Baionako bestak

90. urtea besta giroan

Iruñeko sanferminetan ibiltzeko ohitura zuen lagun talde batek abiatu zituen Baionako festak, orain dela 90 urte. Bi urteko etenaren ondotik, gaur itzuliko dira. Herriko Etxeak erakusketa bat abiatu du, besten bilakaera erakusteko.

1972ko besten hasierako ekitaldia, Herriko Etxeko balkoian. Eskuin, Johnny Hallyday kantari famatua. Berak bota zituen herriko giltzak.
  BERRIA.
Iñaki Etxeleku.
Baiona
2022ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Gaur hasiko dira Baionako bestak, COVID-19aren pandemiaren ondorioz, bi urteko etenaldia izan ondotik. Horrek berezi eginen ditu bestak, baina ez da arrazoi bakarra izanen: Lapurdiko hiriburuko besten 90. urteurrena izanen da aurtengoa. Baionako Herriko Etxeak erakusketa bat antolatu du urtebetetzearekin, herriko etxe aitzinean altxatu zutabe batzuetan artxiboko irudi franko ikusten ahal baitira. Baita lehen urte hartakoak ere. Aldaketak izan dituzte bestek historian, baita adierazpen mota orotarik ere.

1936ko uztailaren 13an hasi zituzten, ofizialki, lehen aldikoz Baionako bestak. Herriko Etxearen kontakizunak hala dio: «Iruñeko sanferminetan ibiltzeko usaia zuen lagun talde batek —Aviron Bayonnais errugbi taldeko jokalariak zirenak—, izpiritu bereko besten antolatzea pentsatu zuten». Besta batzorde bat sortu omen zuten, Benjamin Gomez zuela buru. «Joseph Garat orduko auzapezaren herriko kontseiluak baimena eman zion» ideiari.

Egitarau bat ere aipatzen du kontakizunak: «Euskal egun handi bat musikarekin goizetik, karrikaldiak, kontzertuak, pilota partidak, baina, oroz gainetik, behi lasterketak Baiona ttipian». Auto lorestatuen corso delakoa egin zuten, bestalde, lehen urte hartarik. Benjamin Gomezek berak asmatu ziganteak ere atera zituzten.

Aitzinetik, «Besta Batzordeak eta herriko kontseiluak ikaragarriko komunikazio lana» egin omen zuten besten berri jakinarazteko: «Auto karabanak, Paueko [Okzitania] hegaldi zentroko hegazkinak afixa eta eskuorriz bete zituzten eskualde guzian, besten berri zabaltzeko». Kausitu zuketeen, orduko Le Courrier de Bayonne kazetak hala kontatu baitzuen besten ondotik: «Ezin kontatuzko alimaleko jendaldea etorri zen inguruko herrietarik gertakari desberdinetan parte hartzeko. Tren, auto, autobusek milaka eta milaka jende utzi zituzten gure plaza eta karriketan».

Gertakari ohargarrietan, kazeta berak Baionako harmoniaren emanaldia, Okzitania Tolosatik jin txirrindola lasterketa eta Wig Bill soka dantzariaren balentriak azpimarratu zituen. Wig Bill horrek, iduriz, «bi aldiz Errobia zeharkatu zuen Reduit plazatik Askatasun plazara soka baten gainean».

'Eskualduna'-ren kronika

Ez zen lehen bestez aritu zen kazeta bakarra izan. Besten ondoko asteko orduko Eskualduna kazetak ere egin zuen kronika. Domingo Soubelet apez hazpandarrak zuzentzen zuen garaian, besteak beste, Petain Marechale Frantziaren aintzindaria, Philippe Petainen ohoretan, haren biziari buruzko liburua idatzi zuena, 1941ean. Eskualduna-k egunka egin zuen izenpetua ez zen bere kronika. «Ortzegunetik igande arrats arte jin da nonahitik jendea, ederki; sosa xuhur delako estakuruak lotsatu gabe» zioen kronikariak. «Aroak du guthi lagundu phesta. Halere, arratsaldeak onak joan dire hain batez». Herriko etxearen kontakizunak ere aipatzen du aro txarra.

