ana galarraga aiestaran
ARGI ALDIAN

Aroeirako gizakia, berdina eta berezia

2017ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Aroeirako haitzuloan (Portugal) 400.000 urte inguruko garezur bat aurkitu dute. Lisboako Unibertsitateko arkeologoek zuzendutako nazioarteko talde batek berreskuratu eta aztertu du garezurra, eta, adierazi dutenez, Europan mendebaldeen aurkitutako atxeliar kulturako fosil zaharrena da. Izan ere, garezurraren inguruan aztarna asko daude, tartean, atxeliar kulturako harrizko tresnak eta animalia hezurrak.

Arkeologoak 1987tik ari dira lanean Aroeirako aztarnategian. Garai askotako fosilak aurkitu izan dituzte, tartean hortz pare bat, eta, 2014an, arrokan sartuta, garezur bat aurkitu zuten. Ordutik aztertzen aritu dira, eta orain argitaratu dituzte, PNAS aldizkarian.

Artikuluan zehaztu dutenez, 390-436 mila urte dituela kalkulatu dute, uranio/torioaren teknika erabilita. Hortaz, Erdi Pleistozenoan kokatu dute; arkeologoen arabera, Europako giza eboluzioa ulertzeko garai interesgarrienetakoa da hori, bat egiten baitute neandertal zaharrenen fosilek eta atxeliar kulturako tresnek.

Atxeliar kultura Afrikan sortu zen duela milioi bat urte. Europan, berriz, ez dago kultura horretako tresnen arrastorik duela 500.000 urtera arte. Horregatik da hain garrantzitsua garai hartako tresnak eta giza fosilak leku berean agertu izana. Aroeirako kasuan, hain mendebaldean agertzeak esanahi berezia du ikertzaileentzat: haien ustez, horrek agerian uzten du kultura hori azkar hedatu zela Europan. Gainera, harrizko tresnak ez ezik, animalia-hezurrak ere aurkitu dituzte, eta haietako batzuk erreta daude. Hortik ondorioztatu dute sua menderatzen zutela.

Atxeliar kulturako tresnak eta suaren erabileraren aztarnak garai horretako beste aztarnategi batzuetan ere agertu izan dira, adibidez, Atapuercan. Garezurraren azterketak, ordea, erakutsi du Aroeirako gizaki hura ez zela Atapuercakoaren berdin-berdina. Zehaztu dutenez, orbiten gaineko arkuak elkartuak ditu, neandertal zaharrenek bezala. Adibidez, Atapuercan, Dolina Handia aztarnategiko banako batek ere halaxe zituen. Aldiz, garai bereko beste aztarnategi batzuetako garezurrek bereiziak dituzte.

Garezurraren beste ezaugarri guztiak ere horrela azaldu dituzte artikuluan: nolakoak diren deskribatu, eta beste fosil batzuekin alderatu, ez bakarrik garai berekoekin, baita Homo erectus-arekin ere, esaterako. Eta ondorio honetara iritsi dira: Erdi Pleistozenoan morfologikoki desberdinagoak ziren beren artean, gaur egun gure artean baino. Baina, aldi berean, kultura azkar hedatzen zen kontinentean zehar. Horregatik da hain interesgarria Aroeirako fosila; eboluzioaren garai hura ulertzen laguntzen duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.