Valentin Conde. Obrako langilea

«Nire istripua saihestu egin zitekeen»

Metroaren obran izandako istripu baten eraginez, ezker eskua partez mugitu ezinik geratu da Valentin Conde. Segurtasun falta eta istripuak ezkutatzeko asmoa leporatzen dizkio enpresari.

BERRIA.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Zazpi hilabetez aritu zen Valentin Conde (Ponferrada, Espainia, 1973) Donostiako metroa egiteko lanetan, harik eta iazko ekainaren 17an Kontxa azpiko tunelean istripu bat izan zuen arte. ELArekin batera, salatu du obrako segurtasun neurriek gabeziak zituztela, eta enpresa azpikontratatuak istripuak «kamuflatzen» zituela.

Nolako baldintzekin egiten zenuten lan?

Ni Huelvako meategietatik nentorren, erabat desberdina zen sistema batetik, eta metroaren obran iritsi berria nintzenez, ahoa itxita izatea zegokidan. Baina, hasi bezain pronto, gauza arraroak ikusi nituen: egoera txarrean zeuden makineria eta tresneria, elektrizitate kontuak… Ikuskapen falta orokor bat zegoen. Hirugarren mundukoa zirudien.

Nire postuari zegokionez, langileok eskuz maneiatu behar genituen zulagailuen laztaginak. Nik ordura arte lan egindako obra guztietan, makina bakoitzak laztaginei eusteko baraila bat zuen, baina obra horretan eskuz egin behar genuen. Eta ez hori bakarrik. Eskuz maneiatu behar genituen laztagin horiek igeltseroen eskularruekin hartzen genituen, ez genuelako mozketen aurkako eskularrurik.

Eta, baldintza horiekin lanean ari zinela, istripua izan zenuen.

Ekainaren 17an izan zen, Kontxako tunelaren hastiala erori eta egun batzuetara. Hortik ateratzen ari zen ur eta hondar jarioa eteteko, tunelaren frontean kontrahorma bat jarri zuten, eta guri eskatu ziguten hor zulaketa batzuk egiteko, gero hormigoia edo aparra sartzeko. Lehen zuloa amaituta, zulagailuaren laztagina askatzeko eskatu zidaten eta, horretan ari nintzela, makinak berriro jo zuen, eta behatza harrapatu zidan. Ezker eskuko erakuslea lehertu zidan.

Zer gertatu zen ondoren?

Tuneletik autoz atera ninduten, eta egun horretan bertan urgentziazko ebakuntza egin zidaten. Geroztik, ezin izan dut behatza mugitu. Irailean beste ebakuntza bat egin zidaten, eta tarteka azterketa medikoak pasatzen ditut, baina oraindik ezin dut errehabilitazioa hasi, eta beste bi behatz atrofiatuta dauzkat.

Eta hamaika hilabete daramatzazu gaixo baimenarekin.

Hori da. Mutualitatearen bidez kobratzen jarraitzen dut, baina enpresak, irailean, langile guztiak kaleratu gintuen, obra eten zutenean. Geroztik, enpresa ez da nirekin harremanetan jarri.

Istripuaren berri eman zuen?

Niri inork ezer esaten ez zidanez, irailean Eusko Jaurlaritzara deitzea erabaki nuen, nire istripuaren inguruan zer erreferentzia zituzten jakiteko. Erantzun zidaten gertakari arin baten berri izan zutela, behatzean min hartu zuen langile batena, eta nire kasua zen. Baina nirea ez zen gertakari arin bat izan, istripu larri bat baizik. Hamaika hilabete daramatzat gaixo baimenarekin; nola ez da, ba, larria izango?

Sindikatuan azaldu zidaten enpresak hori egiten duela istripu baten berri ematen badu lan ikuskaritzak ikerketa bat abiatzen duelako. Hori saihestu nahi zuten. Baina kontua da metroaren obran nirearen aurretik antzeko beste bi istripu gertatu zirela, eta horien berri ere ez zutela eman. Istripu horien arrazoiak ikertu eta neurriak hartu izan balira, niri ez zitzaidan hau gertatuko. Saihestu egin zitekeen.

Obrara bueltatu ahalko zara?

Ikusteko dago eskua nola geratuko zaidan, baina ziur nago ezingo dudala guztiz mugitu. Ez naiz gai edalontziei eusteko, eta ez dut uste orain arteko lanekin jarraitzeko gai izango naizenik, ez. Auzitegi mediku batek ebatziko du, hemendik denbora batera, ea desgaitasun bat dudan edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.