Bidenen erronkak. Ekialde Hurbila

Bidenek beste alde batera jotzeko zain

Ekialde Hurbilarekiko harremanak gaiztotu egin dira amaitzear den legealdian. Agintari aldaketarekin testuingurua ere irauliko den itxaropena dute askok, Iranek adibidez. Baina baliteke Bidenen lehentasunak bestelakoak izatea.

Soleimaniren hilketa salatzeko protestak. RAHAT DAR / EFE.
Ricard Gonzalez.
2021eko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Txinaren eta Koreako penintsularen ondotik, seguru asko Ekialde Hurbila izango da Trumpen presidentetzaren kanpo politikak arrastorik sakonena utzi duen tokia. Presidente definiezin horrek Ekialde Hurbiletik alde egitea erabaki zuen, Barack Obamak hasitako bidean, eta hutsune bat utzi zuen, Putinen Errusiak baliatu duena. Donald Trumpek, hori bai, guztiz aldatu zuen Iranen inguruko politika, eta lehen baino are gehiago estutu zituen Israelekin, Saudi Arabiarekin eta Egiptorekin Washingtonek dituen aliantzak. Politika horietako asko egiteko ez zegoen AEBetako bi alderdi nagusien adostasuna, eta, beraz, espero izatekoa da Joe Bidenek bidea aldatzea urtarrilean agintea hartzen duenean. Ikusteko dago zenbaterainokoa izango den aldaketa. Lider politiko beteranoak gai hauek izango ditu pil-pilean Ekialde Hurbilean:

Iran

Dudarik gabe, Iranen inguruko politikan dituzte desadostasunik handienak Trumpek eta Bidenek. Presidente hautatua berriro atxiki nahi zaio Obamak Teheranekin 2015ean izenpeturiko itun nuklearrari; Trumpek, berriz, 2018an hautsi zuen itun hori ofizialki. Dena dela, Bidenek ez du lan samurrik izango. Izan ere, Irango agintariek iradoki dute kalte-ordainak eskatuko dituztela Trumpek ezarritako zigorrek eragin dizkieten galera ekonomiko itzelengatik. Eta hala iradoki dute, nahiz eta beraiek ere mailaka-mailaka eta ondo kalkulatuta hautsi dituzten itunean hartutako konpromisoak, Trumpen erabakiaren kontrako errepresalia gisa hautsi ere, Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren txostenetan diotenez. Islamiar errepublikak askoz ere uranio gehiago du itunak baimendu baino: hitzartu halako hamabi.

Gainera, baliteke AEBetako Senatua, zeina erdibiturik dagoen errepublikanoen eta demokraten artean, itunarekin bat egitearen kontra jartzea, eta beste hainbeste egingo dute eskualde hartan AEBek dituzten aliatuek, hau da, Israelek eta Saudi Arabiak. Horrekin batera gogoan hartzen bada Iranek presidentetzarako hauteskundeak egingo dituela 2021. urtearen erdialdean, eta erregimen hartako sektore atzerakoiei ez zaiela interesatzen lehengo ituna onartzea —horrek erreformistak hauspotuko dituelako—, bada, oztopo handiak daude ituna berriz indarrean egon dadin.

Hain zuzen, gaur egungo presidentea, Hassan Rohani, fakzio moderatuaren liderra, ezin da berriro aurkeztu presidentegai izateko, betea baitu bigarren agintaldia. Ez da erraza iragarpenak egitea, baina litekeena da hurrengo presidentea hitzarmenari errezeloz begiratuko dion belatz uzkur bat izatea. Arrazoi horiengatik guztiengatik, baliteke AEBek oraingoz zenbait isun ekonomiko kendu baino ez egitea beren politika berrian, eta horrek apur bat baino ez luke lasaituko Irango ekonomia, itolarriak jota baitago lehendik.

Qasem Soleimani jenerala erail zuteneko urteurrena izan da oraintsu, eta, horren harira, asko espekulatu izan da posible dela liskarrak piztea irandarren aldeko milizia xiiten eta AEBek Iraken dituzten tropen artean. Jokaleku hori Trumpen eraso baten emaitza izan liteke, bere ondorengoari eginiko opari pozoitsu baten tankerakoa, edo, bestela, baliteke Teheranen mendeku bat izatea, Soleimaniren hilketagatik, baina horrek zailagoa dirudi. Argi eta garbi, edozein istilu bortitzek pikutara bidal litzake itun nuklearrari buruzko negoziazioak.

