Albistea entzun

Deltako zubiaren bidesaria

Txinako Gobernuak plan handinahi bat du Perla ibaiaren deltako hirien arteko harremanak sakontzeko. Egitasmoak zatiketa eragin du Hong Kongen, aukera baliatu nahi dutenen eta mesfidantza erakutsi dutenen artean.
Perla ibaiaren deltako zubia, munduko luzeena, 55 kilometrokoa. Hong Kong lotzen du Macaorekin eta Zhuhairekin.
Perla ibaiaren deltako zubia, munduko luzeena, 55 kilometrokoa. Hong Kong lotzen du Macaorekin eta Zhuhairekin. ZIGOR ALDAMA Tamaina handiagoan ikusi

Zigor Aldama -

2019ko azaroak 27 - Zhuhai

«Zer-nolako iraultza da herritarren bizi maila apaltzea proposatzen duena eta ez handitzea?». Aho bizarrik gabe mintzatu da Junius Ho, manifestatzaile antikomunistek gehien gorroto duten diputatu txinazalea. «Bada denbora bat hiria pisua galtzen ari dela herrialdearen [Txinaren] ekonomian. Orain, protestek bizkortu egingo dute gainbehera hori. Aldi berean, mugaren beste aldean, Txina kontinentalean, Shenzhen, Zhuhai eta beste hiri batzuk etenik gabe ari dira hazten; Shenzhenek dagoeneko BPG handiagoa du Hong Kongek baino. Eta ez dira gure zain geratuko», esan zion Hok BERRIAren berriemaileari, joan den igandeko hauteskundeetarako kanpainan zegoela. Egun batzuk geroago, gizon batek labanaz egin zion eraso, baina ez zion zauri larririk eragin. Igandeko hauteskundeetan, zinegotzi kargua galdu zuen.

Pragmatismoaren bandera haizatzen du Hok, eta ekonomiari lehentasuna ematen dio arlo politikoaren gainetik. Haren argudioa da Hong Kongek bere egin behar duela Badiaren Eskualdearen proiektua. Horrela izendatu du Txinako Gobernuak Perla ibaiaren deltarako garatu duen estrategia. Helburua da deltan dauden estatus bereziko bi kolonia ohiak —Hong Kong eta Macao— Guangdong probintziako bederatzi hiri nagusiekin integratzea. 70 milioi biztanleko hirigune erraldoi bat sortuko lukete, eta apustu indartsua egin beharko lukete berrikuntza, teknologia berriak, finantza zerbitzuak eta aisialdirako industria garatzeko.

Perla ibaiaren badian biltzen dira Txinako esportazioen %37 eta barne produktu gordinaren %12. Indargune handiak ditu: Macao zorizko jokoen munduko hiriburua da —Las Vegasek baino diru gehiago mugitzen du—, eta aisialdirako industria handia du. Hong Kong, berriz, Asiako finantza zentro nagusia da, eta Guangdong planetako industria eremu handienetako bat da.

Zubiak eta trenak

Pekinek 2017. urtean onartutako planak ziurtatu du hiri horien arteko elkarlan estuagoak garapen ekonomikoa bizkortuko lukeela eta herritarren bizi maila handituko. Horregatik, hasieran, Hong Kongek ez zuen zalantzarik izan trena hartzeko, literalki hartu ere, hiria abiadura handiko tren berri batek lotzen baitu orain eskualdeko hiriburuarekin, Guangzhourekin —hamahiru milioi biztanleko metropoli bat da, europarrek Canton bataiatutakoa—.

Harreman sare berrien ikur nagusia zubi faraoniko bat da, Hong Kong lotzen duena Perla ibaiaren deltaren beste aldean dauden hiriekin, Macaorekin eta Zhuhairekin. 55 kilometro luze da, eta itsasoaren gainean gizakiak inoiz egindako ingeniaritza lanik handiena. Iaz inauguratu zuten, hiru hirien arteko pertsonen eta salgaien garraioa arintzeko.

Egia da, ordea, zubiak ez dituela bete Pekinek harengan jarritako itxaropenak. Hong Kongeko demografian izan zitzakeen eraginek estreinatzea atzeratu zuten, eta uste baino gutxiago erabiltzen dela onartu du haren kudeatzaileak, Li Jiangek. Oraingoz, baimen berezia duten auto apurrek ez ezik, kamioiek eta autobusek baizik ez dute erabiltzen, eta azken horien trafikoa amildu egin da protestak hasi zirenetik.

