Asteburuko proposamenak

Artisauen topagunea

Euskal Herriko artisautzaren azoka egingo dute gaurtik hilaren 8ra bitarte, Durangoko Merkatu plazan. Arlo hori zabaltzea da asmoetako bat

Eskulangile bat Euskal Denda Euskal Herriko artisautza azokan, Durangon, 2019an. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Euskal liburu eta disko azokarengatik da batez ere ezaguna Durango (Bizkaia) abenduko lehen egunetan, baina data berberetan eta Landako gunetik metro gutxira, bada egin ohi den beste bat ere, segur aski gehientsuenek ezagun dutena: Euskal Denda Euskal Herriko artisautzaren azoka.

Hain zuzen, 25 urte beteko ditu aurten merkatu horrek, eta Arbaso Euskal Herriko artisautza elkartea da antolatzailea. Helburuak izan dituzte gogoan, eta azaldu dute azokak «ekarpen garrantzitsua» egiten duela euskal artisautza tradizionala eta gaur egungoa hedatzeko eta sustatzeko. Izan ere, uste dute oro har betiko artisautzak «irudi baztertua» izan duela, baina horrelako egitasmoek hori baztertu, eta bisitariek arloaren «benetako esentzia» ezagutzeko aukera izan dezaketela. «Azoketan erakusten eta azaltzen dugu gure arbasoek egunero erabili ohi zituzten objektuak gaur egun ere erabilgarriak direla; eskuragarri daude horietako zenbait, eta askotariko erabilerak dituzte gainera». Beraz, zehaztu dute «beharrezkoa» dela objektu horien berri ematea, hala ezean, «denboran zaharkituta» gelditu daitezkeelako. «Metodologia berriak erabiliz birdiseinatuta daude».

Parte hartuko duten artisauei dagokienez, Hego Euskal Herriko 47 eskulangile egongo dira guztira: Arabatik, lau; Bizkaitik, 26; Gipuzkoatik, hamahiru; eta Nafarroatik, lau. Horietako bakoitzak artisautza mota bat lantzen du, baina tartean daude, besteak beste, arte kontserbazioa eta zaharberritzea, zeramika, bitxigintza, kosmetika, ehuna, jostailugintza eta ilustrazioa. Horrez gain, jatekoa nahiago duenak izango du horretarako aukera, elikadura postuak ere egongo baitira; hala nola ahatearekin eginiko produktuena, gozogintzarena eta esnekiena.

Joan nahi duena, beraz, gaurtik hilaren 8ra bitarte joan daiteke. Durangoko Merkatu plazan egongo da azoka, 11:00etatik 14:30era, eta 16:30etik 21:00etara. Edukiera ere kontrolatuko dute.

Badira beste azoka batzuk

Badirudi azoken astea izaten dela abenduko lehena Durangon, aipaturiko biez gain beste batzuk ere egingo dituztelako. Eixu artisau, sortzaile eta ekoizleen elkarteak, esate baterako, eskuz eginiko askotariko produktuen azoka antolatu du abenduaren 8ra arte Andra Mari elizpean. Produktuak ikusteko eta erosteko aukeraz gain, antolatzaileek azaldu dute artisauekin zuzeneko harremana izateko aukera ere egongo dela.

Komentu kaleko lokal batean, berriz, azoka autogestionatua antolatu dute hainbat kolektibok; besteak beste, Sare Antifaxistak. Haien hitzetan, asmoa da «kultura antikomertzialari» tokia egitea.

Artisautza azoka

Gaurtik hilaren 8ra bitarte, goizez eta arratsaldez, Durangon (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.