Emakumeen Nazioarteko Eguna. Elkarrizketa. Sussan Tahmasebi. Femenako zuzendaria

«Ekialde Hurbileko emakumeak duela mende batetik ari dira hobekuntza eske»

Egoerarik «ilunenean ere», eskualdeko emakume aktibistak gai izan dira disidentzia espazioak sortzeko, eta hori lortu izana «itxaropentsua» da, Tahmasebiren iritziz.

BERRIA.
Beirut
2021eko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Ekialde Hurbilean zehar badira emakumeen mugimenduak giza eskubideen alde borrokatzen direnak. Horietako batzuk ez dira aintzat ere hartzen, errepresioz beteriko egoerak oso-oso oharkabean aritzera behartzen baititu; halere, haien lan nekaezinak emaitza agerikoak izan ditu.

Horixe uste du Sussan Tahmasebik, Iranen jaiotako ekintzaileak. Ibilbide luzea du: mugimendu feministen parte izan da hamarkada batez baino gehiagoz, eta, egun, Washingtonen bizi da; handik zuzentzen du Femena, giza eskubideak defendatzen dituzten Ekialde Hurbileko eta Afrika iparraldeko emakumeak babesten dituen erakundea. Eskualde horretako emakumeen egoeraren aditutzat daukate, eta Human Rights Watchek saritu egin izan duharen aktibismoa.

Zergatik sortu zenuten Femena?

Femenak giza eskubideen alde borrokatzen diren emakumeak babesten ditu. Eskualdean badira mugimendu feministak eta beste hainbat mugimendu progresista, baina, azken urteotan, bazterrean utzi dute haien ahotsa. Arabiar iraultzen ostean, mugimendu islamistak boterera iritsi ziren herrialde batzuetan, eta horietako zenbaitetan gerrak hasi ziren; Libian eta Sirian, adibidez. Beste batzuetan, Egipton eta Bahrainen, errepresioa areagotu egin zen.

Kasu horietan, kontserbadurismoarekin batera gertatzen da talde politiko erlijiosoen gorakada. Estremismoa borrokatzeko ahaleginean, nazioarteko komunitateak arreta jarri du erlijioan eta bakea lortzeko ikuspegi erlijioso batetik lan egiten duten taldeetan. Ez ditut kritikatzen halako taldeak, badira-eta batzuk lan ona egiten dutenak giza eskubideen printzipioetan sinesten dutelako, baina nazioarteko komunitatearen estrategiak bazterrean utzi ditu mugimendu progresista eta feministak.

Zer diozu ikuspuntu erlijiosoaz?

Uste dugu estremismo erlijiosoaren auzia ez dela erlijio kontua, baizik eta politika eta botere kontua. Horregatik ezin da auzi hori borrokatu ikuspuntu erlijioso batetik. Mugimendu feministak aspaldidanik ari dira borrokatzen emakumeen eskubideen alde, munduak eskualdearen bakerako eta segurtasunerako interesak izan aurretik, eta orain zera nahi dugu: mugimendu feministak berriz egon daitezela erdigunean. Hori lortzeko, babesa ematen diegu hala giza eskubideak defendatzen dituzten ekintzaileei nola egoera atzerakoietan gobernuen eta estatu mailakoak ez diren beste eragile batzuen erasoak jasaten dituztenei.

Zer herrialdetan ikusten dituzu emakumeentzat eskubide berriak laster lor ditzaketen mugimenduak?

Auzi horiek luzera begirako ikuspuntu batetik begiratu behar dira. Hamarkada luzez, giza eskubideen alde borrokatu diren emakumeen mugimenduak egon dira, eta garaipen handiak lortu dituzte, baina, tamalez, eskualdeko eta munduko egoera geroz eta zapaltzaileagoa da, eta gizarte zibilari erasotzen ari zaizkio. Talde feministek eraso horiei aurre egin behar diete, eta lanean jarraitu behar dute aktibo segitzeko, baita behatzaileentzat hautemateko ezinezkoa izan daitezkeen moduetan ere, batzuetan profil apala izan behar baitute testuinguru zapaltzaileetan.

Zaila da esatea egun zer lurraldek duen momentum-a, baina horrelako taldeak aktibo egotea itxaropentsua iruditzen zait. Iran, Egipto, Kuwait eta beste herrialde batzuk dira Me Too mugimenduak dituen adibideetako zenbait, eta horietako batzuk ez dituzte sustatu mugimendu feministek, baizik eta emakume zibilek, norbere izenean. Iruditzen zait mugimendu feministen lan gogorraren emaitza dela parte hori, kontzientziazioa eragin duelako. Horrek atea irekitzen dio eremu zapaltzaileetan bat-batean protesta mugimenduak sortzeari.

Egungo aktibismoan zer rol du Internetek?

