Hiru herritarretik bi, selekzioak ofizial izatearen alde

Selekzioaren partida apirilaren 11n, Zubietan. PATXI GAZTELUMENDI / FOKU.
2021eko ekainaren 10a
00:00
Entzun

Euskal selekzioen ofizialtasunari buruzko iritziak ere bildu ditu Naziometroaren bigarren inkestak. Euskadiko Futbol Federazioak UEFAn eta FIFAn aurkeztuak dauzka kide izateko eskariak, eta, erantzun duten herritarren iritziz, zazpi herrialdeetako jokalariek osatutako euskal selekzioak nazioarteko txapelketa ofizialak jokatzeko aukera eduki beharko luke (%64k babesten dute aukera hori). Bostetik bat daude horren aurka (%21). Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan du babes handiena aukera horrek, baina ofizialtasunaren aldeko hautua hiru lurraldeetan da nagusi: Nafarroan, %46k babesten dute, eta %34,5 daude kontra, eta Ipar Euskal Herrian, hamarretik seik babesten dute ofizialtasuna: %59,4k.

Euskal selekzioak Frantziakoaren edo Espainiakoaren aurka jokatzeko aukeraren inguruan, berriz, gehien errepikatzen diren erantzunak dira oso ondo (%31,5) edo ondo (%22,6) iruditzen zaiela, eta soilik %16,7ri iruditzen zaie gaizki edo oso gaizki. Edonola ere, %72ren iritziz, jokalariei dagokie erabakitzea zein selekziorekin jokatu nahi duten.

Ondorio bat agerian uzten dute datuok: gauza bat dela sentimendu nazionala eta beste bat kirol arloan estaturik gabeko nazioari ofizialtasuna aitortzeko aukera. Emaitzek adierazten dute selekzioen ofizialtasunari buruzko datuek lotura handiagoa daukatela erabakitzeko eskubidea ulertzeko moduarekin identitate aldagai batekin baino.

Izan ere, sentimendu nazionalaz galdetuta, erantzun duten herritarren artean gehien errepikatzen den erantzuna da euskal herritar eta frantziar edo espainiar sentitzen direla (%26,3). Bigarren aukera nagusia da soilik euskal herritar sentitzen direnen multzoa (%23,6).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.