Donostiako 67. Zinemaldia. Sail Ofiziala. Aitor Arregi, Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño. Zinemagileak

«Ez dago beldurra baino gauza zabalduagorik»

'Handia'-ren egileek 'La trinchera infinita' aurkeztuko dute gaur, Sail Ofizialean; 1936an jazarpenaren beldurrez ezkutatu eta 33 urtez etxetik aterako ez den 'sator' bat du protagonista.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
mikel lizarralde
Donostia
2019ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Asteartea da. Zinemaldia hasteko hiru egun besterik ez dira falta, eta Irusoin ekoiztetxeak Donostian dituen bulegoetan urduritasun positibo bat nabaritzen da. Han ari dira ematen elkarrizketak Aitor Arregi (Oñati, Gipuzkoa, 1977), Jon Garaño (Astigarraga, Gipuzkoa, 1974) eta Jose Mari Goenaga (Ordizia, Gipuzkoa, 1976), ia atsedenik gabe. Loreak eta Handia Zinemaldian aurkeztu eta jaialditik indartuta atera ostean, badakite ikusmina piztu duela aurten lehian erakutsiko duten filmak, La trinchera infinita-k. Garaño: «Ilusioarekin gaude. Orain arte, Loreak eta Handia-rekin, ondo joan da, baina sekula ez dakizu hurrengoa nola joango den. Horrek eragiten digu urduritasuna».

Loreak 2014ko Zinemaldian lehiatu zen, eta, epaimahaiaren aitortzarik jaso ez arren oso indartuta atera zen bertatik, izandako harrera onari esker. Handia-k, berriz, Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zuen hiru urte geroago, eta Moriarti etxeko zinemagileen estatusa berresteko balio izan zuen. Alde horretatik, oraingoan lasaiago dago Goenaga: «Behin bi film aurkeztu eta gero, zeure buruari esaten diozu: 'Denok daukagu hanka sartzeko eskubidea!'. Ondo ateratzen ez bada ere, ibilbide baten barruan kokatu beharreko filma izango da».

Aurten La trinchera infinita-rekin datoz Zinemaldira, euren lan egiteko moduan ezinbestean aldatu duen pelikula batekin. Izan ere, azkeneko hiru film luzeak euskaraz egin eta Euskal Herrian girotu ondoren —Loreak eta Handia-ri 80 egunean gehitu behar zaie—, gaztelaniaz eta Espainia hegoaldean, Andaluzian, kokatutako pelikula bat egin dute.

1936an hasten da filma, Espainiako gerra piztu berritan. Higinio Blanco errepublikazalea (Antonio de la Torre) atxilotu egingo dute tropa nazionalek. Kamioian daramatela, ihes egin, eta etxean egindako zulo batean ezkutatuko da, Rosa emazteak (Belen Cuesta) lagunduta. barne itxialdi bat hasiko du, 33 urte iraungo duena, 1969ra arte.

Manuel Cortes Errepublika garaian Mijasko (Espainia) alkate zenak halako esperientzia bat izan zuen, eta Manuel H. Martinek 30 años de oscuridad dokumentalean (2011) jaso zuen. Hura ikusi zuenean bururatu zitzaion Goenagari satorren, jazarpenaren beldurrez etxean ezkutatu ziren haien bizipenetan oinarritutako film bat egitea: «Iruditu zitzaidan satorren figurak metaforikoki indar handia duela beldurrari buruz hitz egiteko. Satorrak testuinguru jakin batean existitu ziren, gerra zibilean eta gudaren ostean. Ezkutatu egin ziren, jazarpenaren beldur. Baina zein ez da, modu batean edo bestean, beldurragatik ezkutatu? Psikologikoki, sikiera».

Beldurra baita, modu oso zabalean ulertuta, filmaren motorra. Beldurra jazarpenari, baina baita pauso bat emateari ere, edo beldurra kanpoan egon eta ezagutzen ez denari: «Beldurra baino gauza zabalduagorik ez dago», Arregiren iritziz. «Denok diogu beldurra zerbaiti, eta modu askotan agertzen da beldur hori. Malgua da zentzu horretan».

Irusoin eta Moriarti ekoiztetxeei —bien artean atera dituzte aurrera 80 egunean, Loreak eta Handia— La Claqueta Andaluziako ekoiztetxea gehitu zaie oraingoan. Joan den urtean egin zituzten filmaketa lanak, Andaluzian eta Euskal Herrian. «Pentsatzen genuen, Handia-ren ondoren, eta etxe barruan girotutako pelikula izanik, film hau errazagoa izango zela ekoizpen aldetik», ekarri du gogora Arregik. Errealitatea, ordea, oso bestelakoa izan da: «Euskal-andaluziar ekoizpen bat izanda, lantaldearen erdia han egon da, eta beste erdia, Euskal Herrian. Bi lekuetan filmatu behar genuen, eta logistika aldetik zailtasunak zituen».

