Errusiako hauteskundeak. ANALISIA

Irabazi du, baina ez du konbentzitzen

Alex Bustos
2021eko irailaren 21a
00:00
Entzun
PKRF Errusiako Federazioko Alderdi Komunista izan da mende honetako zatirik handienean Errusia Batuaren aliatuetako bat, parlamentuko bigarren eta hirugarren indarra izanik denbora horretan. Baina hauteskunde hauetan testuingurua aldatu da eta alderdiko zenbait buruzagik nahikoa da esan dute. Politikari beterano batek, Valeri Raxkinek, bozetako emaitzen aurka protesta egitera deitu ditu bere jarraitzaileak. PKRFko beste kide batek, Mikhail Lovanovek, abantaila handia zuen bere barrutian urruneko boto zenbaketa datuek Errusia Batuako hautagaiari eserlekua eman zioten arte. Botoen %98 zenbatuta, alderdi ofizialistak botoen %49,79 zituen.

Lovanov izan zen oposizioko kide Aleksei Navalniren Boto Azkarra sistemaren sostengua jaso zutenetako bat.Navalniren aldeko zenbaitek ez zuten gogo handirik PKRFren zerrendetako hautagaien alde bozkatzeko, SESBen garaiko komunisten aurkako iragana zela eta, baina ez zuten jarrera bera partekatzen jarraitzaile guztiek.

Errusiako presidente Vladimir Putinen alderdia ahulduta eta babes nahiko baxuarekin heldu da parlamenturako bozetara (inkesten arabera, %44ko sostengua zuen, eta hori gutxi da alderdiak izan ohi duenarekin alderatuta). Horrek ez dio eragotzi hauteskundeak irabaztea, nahiz eta iruzur salaketa ugari jaso Errusiako osoan. Botoen %98 zenbatuta, botoen %49,79 eroso bat eskuratu dute, nahikoa Duman gehiengo kualifikatua izateko.

Putinen Errusia ohituta dago kutsu liberal eta/edo demokratikoko protestak ikustera, horren adibide dira 2011 edota 2020koak, baina ez da horren ohikoa komunistak ikustea. Eta are ezohikoagoa da kalera irteteko iragarri duten arrazoia: hauteskundeetako emaitza. Deialdia, agintariek baimendu ez dutena, Puxkinskaia plazan izan da, Errusiako hiriburuaren erdigunean.

Bozen aurretik, PKRFko ordezkari batek zioen inolako zalantzarik gabe alderdi komunista zela Errusiako benetako oposizioko alderdi bakarra. Arrangura agertu zen baita ere ekitaldi oro debekatu zirelako, baita duela gutxi arte onartuta zeudenak ere, besteak beste, manifestazioak eta hitzaldiak. «Ez dago argi zertaz ari diren demokraziaz ari direnean, Errusian errepresioa baliatzen dutelako oposizioko indarren aurka», esanez amaitu zuen, nabarmenduz bere alderdia ere oposizioan kokatzen dela.

Urrun geratzen da Putinen arrakastaren une gorena, zeina Krimeako penintsularen legez kanpoko bategitea izan zen. Presidentearen babesari bultzada bat eman zioten eskualde hori «berreskuratu» izanak eta egoera ekonomiko on baten inertziak. Orduz geroztik, egoera ekonomikoak okerrera egin du Mendebaldearen zigorren ondorioz, eta horren ondoren, mundu mailako pandemiaren eraginez. Gainera, prentsa eta politika askatasunek atzeraldi bat jasan dute ordutik, erregimenaren helburua delako botereari eustea eta «koloreetako matxinaden» sugarrak saihestea, horiek baitira Kremlinaren obsesioetako bat. SESBen menpe egon ziren herrialde askotan ikusi dira matxinada horiek, tartean Ukrainan, Georgian, Armenian eta Kirgizistanen. Runeten (errusierazko Internet sarea) sorrerarekin edota oposizioko kideen nahiz prentsa independentearen aurkako jazarpenarekin, herrialdearentzako nahi duen etorkizuna eraikitzen ari da Kremlina, jendetza biltzen duten protestarik eta hauteskundeetako ezusterik gabekoa.

Mendebaldeak Ukrainako manifestazioei emandako babesa tentsio handiko auzia izan da Moskurentzat, zeina beldur den SESBen menpe egondako herrialdeak haren eraginpetik aterako diren edo protesta horiek herrialde osora zabalduko ote diren. EB Europako Batasuna eta AEBek babestu egin dituzte Aleksei Navalni eta bestelako oposizioko kideak. Errusiako iturri ofizialen arabera, gainera, Navalni AEBetako zerbitzu sekretuekin elkarlanean aritua litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.