Palestinako gatazka

Beharbada, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa izango da Trumpen porrota dela-eta kolperik latzena hartu duen munduko buruzagia, Netanyahuren irudiko Trump baitzen «Israelek Etxe Zurian inoiz izan duen lagunik onena». Dena dela, Bidenek, senatari gisa egin duen ibilbide oparoan, beti bat egin du Washingtonek Israelen alde egindako politikarekin, eta ez du babestuko Tel Avivi urtean ematen zaion 2.470 milioi euroko laguntzaz baliatuz Israel estutzea palestinarrei zerbaitetan amore eman dezan, Bernie Sanders hautagai demokratak proposatzen zuen bezala. Hain zuzen, Bidenek oniritzia eman berri die Arabiar Emirerri Batuek eta Bahrainek Trumpen babespean Israelekin adosturiko normalizazio itunei.

Biden, hori bai, Trumpen politikaren ertzak leuntzen saiatuko da, eta horrek zenbait gauza ekarriko ditu: Palestinaren Washingtongo ordezkaritza berriz irekitzea; Palestinako instituzioei berriz laguntza ematea, besteak beste makal dabilen agentzia bati, UNRWAri; eta bi estaturen konponbidearen parametro klasikoetan oinarritutako negoziazioak babestea. Nolanahi ere, ez dirudi Bidenek asmorik duenik atzera botatzeko Trumpen bi erabaki nagusiak: AEBen enbaxada Jerusalemera mugitu izana eta Israeli Golanen gaineko subiranotasuna aitortu izana.

Alegia, lehengo statu quo diplomatikoa itzuli egingo da nolabait, azken hiru hamarkadetan gatazkari konponbidea aurkitzeko gai izan ez den hori bera. Edonola ere, aintzat hartu behar da Israelen jokaleku politikoa ez dela batere egonkorra martxoan hauteskundeak egingo dituzte, bi urtean laugarren aldiz, Palestinako aldean ez atzera ez aurrera dagoela egoera politikoa azken hauteskundeak 2006an egin ziren, eta, gainera, Bidenek presazko helburuen zerrenda luze bat izango duela. Hori guztia kontuan hartuta, espero izatekoa da Palestinako gatazka ez duela sartuko kanpo politikaren lehentasunen artean.

Afganistan

Irailaren 11ko erasoen hariraAEBek Afganistan inbaditu zutenetik ia hogei urte igaro diren honetan hartuko du kargua Bidenek; hain zuzen, AEBek urte batzuk eman dituzte gerra hori amaitzeko ahaleginean, AEBen historiako gerrarik luzeena baita dagoeneko. Egun, 2.500 soldadu estatubatuar baino gehiago daude Afganistango lurretan, hango armadari laguntzen talibanen aurkako borrokan. Mugimendu fundamentalista horrek eta Trumpen administrazioak akordio bat sinatu zuten iaz: su-etena hitzartu zuten, eta adostu zuten Washingtonek soldaduak erretiratuko zituela Asiako herrialde horretatik datorren maiatzerako.

Hala ere, ez dago argi Biden prest dagoen tratua betetzeko, eta baliteke militarrak erretiratzeko eguna negoziatzen saiatzea. Buruzagi talibanek baztertu egin dute akordioan ezer aldatzea, eta ziurtatu dute tropak Afganistanen mantenduz gero liskarrak piztuko direla berriro. Gainera, ez dago batere garbi zer ekarriko duten talibanak eta Afganistango Gobernua Dohan egiten ari diren negoziazioek; Trumpen administrazioak babesa eman dio prozesu horri, baina hilabeteak dira negoziazioak geldirik daudela, eta bi aldeen arteko mesfidantza oso handia da.

Teorian, elkarrizketen helburua erreforma politiko bat adostea da, mugimendu fundamentalistak modua izan dezan armak utzi eta herrialdeko bizitza politikoan sartzeko. Horretarako oztopo nagusia erregimen politiko berriaren izaera da; izan ere, talibanek behin eta berriz esaten dute «errepublika islamiko» bat izan behar duela, eta horrek kezka handia sortzen du sektore laikoen eta emakume askoren artean, kontuan hartuta talibanek Erdi Aroko irizpideak erabili zituztela boterean egon zirenean. Noraino iritsiko da Bidenek talde horiekin duen konpromisoa?

