Erlea Maneros Zabala. Artista

«Neure buruarekiko arroztasun bat sortu da nigan»

Badira ia 25 urte Euskal Herritik kanpo bizi dela. Ez zuen hala aurreikusi, baina hemen da urtarriletik, pandemiagatik. Egonaldi horren emaitza da Donostiako San Telmo Museoan ikusgai daukan proiektua, 'Norusta'.

JON URBE / FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Donostia
2020ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Erlea Maneros Zabalak (Bilbo, 1977) Glasgowko Arte Eskolan egin zituen Arte Ederren ikasketak, eta Kaliforniako Arte Institutuan amaitu zuen masterra. 2003an izan zen hori. Ordutik, haren lanen lekuko izan dira Los Angeles, Mexiko Hiria, New York, San Frantzisko, Paris, Istanbul, Hanburgo, Madril, Bergen, Chicago, Gdansk, Bordele, Valentzia... Baita Bilbo, Gasteiz eta Donostia ere.

Joshua Tree (Kalifornia, AEB) du bizitoki eta lantoki, Mojave basamortuan. «Naturak eraikitako paisaia monumentalak, eguzkiaren gordintasunak eta bertako meteorologiaren izaerak nire egunerokoa moldatzen dute han, ezinbestean. Pandemia gogorarazten ari zaiguna hori bera da: gizakiok naturaren testuinguruan bizi garela, eta ez alderantziz».

Urtarrilean etorri zen Donostiara, San Telmoko Museo Bikoitza programako proiektua definitzen segitzeko urrats gisa. Etxera bueltatu, lana abian jarri, eta hona berriz itzultzea zuen asmoa. Ordutik, itxialdia, Lekeitioko (Bizkaia) itsaslabarrak, piraguaren kulunka, orkatz adarrak eta memoria txatalen berreskurapena gurutzatu zaizkio. Horren akta notariala da Norusta. Proiektuak San Telmo Museoan hartzen duen espazioan hartu du kazetaria artistak.

Norusta.

Lekeition, Otoio menditik —ipar-mendebaletik— datorren eguraldiari deitzen zaio norusta. Galtze prozesuan dagoen berba bat da. Haize horrek eguraldi txarra ekarri ohi du. Lekeitioko Berbak Lantaldearen liburuxken bitartez ikasi dudan hitz bat da.

Norusta du izenburua zure azken proiektuak, eta Otoio agertzen duen Pedro Perez de Castro artistaren (Madril, 1823 - 1902) litografia bat du abiapuntu.

San Telmo Museoaren bildumako lan bat da. Pandemia etorri baino arinago, lan honetarako batuta nituen irudi eta agirien artean zegoen. Egoera berriak proiektuaren norabide kontzeptuala kolokan jarri zuen, eta irudi hau pisu handiagoa hartzen hasi zen.

Lehen aldia zen, 1994tik, Euskal Herrian hainbeste denbora egiten nuela. Egoera berezia zen denontzat, eta, niretzat, gaur egungo nire etxetik kanpo egotea zen, ez nengoelako Kalifornian; aldi berean, baina, nire etxea izan zen hartan nengoen. Tristea eta gogorra zen egoera orokorrean, eta, aldi berean, Lekeition itxialdia pasatzeak erdi ahaztuta nituen egoerak ekarri zizkidan burura, modu berezi batean.

Eta zer gertatu zen hastapeneko proiektuarekin itxialdi amaieran?

Urtarrilera arte kontzeptualki argi nuena hankaz gora jarri zen. San Telmoko artxiboan aurkitutako irudi eta dokumentuak Euskal Herriko beste artxiboetako materialekin lantzea zen nire asmoa, baina leku horiek itxita zeuden. Material hauek batu eta Ameriketara joan behar nuen, distantziatik honi begirako lan bat egiteko... eta hori ere ez zen posible.

Distantziatik izan zenezakeen ikuspegia zen, hain zuzen, Ibon Aranberrik zu proiektu honetarako aukeratzeko arrazoietako bat.

Bai, eta berezia da, benetan, gertatu dena. Hark euskaldun kanpotar bat gonbidatu, eta kanpotar hau inork aurreikusi ahal zuena baino gehiago murgildu da euskal testuinguruan, egoeragatik. Maiatzaren bukaeran Otoioren gertutasunetik lan egitea erabaki nuen, litografia horren bitartez. Ezaguna dudan txokoa da; gaztetan joaten nintzen bertara, beste asko bezala, denbora-pasa. Itxialdia bukatu eta kanpora irteten hasi ginenean, margolariaren ikuspuntu zehatzaren bila hasi nintzen; lekua ezaguna izan arren, irudia arrotza egiten zitzaidan. Eta txoko hartan berriro denbora pasatuz, konturatu nintzen irudi hori artistak ikuspuntu ezberdinetatik eraikitako lekuaren perspektiba irreal bat zela; existitzen ez diren haitzak asmatu zituela eta dauden batzuk ebaki edo kendu; olatuen norabide ezinezko bat ere proposatu zuela efektu gisa, bere irudi idealizatua sortzeko.

