Berezia izan da oso joan den abenduaren 7tik igandea bitarte egin den Arrasateko Nazioarteko Akordeoi Lehiaketa (Gipuzkoa). Hauspoa elkarteak antolatutako lehiaketaren 25. aldia izan da iragan berri dena. Mende laurdeneko ibilbidean lehen aldiz, bi akordeoi jotzailek, Maria Zubimendi zumaiarrak (Gipuzkoa) eta Esloveniako Neza Torkarrek, lehenengo saria, Arrasateko dragoia garaikurra partekatu behar izan dute, hiru programa jo ondotik, puntuazio berbera erdietsi baitzuten. Hirugarren saria, beste emakume batek eskuratu zuen, Irurako (Gipuzkoa) Lore Amenabarrek.
Aurten, parte hartu duten eskusoinu jotzaileen maila «handia» nabarmendu dute lehiaketako epaimahaiko kideek. «Oso estua» izan da lehia, haien hitzetan. Izan ere, publikoaren aurrean hiru programa oso jo ondoren, lehen saria irabazi duten Maria Zubimendik eta Neza Torkarrek puntu kopuru bera eskuratu zuten, 46,03 puntu, hain zuzen ere. Hirugarren saria irabazi duenarekin aldea oso txikia izan zen gainera, 44,81 puntu lortu baitzituen Lore Amenabarrek. Hala, Arrasateko Nazioarteko Lehiaketan lehenengo aldiz, lehen hiru sailkatuak emakumezkoak izan dira.
Gipuzkoako sariketa
Nazioarteko lehiaketarekin batera, Gipuzkoako 38. Akordeoi Lehiaketa ere jokatu zen asteburuan Arrasaten. Senior mailan, Aaron Carrionek eskuratu zuen lehen saria; Junior mailan, Maitane Arretxek; eta haurren mailan, Ines Garciak.
Zubimendik eta Torkarrek irabazi dute Arrasateko Akordeoi Lehiaketa
Mende laurdeneko ibilbidean lehenegoz, bi finalistek puntu kopuru bera erdietsi dute, eta sari nagusia partekatu egin behar izan dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu