ministroak iragarri du mahai tekniko bat sortuko dutela, legearen interpretaziorako malgutasuna izateko, eta maskaren erabilerari buruzko neurriak «erkidego guztien artean harmonizatzeko eta adosteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.