Irudi hori mugimendu erromantikoan kokatzen da.

Bai. Eta mugimendu hark ordena naturala gizakiaren gainetik zegoela ulertu arren industrializazioarekiko erreakzio gisa, irudi honen eraikuntzaren diskurtsoak kontrakoa esaten du. Hau da, kasu honetan, berriro ere, gizakiak natura manipulatzen du, haren ikuspegitik sublimea den irudi bat eraikitzeko.

Gogoeta hauek denek, irudi honi emandako erantzun bezala, beste irudi batzuk eraikitzera eraman naute, eta hori proiektu honen zutabeetako bat bihurtu zen.

Eta itsasora jo zenuen.

Ikuspuntua aldatu nahian, bai. Litografiako lehen planoan agertzen den lur zatia Otoio mendiaren iparraldean dagoen itsaslabarra da, eta, atzeko planoan, urrutira, Ogoño eta Matxitxako ikusten dira. Lehen plano horretako bi kilometroko kostaldean ibili naiz piraguarekin maiatzetik irailera bitartean, haitzon irudiak sortzen, argazki kamera bat bitarteko.

Zeren bila?

Ahalik eta gehien hurbildu nahi nuen haitzetara itsasoz, irudiak hartzeko. Piraguaz joanez lortzen nuen gertutasuna eta nire gorputzaren egoera fisikoak sortzen zuen aldaketa mentala aproposenak zirela erabaki nuen. Begira mapari [erakusmahai batera joz]: hemen dago Lekeitioko portua; bertatik irten eta Antzoriz lurmuturrera heldu behar nintzen. Antzorizen hasten nintzen argazkiak egiten; Arrakulu zen muga.

Argazkiak egiteko prozesuan, harreman bat sortu nuen haitzekin. Garai ezberdinetako mapei begira ikasi nuen, bi kilometroko distantzia horretan, nik Santa Katalina itsasargia deitzen nion tokiak, lehen, Antzoriz izena zuela. Arrakulu ezagutzen nuen, baina Azurdi ez, eta ezta Narrapea, Zentellarria, Aurrekolueta, Utzkolaitz eta beste ere. 200 metroro, labarrak izen propio bat zuen.

Izenok zuganaino egindako bidea ez da kilometroetan neurtzen.

Euskal paisaiarekin eta hitzekin daukadan harremana berezia da. Ia 25 urte egin ditut atzerrian. Euskal testuingurutik urruti hainbeste denbora pasatu izanak —distantzia eta denbora horrek—, prozesu berezi bat sortu du nigan: ezagunak ditudan gauzak beste ikuspuntu batetik ikustea, familiarra distantzia arraro batetik ikustea. Bizimodu horrekin neure buruarekiko arroztasun bat sortu da nigan, nolabait esatearren. Proiektuko bigarren zutabea, esaterako, orkatz adar mutur bat da. Adar hori nire familian egon da hainbat urtez, eta gogoan dut zerbaitek ziztatzen gintuenean, izan intsektu edo izan salbario, adarraren ipurdia zauriaren gainean jartzen zigula amamak, sendatzeko. Nire memorian, horiek haren kontuak ziren, sineskeriak. Ez nuen ulertzen zergatik erabiltzen zuen kaxoi batean gordeta zegoen animalia zati hura. Amamak zioen Ameriketatik ekarria zela adar hori, eta Ameriketara eramana neukan nik.

Adar horrekin bizi izan zara orain arte, beraz.

Bai. Adarra nirekin maletan eramaten nuen objektu bat zen, babesten ninduelakoan. Konexio fisiko bakarra zen nire iraganarekin. Neurekin ekarri nuen bueltan Euskal Herrira, bada, eta, galdetzen hasi, eta ikasi dut kostako herrietako ohitura bat zela adarra erabiltzea, arrain pozoitsuek eragindako zauriak sendatzeko eta. Ez zen nire amamaren sineskeria bat; ezta Lekeitiokoa ere; arrantzale herrietako jakituria zen. Nigana, baina, memoria urrun baten hondar oihartzun gisa heldu zen, ohitura indibidual gisa, benetako balio kolektiboa zeukanean berez. Orduan, memoria hori berreskuratzeko prozesuan, adar hori museoari dohaintzan ematea erabaki nuen, eta emate ekintza bera ere hemen erakustea.

Zail egin al zaizu dohaintzan ematea?

[Isiltasuna] Orain konturatu naiz objektu hau ez dela nire eskuetan egongo gehiago. Banekien, baina zuk galdera egin arte, ez dut benetan barneratu hori. Objektu xume baten inguruan egon ahal diren memoria eta sentimenduak... interesgarria da. Hala ere, San Telmo Museoa denona da, eta, adarra nire etxean egon ez arren, orain gure etxean dago.