Antzeko zerbait gertatzen da abiadura handiko trenarekin. Hong Kongen, mesfidantza handiarekin ikusten dute haren geltoki erraldoia, Txinako immigrazio agentez josita dagoelako, eta manifestarien jomugan izan da horregatik.

Kontinenteko agintarien presentzia begi txarrez hartu ohi dute uste dutenek integrazio ekonomiko handiagoa arriskutsua dela Hong Kongentzat. Integrazio horrek epemuga bat duela ere badakite, Txinak Erresuma Batu- arekin hitzartutako «herrialde bat, bi sistema» eredua 2047. urtean amaitzekoa baita. «Txinazaleek diotenaren aurka, geure helburu gailena ez da hiriaren ekonomia suntsitzea, nahiz eta estrategia gisa erabiltzen dugun gobernuari presioa egiteko. Kontua da Pekinek uste duela dirua eskain diezagukeela askatasunen truke», salatu du Stella Chen ikasleak, Hong Kongeko Unibertsitate Baptistako manifestariak. «Badiaren eskualdearen plana horren adibide bat da».

Protestak protesta, Hong Kongekin ala Hong Kong gabe, deltako proiektua aurrera egiten ari da. Horren adibide bat ikusten da Hengqin uhartean, Zhuhai hirian. 106 metro koadroko eremu horretan, Macaotik 187 metro eskasera gertuenen dagoen lekuan, Hong Kong potentzia bat bilakatu duten armak zabaltzen ari dira. Kolonia ohi horrek oso zerga txikiak ditu, eta Hengqinek, berriz, merkataritza libreko eremua; Hong Kongek nazioarteko inbertsio saldoa jasotzen du, baina Hengqinen jada 55.000 enpresa kokatu dira. Lehia beste eremu batzuetara ere hedatu da: Hong Kongen Disneylandi itzala egiten dion jolas parke erraldoia eraiki du Chimelong enpresak, eta munduko akuario handienetan handiena jarri du han.

«Aduana 24 orduz dugu zabalik; Macaoko matrikulako autoak aske ibil daitezke Hengqinen; garraio publikoaren sistemak Macaokoekin bateratu ditugu; eta, urte bukaeran indarrean jarriko den politika berriarekin, are askeagoa izango da pertsonen eta salgaien garraioa», ziurtatu du Yang Chuanek, Hengqineko Merkataritza Askeko Eremuko zuzendariak. «Gainera, atzerriko enpresei erraztasunak ematen dizkiegu hona etor daitezen».

Gainera, Zhuhai hiriaren menpeko hiriak badu Hong Kongen jada ia desagertu den zerbait: manufaktura industria. «Geure helburua da teknologia handiko enpresak ugaritzea, eta, horretarako, %15eraino txikitu diegu sozietate zerga. Argindar hornidura ere hobetu dugu, eta munduko hamar onenen artean dago», esan du Yangek. Hitz horiekin erakutsi nahi du iraganekoa dela Txinan sartzeko biderik errazena Hong Kong zen garaia. «Berez, Hong Kongeko enpresa asko hemen kokatu dira».

Shenzheni Txinako Silicon Valley esaten diote, Interneteko enpresa gehienak han kokatu direlako. Zhuhaik, berriz, botikagintzaren eta etxetresnen aldeko apustua egin du. Esaterako, han du egoitza Gree-k, aire egokituen eta zentral nuklearretarako hozte sistemen egileak; baita By-Health enpresak ere, elikadura osagarrien ekoizlerik handienak.

«Argi dagoena da Txina bizkorrago garatzen ari dela Hong Kong baino, eta baldintza egokiagoak jartzen ari dela enpresak han koka daitezen. Baina zaila izango du finantza sektorea kentzea. Zuzenbide estatua oraindik errespetatu egiten da, eta hori funtsezkoa da konfiantza sortzeko. Ikusiko dugu zer gertatzen den auzitegien independentzia desagertzen bada, jada auzitan baitago», azaldu du Euskal Herriko enpresaburu batek —izena ez ematea erabaki du—.

