Ane Pescador.
Koronabirusa. OSASUNA PENTSALDIAN

Utopia

2021eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Pandemiaren hedapenaren kontra erabiltzen diren babes materialei dagokienez, osasungintzako alor askotan kexak egon dira haien gabeziarengatik. Baliabideen kudeaketa zuzena eta material eskasia. Hori da martxotik ona ia urtea betetzera doan denbora epean entzun duguna, behin baino gehiagotan.

Denborak aurrera egin du, eta lan arlo desberdinetan neurri zorrotzak hartu dituzte kutsadurak ekiditeko, FFP2 maskarak erabilarazten, edota PCR probak maiz egiten, besteak beste. Baina osasungintzan ez dugu berdin bizi izan, ez denok behintzat. Maskara kirurgikoekin egiten dugu lan askok eta askok, PCR probak egiterakoan ez beste, horietarako ditugu FFP2 maskarak. Eta hori logika baten barruan ulerkorra izan litekeen arren, logikak errealitatearekin zerikusi gutxi dauka. Izan ere, erietxeetako unitate gehienak COVIDaren zaintzarako erabiltzen ez diren arren,ospitaleratzeak egin aurretik gaixoei PCR probak egiten zaizkien arren, eta hamaika protokolo abian dauden arren, ospitaleetan jendea joan-etorrian dabilela gogoratu behar dugu, bai langileak eta baita gaixoen laguntzaileak ere. Beraz, ez, ez gaude birusa erietxeetara sartzetik salbu.

Gaixoek une oro musukoa eraman beharko lukete, baina, hori ere ez da gertatzen. Gaixo bakoitzaren errealitate eta beharrak oso desberdinak direlako gaitzaren arabera. Arnasestuka dabilen gaixoari itolarria eta antsietatea sortzen dizkiolako, oxigeno-terapiarako gailu desberdinekin bateraezinak direlako, dementzia zein agitazioaduten pertsonei musukoaren garrantziaz ohartaraztea zaila delako, zenbait pertsonak dutxarako laguntza behar dutelako... Hamaika dira maskararik erabiltzen ez diren egoerak. Hori dela eta, langileek unitate askotan eskatu dituzte FFP2 maskarak.

Aurrez esan bezala, langileok ere sar dezakegu birusa erietxeetan. Sintomarik gabeko pertsonak izan gaitezkeelako eta badirelako PCR-rik eduki ez duten langileak, edota bakarra eduki dutenak pandemiaren hasieran.

Argi dago COVID unitateetan lan egiten duten pertsonek behar dituztela baliabideen horniketarik handienak, eta zoritxarrez beti ezin izan dituzte eduki. Osasungintzan jarduten garen pertsonen utopia izan daiteke akaso, baina, ez kutsatzeko zaintzen garen bezalaxe, guk ere zainduak izan nahi dugu. Eguneroko jardunean ditugun pertsonak egoki zaintzeko. Eta posible dela, geure etxeetako pertsonak salbu edukitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.