Gainera, aurrenekoz, hirurak arduratu dira filma zuzentzeaz, nahiz eta bi besterik ez diren egon errodajean elkarrekin —Goenaga eta Arregi lehendabiziko fasean, eta Goenaga eta Garaño bigarrenean—. Urte asko daramatzate elkarrekin lanean, eta horren eraginez antzeko begirada bat daukatela onartzen du Arregik: «Ordu asko pasatzen ditugu elkarrekin, eta elkarren eragina handia da. Gure arteko eztabaiden bitartez ontzen da nolabaiteko begirada bat; ahots bakar bat». Bakoitzaren «bertuteak eta ahulguneak» ondo ezagutzen dituztela uste du Garañok, eta saiatzen dira horri probetxua ateratzen: «Gainera, gauza garrantzitsuetarako begirada paretsua dugu. Eta bestela, adostu egiten dugu, hori ere inportantea baita. Ados jarri gabe ezinezkoa litzateke pelikula bat egitea».

Etxe barrutik

Filmaren zatirik handiena etxe barruko hormen artean kokatua egotea «erronka» gisa hartu zuten hasieran, Goenagak azaldu duenez: «Filmaren bokazio minimalista proiektuaren hasieratik zegoen. Hori deigarria egiten zitzaigun Handia egin ostean. Hura zen toki askotara mugitzen zen film bat, geografikoki epikoa. La trinchera-n, berriz, etxe barruan dago istorioa». Bi filmen arteko alderaketa modu grafikoan egin du, bere aldetik, Garañok: «Handia-n, protagonistek etxetik irten behar dute bizitzeko, eta La trinchera-n, etxean sartu behar dute bizitzeko».

Pelikula etxean ez ezik etxetik ere filmatua dago, neurri handi batean, Higinio protagonistaren ikuspuntutik. Goenaga: «Pertsona honen ezkutaldia bere ikuspuntutik kontatu nahi genuen, eta hori bera, zinematografikoki, oso erakargarria zen: zer ikusten duen, zer ez, zer entzuten duen...». Subjektibotasun konpartitua da, nolanahi ere, Higiniok Rosarekin partekatzen duena, Garañok dioenez, historikoki ere satorrek konplize bat izan ohi zutelako: «Interesgarria iruditu zitzaigun fokua konplize horren gainean jartzea. Hor sortzen diren gatazka, harreman eta tentsioak oso esanguratsuak iruditzen zitzaizkigun».

Moriartikoek ez dute inoiz ezkutatu zinemaren zaletasuna, eta onartu egiten dute La trinchera infinita-rekin hasi zirenean bazituztela erreferentzia zinematografiko batzuk, nahiz eta ez duten nahi beren filma haiekin alderatzea. Rodrigo Cortesen Buried askotan azaltzen zen haien arteko elkarrizketetan, baina beste inoren gainetik Roman Polanskiren lana izan zuten oso presente filmaketan. «Zehazki, etxe barruan girotutako filmak: Repulsion, Rosemary's Baby... Polanski ikuspuntuaren maisua da. Mantentzen du protagonistaren ikuspuntua film horietan, eta horrek, askotan, anbiguotasuna eragiten du. Ez dakizu non hasten den eta non amaitzen den errealitatea», azaldu du Goenagak.

Filmean apenas ikus daitekeen etxetik kanpo gertatzen ari dena, eta horrek M. Night Shyamalanen The Village-rekin ere lotu lezake La trinchera infinita, Goenagaren iritziz: «Ezkutatuta dagoena da etxeko kanpoko atearen atzean dagoena. Kalean dagoena».

Aktoreen inplikazioa

Antonio de la Torre eta Belen Cuesta andaluziarrak izanik, «asko» eman diete euren pertsonaiei eta filmari berari, Arregik azaldu duenez, nahiz eta bakoitzaren lan egiteko modua ezberdina izan: «Antonio errealitatearen bilaketan ari den aktore bat da: benetakoa egin behar zaio egiten duena. Zuk eman ahal diozu agindu bat, baina, sentitzen badu ez dela benetakoa, esango dizu ez duela horrela bizi, eta zalantzan jarriko dizu argibidea. Hori oso ondo dago, nabaritzen delako intentsitatea eta benetakotasuna». Ezberdina da Cuestaren lan egiteko modua: «Perfekzionista da, eta lanketa handia egin behar du aurretik, ziur sentitzeko eta berak duen dena emateko. Eskola ezberdinak dira, baina biak oso indartsuak».

Hala Cuestak nola De la Torrek proiektuan inplikazio «profesionala eta pertsonala» izan dutela gaineratu du Garañok. «Sentitu dute istorio hau inportantea zela beraientzat eta beren herriarentzat, Andaluziarentzat. Antoniok asko aipatzen zuen, adibidez, hau beraien historia dela. Inplikazio pertsonala zuten; inportantea zen kontatzen ari ginena, eta guri hala sentiarazten ziguten».

La trinchera infinita gaur aurkeztuko dute Sail Ofizialean, eta urriaren 31n zinema aretoetara iritsiko da. Momentuan burua horretan dute Arregik, Garañok eta Goenagak, baina aurrera begirako proiektuak ere badituzte, nahiz eta ezin duten askorik iragarri, Garañok adierazi duenez: «Proiektuak baditugu, baina hastapenetan daude. Momentuan, euskaraz egingo genituzkeen bi proiektu ditugu buruan, eta baita beste bat ere, gaztelaniaz eta katalanez filmatuko genukeena. Baina oso-oso hasieran gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.