EZ DA GIRO OSTATUTIK KANPO

Ostalaritza ixtearen albo kalteak kate guztian ari dira nozitzen: besteak beste, banatzaileen eta edari ekoizleen arloan. Horietako askoren negozioa ostalaritzaren menpe dago ia, eta sasoi konplikatuan dira denak. Zuzeneko salmentan topatu dute irtenbide bat, sarean batez ere.

4 JAIZKI FONTANEDA / @FOKU.
aitor biain
2020ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Gu ere ostalariak gara». Yolanda Martinezek ez du zalantza egiten zein sektoreko langilea den adieraztean. «Ez daukat tabernarik, baina nik neure burua ostalaritzat daukat». Astigarragako (Gipuzkoa) Sarasti Edariak enpresako arduraduna da Martinez, eta Donostia aldeko dozenaka ostaturen hornitzailea da. Egoera konplikatua dutela azaldu du; izan ere, ostalaritzaren menpe dago haren negozio ia dena, eta, egun, apenas duten diru sarrerarik. Diru laguntzarik ere ez dute jaso, eta kreditu bat eskatu behar izan dute iraun ahal izateko: «Denak ahaztu dira gutaz».

Nola edo hala, baina «eusten» ari direla esan du Martinezek, zabalik dauden negozio txikiei esker, batez ere. Langile gehienak aldi baterako enplegu erregulazioan ditu, halere; komertzialak izan ezik. «Supermerkatu txikiekin, mintzategiekin eta halakoekin ere egiten dugu lan. Lau lata saltzen ditugu, baina nahiago dugu geldi egon baino kalean egon, hemen gaudela esateko bada ere. Egoera etsigarria da bestela ere».

Jatetxeak itxi izana ere «kolpe latza» izan da Guikar enpresarentzat. «Behi haragia besterik ez dugu saltzen, eta ostalaritzari lotuta dago gure negozioaren %95 inguru, hau da, ia dena. Aurten gainera, Espainiako txuleta haragirik onenaren saria jaso dugu, laugarren urtez. Marketin aldetik, sekulako bultzada zen hori, eta dena ixtea oso gogorra izan da», azaldu du Asier Goikoetxea enpresako saltzaileak.

Txuletak eta azpizunak dira Guikarren produktu nagusiak, eta, beraz, produktu horiek saltzea zailagoa zaie ostatuak itxita diren garaiotan. «Zabalik diren jatetxe gutxietan ez da horrenbeste saltzen, eta eramateko janaria prestatzen dutenentzat gure produktuak ere ez dira aproposenak». Hanburgesak, bai, badituzte, eta haiei esker ari dira fakturazioa apur bat txukuntzen. «Zeinek esango zigun orain dela bost urte-edo hanburgesak egiten hasi ginenean, negozioa salbatuko zigutela?».

Euskal Herritik kanpo dute merkatu zati handi bat; Espainian, Madrilen bereziki, «ezagunak» direla adierazi du Goikoetxeak, eta hara begira ari direla egunotan. Baina zerumugan laino beltzak ikusten ditu. «Ahal duguna egiten ari gara. Baina, egia esan, aurreikuspenak ez dira onak: ez dugu arnasa hartzeko tarterik ikusten epe motzean».

Ekoizleak arinago

Tabernak, jatetxeak, hornitzaileak eta ekoizleak: ostalaritzaren itxieraren ondorioak kate guztian ari dira nozitzen. Ekoizleen kasuan, halere, kolpea apur bat arinagoa izaten ari da, merkatu zabalagoa dutelako gehienek. Hori da Amurrioko (Araba) Acha destilatze lantegiaren kasua, adibidez. Gina, rona, vodka, whiskia eta antzerako likoreak egiten dituzte. «Zorionez, bezero txiki asko ditugu toki askotan, nola Espainian hala nazioartean. Eta horrek modua eman digu bertako fakturazioan izan dugun %30eko jaitsiera hori konpentsatzeko», azaldu du Agustin Martin kudeatzaileak.

Taberna txikietatik hasi eta jatetxe kate ezagunetaraino, ostatu asko dira Acha destilatze enpresaren bezero, hornitzaile eta banatzaileez gain. Establezimendu handiekin eta supermerkatuekin ere egiten dute lan, baina, orain, alor horretan ez dute salmentarik. Martinek adierazi du merkatuan ziurgabetasuna eta «beldur handia» dagoela, eta egoera asko aldatzen dela «kilometro gutxiren artean». «Zer esan nahi du horrek? Ahalegin hirukoitza edo laukoitza egin behar dugula orain arte saltzen genuenaren laurden bat saldu ahal izateko».

Bastidako (Araba) Tierra upategian ere esportazioei esker ari dira «arnasa hartzen». «Zorionez, pandemia iritsi aurretik, gure negozioaren %80 esportazioetara bideratuta zegoen. Beraz, ez gaitu bete-betean jo», azaldu du Carlos Fernandez upategiko arduradunak. Europan eta AEBetan saltzen dute ardoa bereziki. «Bizkaian eta Gipuzkoan ere egiten dugu lan, eta hor bai, bat-batean geratu da dena, eta nabaritu dugu».