Emakumeei eta gizarte zibileko beste talde batzuei ukatu egin zaie espazio fisikoa. Horregatik, online espazioa erabilgarri bilakatu da, jende askok horren alde egitea sustatu baitu. Aktibismo horren parte bat taldeen bidez antolatu da, baina norbanako batzuek halako espazioetan aurkitu dute hitz egiteko eta arazoak salatzeko tokia.

Batzuetan, ekintza indibidual horiek ekintza kolektibo bilakatzen dira, Me Tooren mugimenduak bezala. Bereziki murriztaileak diren herrialdeetan jartzen dugu arreta, Egipton, Iranen, Turkian eta Saudi Arabian adibidez, eta horietan estatuak sustatu egin du online espazioko errepresioa. Normalean, gobernu horiek hauxe nahi dute: jendeak ez hitz egitea, elkarrekin ez antolatzea eta kontzientziaziorik ez eragitea. Halere, Internet ihesbide bat da oraindik ere.

Gobernuek alde batera utzi behar dute aktibistenganako errepresioa, eta aitortu egin behar diete antolaketarako eskubidea, herrialde horiek sinaturiko nazioarteko konpromisoek dioten gisara. Dagoen presioaz harago, jendeak beti aurkituko du aktibismoan aritzeko moduren bat, eta horrek asko hunkitu nau. Itxaropentsua da jendea gai izatea disidentzia espazioak sortzeko, egoerarik ilunenean eta murriztaileenean egon arren.

Ikerketa batzuek iradokitzen dute eskualdeko gizon eta emakume asko sexu berdintasunaren aurka daudela. Hori kenduta, zer albiste positibo izan dira azkenaldian emakumeen eskubideen alde?

Patriarkatua mundu osoko fenomeno bat da. Adibidez, Espainiako Estatuak ere sufritzen du, modu nabarmenean. Gure eskualdeko emakumeak duela mende batetik ari dira hobekuntza eske. Ez dira exijentzia berberak, ezta Mendebaldeko eskarien kopiak ere; gure historiaren eta kulturaren parte dira. Hezkuntza defendatu zen, eta orain emakume batzuk ikasten ari dira herrialde gehienetan; zenbaitetan, gainera, gizonek baino matrikulazio indize handiagoa dute. Eraso sexualen eta emakumeen mutilazio genitalaren kontrako legeak ere onartu dira.

Saudi Arabian, esaterako, duela gutxi aitortu dizkiete eskubide batzuk emakumeei, eta, nahiz eta hori estatuak egin duen, egoera hain zapaltzailean emakumeek egindako borroka etengabearen emaitza da: estatuaren arreta bereganatzea lortu zuten, eta estatuak erantzun egin zuen.

Lege aurrerapausoek arreta lortzen dute, eta kontzientziazioa eragiten dute herritarren artean, batez ere belaunaldi gaztean. Gazteek modu askoz ere irekiagoan begiratzen diete berdintasunari loturiko auziei, eta hori lorpen bat da. Oraindik asko dago lortzeko, baina kontuan izan behar da iraganean ere lortu ditugula zenbait gauza.

Batzuek uste dute emakumeekiko errepresioak soilik erlijioarekin duela harremana. Zer esango zenieke?

Patriarkatua eta diskriminazioa mundu osoko fenomeno bat da, eta gizarte aurrerakoienetan ere ez dugu lortu berdintasuna. Emakumea atzetik doa ia egoera guztietan. Erlijioa zapaltzeko aitzakia gisa erabili da, eta emakumeen eskubideak ukatzeko; gauza bera beste talde marjinalizatuekin.

Boterean daudenek eskura duten edozein estrategia erabiliko dute beren boterea justifikatu eta mantentzeko. Erlijioa ona edo txarra izan daiteke: interpretazioaren araberakoa da. Eta interpretazio horiek boterean egon ohi direnek eginak dira, beren onurarako. Historian badira horren adibideak. Latinoamerikako ebanjelistak historia protestante batetik datoz, baina nahikoa atzerakoiak dira emakumeen eskubideei dagokienez.

Islamak ere erakusten du ez dela erlijio kontua. Badira zenbait herrialde islamiko, eta horien artean emakumearen estatusak desberdinak dira. Tunisian, esaterako, emakumeek eskubide asko lortu dituzte, Saudi Arabian eta Iranen gertatu denaz bestera. Erlijioa interpretatzeko modua herrialde bakoitzeko dinamika politiko eta sozialak eragiten du. Hortaz, ez da erlijio kontua, botere kontua baizik.

Saudi Arabiako ekintzaileek diote gizonek beto eskubidea dutela emakumeen askatasun berriei dagokionez. Zein da Mendebaldearen rola errepresio hori onestean?

Baliteke Saudi Arabiako agintariek aurrerapausoak eman izana emakumeen aldeko legeetan, iragarki kanpaina baten parte gisara, baina uste dut urteotako aktibismoari erantzuteko egiten dutela hori. Loujain al-Hathloul oraintxe atera da kartzelatik, baina ehun egun igaro ditu itxita. Beste emakume batzuek espetxean jarraitzen dute, eta ez soilik herrialde horretan. Horren aurrean, estatuak erantzun egiten du, ezin duelako jarraitu ekintzaile horien borrokari ez ikusiarena egiten. Hortaz, hori mugimendu feministen lorpen bat da, aurrerapausoak behartu dituztelako.

