Egiaren aldeko apustua egin nahi du Kolonbiak

Egiaren Batzordeak ikergai hartu du mende erdi pasatxoan Kolonbian izan den gatazka. «Iragana ulertu» nahi izan du, eta bakea lortzeko gomendioak eman ditu. Txostena aurkezteko bira bat egiten ari dira Europan egunotan.

Emakume bat loreak uzten M-19 gerrillari taldearen bandera baten gainean, Medellinen (Kolonbia), 2015ean. LUIS EDUARDO NORIEGA / EFE.
Lide Iraola.
Bilbo
2022ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Egia Argitzeko, Bizikidetzarako eta Berriz Ez Gertatzeko Kolonbiako Batzordeak ikerketa bat egin du herrialde horretan mende erdi pasatxoan izan den gatazkaren arrazoiak ulertzeko.

Lekukotzak izan dira txostena egiteko oinarria. 20.000 elkarrizketa baino gehiago egin ditu, horietatik 2.048 Kolonbiatik kanpo. Solasaldiak ikerketa dokumentalarekin kontrastatu ditu, eta, horrez gain, gatazka amaitzeko eta berriz ez gertatzeko jarraibideak eman ditu.

Orotara, 60 bat urte aztertu dituzte txostenean: 1958tik 2016ra. Milioika biktima izan dira, baina «ez egun batean jendea armak hartzen eta hiltzen hasi zelako».

Ondorioztatu dutenez, aurrez aurreko interes politikoak, ekonomikoak, instituzionalak eta kulturalak zeuden sistema batean hasi zen gatazka armatua, non narkotrafikoa ere protagonista zen; eta, «egiturazko injustizia batean», gerrilla taldeek armak hartu zituzten, eta estatuak indar armatuetara jo zuen, «statu quo-a iraunarazteko».

Batzordeak urte haietako «gertakaririk mingarrienetako batzuk» nabarmendu ditu: desagertuak —110.000 baino gehiago 1982tik—; bahiketak, gerrillek, paramilitarrek edo indar armatuek «eginak»; sarraskiak, zibil babesgabeek jasandakoak; epairik gabeko exekuzioak, milaka izan zirenak; gatazka armatuaren parte izan ziren 30.000 haur baino gehiago; eta nekazariek jasandako «jazarpena eta abandonua», besteak beste. Azken horiei zortzi milioi hektarea desjabetu zizkieten.

Bestalde, lehen aldia da halako komite batek atzerriratzea kontuan hartzen duela. Alde egiteko arrazoiak «ugariak» izan ziren; horren harira, Marta Hinestroza eta Lizeth Alvarez erbesteratuek beren lekukotza eman zuten.

Hinestrozak «herri beltzaren» izenean salatu zuen herrialdean jasaten duten egiturazko arrazakeria,baita erbestean ere: «Ez baita gauza bera atzerriratu zuri bat izatea ala beltz bat».

Bestalde, Alvarez emakume transexualak argitu zuen bere erbesteratzeak lotura zuzena duela Kolonbiako gatazka armatuarekin. «Eguneroko errealitatearen azken hezurmamitzea da gerra», azaldu zuen, eta ihes egiteko beharraz zera gehitu zuen: «Niri eta beste askori gertatutakoa ulertzen lagundu dit txosten honek».

Batzordea txostena aurkezten ari da. Ekainaren 28an dokumentua Kolonbian plazaratu ostean, Europan bira bat egiten ari da egunotan. Hilaren 6an, Bilbon egin zuen aurkezpena. «Bake nahiak lotzen gaitu», esan zuen Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Politika sailburuak Bilbon.

Behin ulertuta, irtenbideak

Iragana ulertzea garrantzitsua da, baina «gomendioek egingo dute etorkizuna», Alejandro Valencia batzordeko ordezkariak Bilbon esan zuenez. Azken liburukian jaso dituzte ondorioak eta jarraibideak; 350 gomendio, zehazki, Kolonbiako aurkezpenean Gustavo Petro presidente hautatuari eman zizkiotenak.

Inpunitatea atzean uztea; armak politikatik ateratzeko erabaki irmoa hartzea; guztien kezka eta interesak entzutea; elkarlanean aritzea, inor alboratu gabe. Kolonbia bide horretatik joatea gomendatzen du Egiaren Batzordeak, «bake zabala» iritsi dadin.

Horretarako, «berreraiki» egin behar da herrialdea: estatuaren, justiziaren, politikaren, ekonomiaren eta segurtasunaren paradigmak aldatu behar dira. Giza duintasunean oinarritu behar dute, eta bakea izan helburu. «Segurtasun indarrak ukiezinak izan dira orain arte», adierazi zuen Valencia ordezkariak Bilbon; ez 1991ko konstituzioan ez 2016ko bake akordioan ez baitziren moldatu. Azken finean, baliabideak gerrara bideratzeari uztea eskatzen du berreraikitzeak, herrialdeak «etorkizun gizatiarrago bat» izan dezan.

Hainbat euskarritan

Milaka orritan bildu dute ikerketa, hamar liburukitan zehazki. Hala ere, webgune digitala ondu dute, eta bertan topa daitezke inprimakien Interneteko bertsioak. Horrez gain, ikus-entzunezko edukiak daude, hala nola bildutako lekukotza batzuk, argitaratzeko baimena dutenak. Lehen batzordea izan da entzuteko ale bat atera duena.

Gobernuak eta FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak bake akordioa sinatu zuten 2016an, eta Bakerako Sistema Integrala egituratu zuten. Horren harira sortu zen 2018an Egia Argitzeko, Bizikidetzarako eta Berriz Ez Gertatzeko Batzordea.

Abuztuaren 28an amaituko du ofizialki bere jarduna, azken txostena argitaratu ostean. Baina egindako ikerketa politika publikoetan baliagarri izatea espero dute: Jarraipenerako Batzordea sortu da, datozen zazpi urteetan Egiaren Batzordearen gomendioak aplikatu daitezen bermatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.