begona del teso
IRITZIA

Hartzaren larrua nork erosi?

2022ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Urrezkoa izan da, urtero moduan. Zilarrezkoa ere bai, 72. ediziokoa. Baita belusezkoa ere. Baina Tiergarten parkean mendeetan zehar aterpe aurkitu izan duen Berlingo hartza minduta, zaurituta, zaurgarri agertu da. Dar-dar bizian bai porlanezko piztia bai koronabirusak desiraturiko haren larrua eta hezurrak zeluloidez babesten zituen hura.

Izan dira zinema puska ikaragarri ausart eta kuraiosak aretoetan. Egia esan, zera zirudien: arriskuan gaudenez gero, erre ditzagun barkuak eta zubiak eta inoiz joan ez garena baino harago joan gaitezen. Eta zin degizuet ez dudala preseski esaten Carla Simonen Alcarràs filmaren inguruan, baizik eta, etsenplu baterako, pasa den azaroan 90 urte bete zituen Paolo Tavianiren Leonora Addio-ren gainean.

Bai, Carlak egindakoa beste film guztien gainetik nabarmendu zuen bere bidea zein den inoiz asmatzen ez duen eta horregatik pantailetan barna zabuka ibili ohi den M. Night Shyamalan buru zuen epaimahaiak. Baina filmak gutxi arriskatzen du, nire ustez, eta ez gaitu arriskuaren aurrean jartzen. Ez du inor muturreraino eramaten.

Tolstoiren Anna Karenina-ren hasierako esaldi famatua tolestuz, zera esango nuke nik: Carlak ez dakien arren, dolutan, minetan, apurka-apurka hamaika zatitan hausten diren zoritxarreko familia guztiak antzekoak dira. Eta Alcarràs-en kontatzen dena mila aldiz ikusi izan dugu. Aldatzen zen kontu bakarra arbola mota zen. Batzuetan olibondoak izan dira ikur. Besteetan limoiondoak. Han pikondoak, hemen... Lleidako mertxikondoak.

Vittorio zenaren anaia Paolok, aldiz, ikaragarri ausart jo du Luigi Pirandello autorearen inguruko bere zuri-beltzeko fartsan. Bai teknika aldetik, bai irudien sakonean datzan gogoeta maltzurrean.

Hil da idazle handia. Hil da garai aldrebestuetan, mundua gerran baita. Eskatu izan du bere errautsak Siziliako bere lurrean lurperatzeko edo haizatzeko.

Urteak pasatuko dira, gerra bukatuko (edo...). Eta horra hor, idazle paregabearen errautsak, batetik bestera, Fellinirekin, Rosellinirekin, Anna Magnaniren pelikula askorekin, Pasolinirekin eta, nahiz eta Paolok On Luis agian ezagutu ez, Berlangarekin ere zerikusi handia duen film honetan. Minduta, beldur den Berlingo hartzari animoak emateko agertu zen pelikula pantailetan.

Zortzi hilabete eman dute zinema aretoek itxita Marleneren eta Murnauren hirian. Batzuek amore eman dute eta ez dituzte berriro ateak zabalduko. Hesia erori (bota) osteko egun eta hilabete zorionekoetan denen ezpainetan zegoen esaldia ez da, orain, gaitz guztiak ezabatuko dituen ez lelorik, ez arkanbele kantarik, ez ezkuturik. Gogoan? Joandako garaietan denok genekien Berlin arm aber sexy zela. Pobrea, baina... sexy.

Orain, pobretu da are gehiago (%3 jaitsi da hiriko ekonomia), eta, saiatu arren, sexya ez da. Tristatua ikusten duzu izkinetan. Tristatua berriro irekiko ez duten luxuzko hoteletako hondakinetan. Tristeziak jota, izugarrizko jazza entzuten zen zulo zoragarriak eremu huts baino ez baitira.

Beldur da hartza. Berlin-Berlingoa den periodiko baten azalean, igandean, galdetzen zuten, lotsarik, damurik gabe, ea zenbateraino behar ote zuen Berlinale zinema jaialdiak Berlin hiria. Are aztoragarriagoa zen segidan zetorren bigarren galdera: Zenbateraino behar du Berlin hiriak Berlinale? Okerrena da bi esaldi horiek ez zirela erretolika hutsa...

Urakanak izan ziren Berlinen Berlinaleko egunetan. Haizea hor zegoen beti, izkinetako bueltan zu harrapatu nahian. Eguraldiaren atsekabeak bat egiten zuen Berlinalearen tristeziarekin. Hala ere, azken bost egunetan, zinemaldia publikoarentzat ireki zutenean, 140.000 sarrera saldu ziren. Agian zutik irauten duten aretoak betiko, aspaldiko eta benetako zinema jauregiak baitira. Hala nola Kino International, Delphi Palast, Friedrichstadt-Palast, Zeughaus Kino. Edo literaturaren, antzerkiaren,bizitzaren, balentria eta porrot askoren xarmaz tindaturik diren Akademie der Künste edo Urania bezalako eraikinak.

Horietan, zinema zeremonia bat da. Garaiz zoaz zerbait hartzera, lagunekin solasaldi beroan izan nahian, Berlin hiria leihate handi-handien artetik maite-maite begiratzeko. Garaiz zoaz, zeremoniak bere erritmo propioa baitu. Hilko ez diren leku horietan, zinemak badu etorkizunik, esperantzarik. Are gehiago, gordeleku horietan Erin eta Travis Wilkersonek sortutako Nuclear Family mikatz-mikatza dastatzerik baduzu. Bertan, Montanako basamortuan dauden indar nuklearraren aztarnak abiapuntu harturik, AEBetako historia ilunari eraso egiten diote autore biek, kamera labana modura erabiliz.

Bai, Berlinek behar eta merezi du Berlinale. Bestela, non ikusi Unruhe? Ikaragarria Suitzako Cyril Schaublinek pelikula honetan lortu duena. XIX. mendean bere herrian aberkideen harrotasuna piztu zuen erlojugintzak izan zuen presentzia erraldoia, garrantzi sekulakoa, eta argazkigintzaren hastapenak bildu, lotu, estutu ditu, teknika aldetik atrebentzia handiarekin joz.

Berlinalek derrigor izan behar du Berlinen. Beste inon ez baitzuen lekurik I poli kei I poli film greziarrak. Honetan ere, antzinako mamuak esnatzen dira. Tesalonikan. Nazien aro hartan. Performance bat dirudi momentu askotan Christos Passalis eta Syllas Tzoumerkasen lanak. Baten batek pentsa lezake handiuste jokatzen dutela egileek. Baliteke, baina Berlinek pelikula hori merezi zuen.

Zauritua eta zaurgarri agertu da egunotan Berlingo hartza, baina ez izan kezka handirik. Hiri honetan aingeruek baitute gizakion pena guztien berri. Gurekin partekatzen dituztelako. Ez ahaztu... Der Himmel über Berlin, Wendersena. Berlin pobretu da berriro, baina sexya izango da etorriko diren Berlinaleetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.