Saudi Arabiaren arazoa zera da: eskubide berriak onartu dituztela eta, aldi berean,emakume ekintzaileen kontrako errepresioa sustatu dutela. Mezu hau bidaltzen dute: «Herritar gisara, ez duzue estatuari hobekuntzak eskatzeko eskubiderik, eta, hala egiten baduzue, kartzelara joango zarete». Hori onartezina da. Nazioarteko komunitateak, eta batez ere Europako Batasunak eta Ameriketako Estatu Batuek utzi egin behar diote eskualdeko diktadoreak modu onuragarrian tratatzeari, soilik interes ekonomiko eta segurtasun arlokoak dituztelako. Giza eskubideak inporta bazaizkie, era berean tratatu behar dituzte aurkariak eta aliatuak.

Al-Hathloul eta halako ekintzaile batzuk kartzelatik atera dira, baina murrizketak dituzte. Errepresio modu berri bat da?

Espetxetik atera da, baina ez da librea. Murrizketak daude aktibismoan aritu ez dadin, ezta modu librean hitz egin ere. Turkiak, Iranek, Saudi Arabiak, Egiptok eta halako gobernu autoritarioek erabiltzen dituzten taktikak dira; baita Golkoko estatu batzuenak ere.

Emakumeek aukera behar dute antolatzeko eta exijentziak pentsatzeko. Gizarte zibila galtzeak emakumeei eragin die bereziki, aurrez jada sufritzen baitzuten antolatzeko espazio faltagatik. Nazioarteko komunitateak presio egin behar du protestarako espazioak irekita jarrai dezan aktibistentzat, eta bermatzeko horiek ez direla zigortuak izango giza eskubideak defendatzeagatik.

Duela urte batzuk, ekintzaile zinen Iranen. Zer egoeratan dago borroka herrialde hartan?

Emakumeen eskubideen aldeko mugimendua indartsua da. Bada emakumeen belaunaldi berri bat aukera berdintasunaren alde borrokan ari dena, eta hori oso itxaropentsua da niretzat. Aldi berean, errepresioa goren-gorenean dago. Gizarte zibilak presio handia du, eta ekintzaile asko kartzelatu egin dituzte giza eskubideen alde borrokatzeagatik. Etsigarria da. Giza eskubideen alde borrokatzea ez da segurtasun nazionalari eraso egitea; ez da legez kanpokoa.

Eta, halere, emakume gazteek lantegiak antolatzen dituzte indarkeria sexualari eta generokoari aurre egiteko, baita espazio publikoetan emakumeen aurka egiten diren erasoen aurkako neurriak hartzeko ere. Lantokietara ere joaten dira formakuntza lana egiteko, eta indarkeria matxistarik gabeko espazioak direla ziurtatzeko.

Mugimendu horrek modua ekarri du Irango herritarren artean indarkeria sexualaren inguruan zegoen ezagutza falta borrokatzeko. Niretzat, oso interesgarria da emakume horiek nola egiten duten lan beren burua hezten duten aldi bitartean, eztabaida aberastu eta beren erantzuna etikoena eta egokiena dela ziurtatzeko. Oso harro nago Irango emakumeen mugimenduaz. Berdintasunerako bidea luzea eta geldoa den arren, konfiantza ematen didate herrialdearen etorkizunaren inguruan.

Nola hobetu daiteke Kafala sisteman lan egiten duten emakumeen egoera?

Kafala sistema arazo bat da eskualde osoan, batez ere Golkoko estatuetan eta Libanon. Hori erreformatzeko borrokak arreta handia bereganatu du talde askoren lan onari esker; Anti-Racism Movement da horietako bat, Libanokoa. Gune komunitarioak ireki dituzte emakume langile migratzaileek aukera izan dezaten bata bestea babesteko.

Langile horien egoera latza da: ez dute eskubiderik, haietaz abusatzen dute, eta batzuetan hil egiten dituzte, inpunitate osoz. Lan bisak barnean hartu behar ditu Kafala sistemaren erreformak,baita soldaten eta langilearen eta enplegatuaren arteko lan harremanaren kontrola ere; jatorrizko gobernuaren partetik, eta herrialde hartzailearen partetik ere bai. Langile gisara babestu egin behar dituzte.

Libanoko krisiak gaizki utzi du herrialdea, eta are okerrago etxeko langileak. Horietako asko abandonatu egin dituzte, kalean, eta pasaporte gabe uzten dituzte, inora joan ez daitezen.

Pandemiak, gainera, gehiago okertu du dena. Nazioarteko komunitateak pauso bat eman behar du, Libano lagundu eta langile horiek pasaporte berria izan dezaten, presoak izateari uzteko. Krisi handi bat da, atentzio handiagoa behar duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.