Bizikleta lasterketa aipu du euskal kazetak: «Bazen ba pirripita laster prima Tolosatik Baionarat heldu zela arratsald'erditan. Eta zer mundua Santispiritan heien jiteari beha». Ortziraleko eguna kontatu zuen, gero: «Ortziralean Eskualdunen aldi zen. Mugaz hainditik jin dire 160 txistulari beren xirulekin, bonet gorriak buruan. Espainiako portale ezkinan egin diote ongi ethorri hiriko buruzagiek». Hortik, herriko etxera joan zirela. «Eskualdun aire emaiten arizanik herriko etxeko aitzinean, joan dire denak musikan Musee basque deitu etxerat. Edari goxo batez han barnea phizturik, karriketan itzuli bat eginez bethi musikan joan dire Place d'Armesko atherberat eta arizan, oren bat ondo arte, eskualdun aire emaiten. Azkenik, berak buru hasturik eta behariak ere berdin, Gernikako Arbola». Ez zen horretan gelditu Hego Euskal Herriko musikari eta dantzarien gomiten itzulia. «Ez dire ixilik egon arratsaldean ere, meriako theatrian. Ezpata dantza eta holako batzu ere eman dituzte, behariak xoratuak baitzauden. Dantzariez aiphatzeaz, dezagun erran athharraztar dantzari multxo batek ere izan duela behari eta esku zarta hiru egunez».

Baionako ziganteak aipatzen ditu, gero, «itzul eta jauzi eta dantza athera baitire hiru egunez. Mañaña eta Mari Ttipi eta holako izen batzu zaizkoten emanak». Vig-Bill soka dantzariaren hari gaineko trebeziak aipatzen Eskualduna-k ere.

Larunbateko saltegien merkealdia edo «Botigako puska zaharren saltzeko eguna» kontatzen du segidan; Victor Hugo, Salie eta Gambetta karrikak izendatuz. «Karrika guzia bethia zaukaten, oihuka, garraxiaka, bakotxak bere saltzekoen eskaintzen, zoinek solasa ederrago sinetsarazteko kasik kitorik zituztela denak». Autoen primakaz ari da, bestalde. «Beribil lorestatuen prima» eta «ez dakit zer Miss» hautatu behar zutela «behariek».

Larunbat gaueko Baiona ttipiko karriketan egin «behi lasterra edo kursa» dator ondotik. «Irri frango egin omen dute hemen ere. Irririk etzuen, zolatik gaineraino galtzak adar ukhaldiaz urraturik joan denak bixtatik. Neska gazte batek izan du kolpe bat kopetan; gerokorik ez».

Bilakaera

Mende batez kasik, aldatu dira bestak. Aise jende gutiagorekin, eta guziz herrikoiak egon ziren 1980ko hamarkadara arte. Hiri jantziz eta portuko langileen urdin koloreko arropetan heldu ziren bestara ordura arte. Gauazko besta haiek joka partiden giro beroko famatu atxiki dute.

1990eko hamarkadan gertatu zen aldaketa, jantzi zuria sarrarazi nahi izan baitzuten batzuek. Henri Lauque gaur egungo Baionako besta batzordeko buruak aldaketa hori du azpimarratzen bilakaeran. 90. urtemugarako Herriko Etxe aitzinean muntatu duten artxiboko argazki erakusketan ageri dela dio, eta «jantzi urdinetik —eta lehenago, hiriko jantzia—, jantzi zurira iragatea» dela gehien markatu duena. «Beste itxura bat eman die gure bestei. Edukiaren hobetzearekin batera joan zen bilakaera izan da».

Gatazka politikoaren lekuko eta aldarrikapenen gune bilakatu ziren Baionako bestak 1980ko hamarkadan. 1979. urtean, agorrilaren 3an, Batallon Vasco Españolek Juan Jose Lopetegi Carrasco Pantu euskal errefuxiatua hil zuen, Angelun. Baionako bestak zirela, Poliziak inguruko bide guziak moztu zituen. Ekaitz Etxamendi BERRIAko kazetariak duela bi urte egin artikuluan, momentu bereko beste gertakari bat kontatu zuen. Seaskak Bordele (Okzitania) eta Donostia arteko zangobaloi partida antolatu zuen, baina Frantziako agintariek debekatu zioten. Erabakia salatzeko manifestaldia antolatu zuten ikastolek, eta kalapitak piztu ziren. «Ostatuak hustu ziren, negar gasengatik» oroitu zuen Etxamendik, Sud Ouest egunkariaren orduko aipu bat gehituz: «Manifestariak harri, botila, molotov koktel eta habailekin bost orduz, pausarik gabe» aritu ziren karriketan.

Patxa mugimenduak 1987an Patxoki ireki zuen garaia ere gogoratu zuen, Patxako Jano Forcaden lekukotasunarekin: «Presoen aldeko manifestazio bat antolatzen genuen besten asteazken guziz. GAL garaiaren bukaera zen, eta Frantziako eskuinak gobernua lortu zuen. [Charles] Pasqua Frantziako ministroak estradizioak hasi zituen. Errepresioa eta torturaren aurka, Baiona Errepresioaren Kontra taldea sortu genuen». Besten giroa baliatzen zuten, bestalde, Bourgneuf karrikan eraikin bat okupatzeko. Euskal presoen aldeko bazkariak ordutik gaur arte iraun du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.