Etxerako itzulera koreografiatua

Mikel Laboaren 'Txoria txori' kantutik abiatuta sortutako izen bereko erakusketa zabaldu dute Donostian. Dantza, argazkia eta ikus-entzunezkoa uztartzen ditu

Iker Murillo eta Vitali Safronkine dantzariak dira ikus-entzunezko piezako eta argazkietako protagonistak. JON URBE / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2021eko urriaren 6a
00:00
Entzun

Dantzari karrera egiteko nahiak atzerrira eraman zuen Iker Murillo. Etxetik kanpo urteak eman zituen, eta nazioarteko oholtzetan urratsez urrats osatu zuen ibilbidea. Etxera, Pasaiara (Gipuzkoa) bueltatu zen gero, eta itzulerako bidaia hori koreografia bihurtu du orain Vitali Safronkine dantzariak, Txoria txori kantua oinarri hartuta. Mikel Laboaren abestiaren izena daraman erakusketan, Murillo eta Safronkine, biak ikus daitezke dantzan, Inge Mendiorozek zuzendutako ikus-entzunezko piezan eta Nagore Legarretak ateratako argazkietan. Mikel Laboa Katedrak sustatu du proiektua, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, eta Donostian jarri dute ikusgai, EHUko Carlos Santamaria zentroaren Txillardegi aretoan, urriaren 14ra bitarte. Sarrera irekia da.

Aretora sartzean, Joxean Artzeren hitz eta Laboaren doinu ezagunek egiten diote harrera bisitariari. Bi aldeetako horma luzeetan zintzilikatu dituzte Legarretaren argazkiak, dozena bat irudi txikik eta tamaina handiagoko zortzi inguruk osatutako sorta. Amaieran dagoen horman, berriz, ikus-entzunezko pieza ageri da proiektatuta. Eta irudi horietan guztietan, bi dantzariak, biraka, jauzika, lurrean, baso batean dantzan, itsasoari begira dagoen eraikin batean bestela, eskailera kiribil baten bueltan beste batean. Dantzariek horietan daramatzaten jantziak ere jarri dituzte aretoan; zintzilik horiek ere, mugimenduan egongo balira bezala. Beltzak eta gardenak dira batzuk, eta hego parea gogora ekar dezaketen hari zuriz egindako pieza bat ere bada; Ramon Garcia Zabalegik proiekturako diseinatu ditu denak.

Konfinamendu garaian jaio zen ideia, Murillok gogora ekarri duenez. Egunen batean Safronkinerekin eta Txoria txori kantuarekin zerbait sortu nahiko lukeela aipatu zuen egunkari batean egin zioten elkarrizketan. Eta aipamen horretatik halako proiektu zabal bat sortu izanarekin pozik agertu zen. «Ohorea» izan da harentzat parte hartzeko aukera izatea. Baita Safronkinerentzat ere. Hamar urte daramatza hark koreografiak sortzen, eta kantutik abiatuta, Murilloren bizi esperientzia islatu nahi izan zuen pieza berrian. Oso gazterik «erroak, herria eta lagunak» utzi, eta atzerrira joan zen dantzariarena, «txori handi bat, dantzari berezi bat» bilakatzeko. Eta konpainia eta agertoki nabarmenekin lan egin ondotik, etxera itzuli zena. «Hori erakutsi nahi nuen koreografiarekin».

Mendiorozek «opari» gisa hartu zuen ikus-entzunezkoa zuzentzeko proposamena. Hastapenetan, Ez Dok Amairuren inguruko bideo pieza txikiak ikusi zituen, eta argazkia ere sartu nahi zuela bururatu zitzaion. Hala, Legarretarekin jarri zen harremanetan, eta Haritz Arrizabala argazki zuzendariarekin osatu zuten taldea. Leitzarango basoetan ez ezik, Donostiako Akelarre hotelean ere filmatu zituzten irudiak, zerua eta itsasoa ikusten ziren leku bat bilatzen zuelako zuzendariak. Baina gauza gehiago ere topatu zituzten bertan, esaterako, Oteizaren lana gogora ekartzen zuen estetika bat, eta bidaiaren ideia irudika zezakeen eskailera kiribila. «Zorte handia izan genuen proposamena onartu zutelako. Egun ederra izan zen, etxean bezala egon ginen». Bideo piezaz gain, zerbait zabalagoa sortu zitekeela erabaki zuten, eta diziplinarteko prozesuak erakusketa forma hartu zuen azkenean.

Prozesu horretan hartu zituen irudiak Legarretak. «Egia esan, ez da lan zaila izan irudi ederrak egitea: Ramonen jantziak, bi dantzari zoragarri hauen gorputz mugimenduak... Eta niretzat, proiektu honen atzean dagoen narratiba da interesgarria: etxera libre bueltatzearen ideia». Une bateko emozio eta xehetasunei ispilu bat jartzen saiatu da sortzailea.

Erakusketa Laboaren abestiari eginiko omenaldia da, eta diziplina ezberdinetako sortzaileek haren bueltan egindako lana ez ezik, prozesuan erakutsitako inplikazioa txalotu du Jone Miren Hernandez katedrako zuzendariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.