Irakeko Kurdistango eskualdeko Turkiaren kontsulordea hil dute

Zibil kurdu bat ere hil dute, tiroz, Arbil hiriko jatetxe batean. Inork ez du erasoa bere gain hartu

Irakeko Kurdistango eskualdeko Turkiaren kontsulordea hil dute.
Andoni Imaz.
2019ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Tiroketa bat gertatu zen atzo Irakeko Kurdistango eskualde autonomoan, Arbil hiriburuko jatetxe batean. Turkiak eskualdean zuen kontsulordea hil zuten, Turkiako Atzerri Ministerioaren arabera. Identifikatu gabeko gizon bat jatetxera sartu zen, eta tiro egin zien kontsulordeari eta harekin zeudenei, segurtasun ofizial kurduek Irakeko Al-Iraqiya telebista katean adierazi zutenez. Esan zuten zibil kurdu bat ere hil zutela, baita pertsona bat zauritu zutela ere. Jatetxearen jabeak Turkiako Hurriyet egunkariari adierazi zion «zibil arropekin» jantzita zegoen gizon batek bi pistolarekin tiro egin zuela.

Erasoa ez du inork bere gain hartu, eta ez diote talde zehatz bati egotzi ez eskualde autonomoko agintariek, ezta Turkiakoek ere. Turkiako Atzerri Ministerioak Irakeko eta eskualde autonomoko agintariei eskatu zien «berehala» atxilotzeko erasoaren egileak. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak Twitter bidez gaitzetsi zuen atentatua, eta haren bozeramaile Ibrahim Kalinek esan zuen «beharrezko erantzuna» emango dietela «azpikeriazko eraso honen egileei». Mevlut Çavusoglu Atzerri ministroak adierazi zuen Turkiak ordezkaritza bat bidaliko duela Arbilera, «beharrezkoa bada».

Irakeko Gobernu Federalak eta Kurdistango eskualde autonomoko agintariek ere gaitzetsi egin zuten atentatua. Duela aste batzuk Turkiak kurduen aurka hasitako erasoaldiaren ondotik iritsi zen, eta, atzoko atentatuaren erantzule bila, batzuk PKK Kurdistango Langileen Alderdiari begira jarri ziren. Turkiaren mendeko Kurdistanen eta Irakeko eskualde autonomoaren arteko mendiak dira PKK-ko gerrillarien babeslekuak, eta Turkiako indar militarrek airetik zein lurretik eraso ohi diete inguruei. Iragan ostiralean bertan, Turkiak operazio oso bat iragarri zuen, aire erasoekin eta artilleriarekin.

PKK da Turkiak inguru horretan duen etsai nagusia, eta eskualde autonomoko gobernua estu hartu izan du haiek gelditzeko. Ankarak eta Arbilen agintean dagoen alderdiak, KDP Kurdistango Alderdi Demokratikoak, PKKri egotzi izan dizkiote Turkiaren aurka egindako zenbait eraso. Joan den hilean, Hego Kurdistango Autodefentsa Indarrak izeneko taldeak eraso egin zien Turkiako militar batzuei inguru horretan. Ez zuten loturarik topatu talde horren eta PKKren artean.

Duela gutxi hartu dute kargua eskualde autonomoko presidente eta lehen ministro berriek (KDP), eta adierazi izan dute Turkiako Gobernuarekin batera lanean jarraituko dutela PKKren aurka.

Turkia erasoan

Rojnews hedabideak atzo bertan jakinarazi zuen bost gerrillari kurdu hil zirela martxoren 21ean, Turkiak egindako aire eraso batean. PKK-ko bost kide hil zituzten, tartean Serhat Amanos Varto, KCK Kurdistango Herrien Konfederazioko bozeramailea. KCK burujabetzaren aldeko plataforma zabal bat da, eta zenbait alderdi eta eragile ditu bere baitan —baita kurduak ez diren batzuk ere—; tartean, PKK.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.