Macao ez da Hong Kong

Hong Kongek ez bezala, Macaok besoak zabaldu dizkio Badiaren proiektuari. Hango unibertsitateak campus bat jarri du Hengqinen, jatorrikoa baino askoz handiagoa. Hesi batek eta ibai artifizial batek banantzen du Zhuhaitik, eta hara sartzeko bide bakarra dago: Macaotik barrena. Aurten hogei urte dira Portugalek kolonia Txinari itzuli zionetik, eta Badiaren Eskualdearen proiektua aukera gisa ikusten du, Txinarako sarrera naturala izan dadin portugesez mintzo diren herrialdeentzat.

Hong Kongekoaren antzeko sistema politiko-ekonomikoa du Macaok, baina hiriko 700.000 biztanleek ez dute ia protestatik egin. Batzuen arabera, horretarako arrazoi nagusia da Macaok menpekotasun handiagoa duela Txinarekiko, handik iritsitako turistek betetzen dituztelako bere kasinoetako kutxak. Baina Hong Kongek ere badu menpekotasuna: uharteari kontinentetik datorkio kontsumitzen duen uraren %70-80, argindarraren %16, barazki gehienak, eta edaten duen tea eta kafea ere bai.

Baliabide horiek arma indartsuak dira Pekinentzat. Horregatik, gobernuaren aldeko indarrek harreman adiskidetsuak izan nahi dituzte Txinako Alderdi Komunistarekin. Ez dirudi, ordea, mezu horrek arrakasta handia izan duenik kolonia ohiko herritarren artean: txinazaleek porrot handia jasan zuten igandeko hauteskundeetan.

Chan Mo-po Hong Kongeko Finantza arduradunak ohartarazi du hiriak atzeraldia izango duela aurten, 1997ko finantza krisiak eragindakoa baino handiagoa. Orduan, Txinaren indarra aprobetxatu zuen Hong Kongek atzeraldiaren kalteak arintzeko. Baina den-denak ez dira hain ezkorrak. Alibabak Hong Kongen aldeko apustua berretsi du, eta atzo hango finantza merkatuan burtsaratu zen.

Independentziaren aldekoek, berriz, uste dute hiriak baliabideak nahikoa duela aurrera egiteko, eta Taiwanekin harremanak sakontzeko eskatu dute. «Inork ez du esan askatasuna doan denik», onartu du Chenek.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bizkaiko metala epeldu dute 2026ra arte

Bizkaiko metala epeldu dute 2026ra arte

Imanol Magro Eizmendi

Bizkaiko metalgintzako sindikatuen gehiengoak eta FVEMek lan itun berria sinatu dute. Lan Sailak akordiora batzeko esan dio ELAri. LABek eskatu du grebalarien aurkako salaketak indargabetzeko

Bittor San Millan Ondarroako Antiguako Ama Itsas Arrantzale Eskolako zuzendaria. ©Jon Urbe / Foku

«Itsasoko lan gogorra gogoko duten gazteak topatzea da erronka»

Ibai Maruri Bilbao - Bizkaiko Hitza

Ondarroako Antiguako Ama itsas arrantzako eskolak egoitza berria du. Erdi mailako gradu berri bat eskaintzeko aukera eman die horrek, eta simulatzaileak erabiltzen hasi dira, Bittor San Millanek azaldu duenez.

Luiz Inacio da Silva <em>Lula</em> Brasilgo presidentea eta Alberto Fernandez Argentinako presidentea Buenos Airesen. ©EFE

'Sur': diru komun berria Hego Amerikan

Iñaut Matauko Rada

Brasilek eta Argentinak, Hego Amerikako ekonomiarik indartsuenek, diru komun berri bat sortzeko bidea hasi dute aurten. Nahiz eta nazioarteko merkataritzan bakarrik erabiliko litzatekeen, galdera asko sortzen hasi dira gaiaren inguruan, Argentinaren egoera ekonomiko eta finantzario makalagatik batez ere.

Adegiko ordezkariak, gaurko prentsaurrekoan. ©FOKU

Lehengaien eta energiaren prezio handiak dira Gipuzkoako enpresen kezka nagusi

Iñaut Matauko Rada

2023an Gipuzkoako ekonomia %0,5 eta %2 artean handituko dela aurreikusten du Adegik. Enpleguaren inguruko datuak pandemiaren aurrekoak baino hobeak direla gehitu dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.