Fernandezek azpimarratu du, ordea, etxeko kontsumoa dela gakoa. «Hemen ez dago ohitura handirik Europako herrialde batzuekin edo AEBekin alderatuta. Begira Belgika, adibidez: egoera larria da han ere, eta, halere, ardoa bidaltzen jarraitzen dugu. Eta berdin Suitzara edo Alemaniara: etxean kontsumitzeko ohitura handiagoa dute. Hemen garagardoa agian bai, baina ardoa gehiago kostatzen da».

Oso bestelako egoera du Laukote upategiak. «Fakturazioa %75-80 inguru jaitsi zaigu bat-batean. Gure negozioaren zatirik garrantzitsuenetarikoa da ostalaritza», esan du Norberto Miguelek, upategiaren arduradunak. Guardiako (Araba) upategiaren kasuan, esportazioak ez dira zuloa estaltzeko adina izaten ari. «Esportazioek konfinamendu garaian arnasa eman ziguten; udan, batez ere. Baina guk saltzen dugun eremuan, AEBetan, oraintxe arazoak izaten ari dira COVID-19arekin, eta ostalaritza ixten ari dira han ere. Gure nazioarteko salmentak %10-20 inguru izango izango dira orain».

Arabako Errioxako upategiek upelak ardoz beteak dituzte; uzta bikaina izan da aurtengoa, eta horri zein irtenbide eman asmatu ezinik dabiltza gehienak. Laukoteren kasuan, inguruko bezeroen artean aurkitu dute irtenbide bat, salmenta zuzenaren bidez: «Bertako jendeari esker ari gara datuak apur bat txukuntzen, zuzeneko salmenta bidez erosten hasi baitira Eguberrietarako ardoa. Eta kanpaina horri esker, uste dut zerbait saltzerik izango dugula».

Salmenta zuzenaren bidea

Asko dira, hain zuzen ere, zuzeneko salmentaren bidea hautatu dutenak beren produktuak saldu eta diru sarrera batzuk lortu ahal izateko. Konfinamendu garaian negozio askoren irtenbidea izan zen, eta ikasgai hura baliatu nahi izan dute orain ere, ostalaritzaren itxierari aurre egiteko. Eta hori izango da Eguberriei begira erabiliko duten estrategia.

Interneten aurkitu dute horretarako erakusleihoa. Tierra upategiaren kasuan adibidez, dagoeneko martxan diren askotariko plataformen bidez saltzen dute ardoa. «Plataforma askotan gaude, eta bai, saltzen dugu. Baina batez ere upategian bertan ari gara saltzen, betiko eta gertuko bezeroei. Etxera eramateko erraztasunak ematen dizkiegu. Baina hemen asko falta zaigu oraindik ohiturak aldatzeko. Pentsa, ezagutzen dut ardo ekoizlerik etxean ardorik ez duena. Imajinatu zein den etxeko ardo kontsumoaren maila hemen».

Urte zailak datozela ohartarazi du Fernandezek. «Egoerak hobera eginda ere, bi uzta elkartuko dira mundu osoko upategietan. Ardo kontsumoa nabarmen handituta ere ez dugu hori guztia merkatura aterako. Uste dut gutxienez bi urte oker datozela».

ABRA Arabako Errioxako Upeltegien Elkarteko kideek alavawines.com webgunea ireki dute, bestalde; tresna hori baliatu nahi izan du Laukotek bere ardoak saltzeko. «Aukera ona izaten ari da, eta eskaera asko ari gara jasotzen», azaldu du Norberto Miguel arduradunak. «Baina ez pentsa erraza denik, egun denok baitugu webgune bat, eta jendeak ez du ohitura handirik Internetez erosteko».

Bat dator Fernandezekin, halere: «garai zailak» datozela uste du hark ere. Jatorri izen propio baten beharra galdegin du estrategia gisara. «Argi dago ardoa prezio duin eta justuan saldu nahi badugu marka propio bat behar dugula. Orain etorriko den prezio gerra ikaragarria izango baita».

Ardoa baino zailagoa dira saltzen Acha destilatze enpresak ekoizten dituen produktuak, Martinek azpimarratu duenez. «Hornitzaile guztiek esaten digute gehien saltzen ari dena ardoa, garagardoa eta bermuta direla. Eguraldiak ere eragiten du, baina whiskia, vodka, rona… oso gutxi saltzen dira». Baina pandemiak hala behartuta, Interneterako jauzia egitea erabaki dute, beste negozio bide bat irekitzeko asmoz.

Sarasti Edariak-ek ere pandemiaren bigarren olatua baliatu du webgune bat atontzeko. «Astigarragako Udalaren diru laguntza baten zain nago, webgunea amaitu ahal izateko. Ez dugu eskaera handirik espero, baina sinetsita nago gutxienez zulo batzuk estaltzeko balioko digula. Probatu nahi dugu», esan du Martinezek.

Guikarrek, ordea, lehendik ere saltzen zuen Internet bidez, eta izurritearen itzalean, nabarmen igo zaizkie eskaerak. «Konfinamenduan izugarria izan zen; orain, ordea, gutxiago ari gara saltzen». Gabonak gertu daudela eta erosketak egiteko «garai aproposa» dela gogorarazi du Goikoetxeak. «Eta, gainera, guri arnasa emango ligukete».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.