Siriako eta Libiako gatazkak

Siriako eta Libiako gatazka armatuetan, Bidenek orain arteko ikuspegiari eutsiko dio, eta halaxe egingo du Iraken ere: Irak asaldatua dago oraindik ere, eskualdeko potentzien botere borroken erdigunea bihurturik. Siriari dagokionez, Bidenek adierazi du iparraldean tropak edukiko dituela orain arte bezala, baina informazio gutxi dago presidente hautatuaren ikuspegiari buruz. Espero izatekoa da Al-Assaden erregimenari jarritako zigor ekonomikoei ere eustea, hura berreraikitzea zailtzen baitute: hala, Al-Assad amore ematera behartuta, prozesu politiko serio bat ireki nahiko du Bidenek, trantsizio bat ekar dezakeena. Halaxe adierazi zuen Anthony Blinkenek, Bidenek Estatu idazkari izateko aukeratu duen politikariak, nahiz eta plan utopiko bat dirudien, errealista baino gehiago. Agian, milizia kurduei babes handiagoa ematea izango da aldaketa nagusia, milizia horiek erabakigarriak baitira Estatu Islamikoaren porroterako.

Libian, babes handiagoaemango dio Libiako fakzioen arteko negoziazio politikoari, NBEk babesten duen bidean. Herrialde horretan Sirian baino aukera hobea dauka zerbait egiteko, eta aldaketa txikiren bat eragin lezake Trumpen administrazio politikan. Hark begi onez ikusten zuen Errusia gero eta gehiago sartzea Libian, eta Arabiar Emirerri Batuak azpijokoan aritzea Khalifa Hafter jeneral errebeldearen alde. Baliteke Bidenek, Libiako liztor habian kapital handirik arriskatu gabe, Washingtoni protagonismo handiagoa ematea gatazka horretan, eta Mosku indargabetzen saiatzea, Ankararekin batuta; Tripoliko Gobernuaren aliatua da Ankara, eta Hafterren etsairik okerrena.

Saudi Arabiako ardatz autokratikoa

Trumpen garaiarekin konparatuta, aldaketa nagusietako bat zera izango da, berriz ere giza eskubideak babestea, berriz sartuko baitira Estatu Batuen kanpo politikaren agendan. Hala izango da, noski, horrek «nazioaren interes» garrantzitsuei eragiten ez badie. Dena dela, aldaketa hori berri txarra izango da Egiptoko, Arabiar Emirerri Batuetako eta Saudi Arabiako erregimenentzat. Saudi Arabia izan zen Biden garaipenagatik zoriondu zuten azken herrialdeetako bat. Hiru herrialde horiek, diktadura zorrotzak denak ere, eskualdeko ardatz politiko nagusietako bat dira.

Al-Sisi mariskal egiptoarrak — Trumpek «nire diktadore gustukoena» deitu zion horrek— badu arrisku bat: Estatu Batuek izoztea urtero ematen dioten laguntza eskerga (823 milioi euro baino gehiago). Europako Batasunak Washingtonekin bat egingo balu, agian Kairok neurtu egin beharko luke oposizioaren kontra egiten duen errepresio ezinago bortitza: milaka atxilotu izan dira, eta milaka hil.

Bere garaian, Biden oso kritiko mintzatu zen Jamal Khaxoggi kazetari saudiarabiarraren hilketa zela-eta; CIAk oinordeko printzeari egotzi zion agindua eman izana, Mohamed Bin Salmani. Dudarik gabe, Saudi Arabiarekiko harremanak hoztu egingo dira, eta baliteke beste hainbeste gertatzea Arabiar Emirerri Batuekin ere; horrek bultzada bat ekar lezake Yemengo gerra negoziazio bidez bukatzeko, baldin eta matxino huthiek malguxeago jokatzen badute. Bidenek ez du batere begi onez ikusi AEBek gerra hori sustatzea —munduko giza hondamendirik handiena eragin du gerra horrek—. Washingtonek egiatan estutuko balu, posible litzateke Golkoko herrialdeetan aldaketa aurrerakoi txikitxo batzuk izatea, baina hori baino ez.

Bidenentzat, pandemia kontrolatzea eta AEBetako ekonomia suspertzea izango da helburu nagusia. Oro har, kanpo politika neurritsu bat egingo du, eta ez du izango kapital politiko handirik eskatzen duen asmo handinahirik. Azken batean, ez du inor engainatuko, zentroko plataforma batean aurkeztu baitzen herritarren aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.