Baina zuretzat badu beste zentzu bat. Opari handia egin diozu museo honi.

Pertsonalki, horrela da. Kanpotik, ez dakit hala ulertuko duten objektu horrekin harreman emozional bat ez dutenek ez dakit emozional hitza erabili nahi dudan. Niretzat, objektu hau amamarekin neukan konexio bat zen. Ez dakit nola esan [isiltasuna]. Zerbait bitala da. Aldi berean, proiektu honen narratiba orokorrean dago txertatuta. Batetik, San Telmoko bildumako arte lan bat —litografia— atera dut Gordailutik; eta, bestetik, objektu hau txertatu dut museoaren bilduman eta narratiban. Keinu bi horien arteko elkarrizketa da proiektuaren sustraia.

Proiektu hau ez al da bereziki ezinbestekoa zure ibilbidean? Daukan autobiografia ukitua, esaterako, izan al du besteren batek?

Modu honetan ez. Nire lan egiteko prozesuetan, lanak erreakzio bat egin ohi du ni bizitzen ari naizen testuinguruarekin, garaikideak diren gai edota irudiekin. Hor ere bada nire ikuspegia, baina kasu honetan nire haurtzaroarekin edo nire sustraiekin dago lotuta, eta emotiboagoa da. Zailagoa ere izan da distantzia gordetzea.

Gorputza ere bitartekari bihurtu duzu eta.

Bai. Hasieran, nekeza egiten zitzaidan itsasoan hainbeste ordu egitea, ez nengoelako ohituta. Gorputza ere aldatu zitzaidan. Pandemiak izan du beste ondorio bat ere, nabarmena nire ustez, lan honetan...

Zein?

Itxialdia bukatu zenean, kanpora ateratzen hasi ginenean, behar mental eta fisikoa sentitzen nuen, sena edo, itsasora jotzeko, eta modu oso muturrekoan gainera. Itsasoaren eta meteorologiaren egoera aproposa zenean bakarrik joan ahal nintzen argazkiak egitera; naturak etengabe esaten zidan noiz eta noraino hurbil nintekeen labarretara, mugak berak ezartzen zizkidalako. Hori ez da ohiko egoera niretzat. Normalean, artxiboetan eta estudioan egiten dut lana, irudiez jabetzen, irudiei aldaketak ezartzen, eraldaketa prozesua kontrolatzen. Kasu honetan, beste baldintza batzuek ezartzen zizkioten aldaketak irudiari, eta hori kontrolatu ezinak sortutako frustrazioak egoera ulertzera ekarri ninduen: paralelismo bat zegoen COVID-19ak eragindako egoeraren eta haitz haiek eta itsasoak leku hura errepresentatzeko zeukaten ahalaren artean.

Bideo lan bat ere sortu duzu proiektu honetan. Hor ere, hitzak dira ardatz.

Hitzak, eta orkatz adarra. Adarraren edertasuna erakusten da bideoan. Eta kristalezko filminetan eskuz idatzitako hitz batzuk [blaust, dir-dir, fuit, dzirt-dzart, tarrat, dardar, teink, tirri-tarra, dzi-dza, kurik, laprast eta dir-dar]. Adar honekin eta Otoioko paisaiarekin dudan harremana, hitz hauekin ere badut... beren edertasun grafiko-fisikoagatik daude hemen.

Bideoaren kasuan, bai kontrolatu duzu lan prozesu guztia. Eta espazio propio bat eskaini diozu.

Bai. Jatorrian, testuak oso txikiak dira. Kristaletan eskuz tintarekin idatzitakoak eskaneatzen hasi nintzen, eta bideoan entzuten den hotsa eskaneatzeko erretiluan bat eta bestea sartzerakoan egiten den zarata grabatua da. Egitura abstraktu bat sortzen dute, prozesu osoarena. Oso xumea den prozesu bat, hala, monumentalizatzen da.

Azken hilabeteotan gertatutakoak eraldatu al zaitu batere?

Oraingoz, sakon eraldatu nau, denok bezala, baina ikusteko dago norainokoa den aldaketa benetan, luzera begira. Gorabehera askoko bidea izan da. Ibon Aranberriren laguntza gabe, proiektu hau ez zen posible izango, horixe da egia. Haren koordinatzaile lanak ezinbesteko babesa eskaini dit. Prozesua hain izan da luzea, ez dugu proiektuari buruz bakarrik hitz egin. Harreman bat eraiki dugu eta oso aberasgarria izan da. Artista bezala ere asko estimatzen dut, eta luxu hutsa izan da harekin lan egitea.

Hau ez duzu lehen aldia museoetako bildumekin eta artxiboekin lan egiten.

Hala da. Eta lan horien guztien artean bada ildo diskurtsibo bat. Batzuetan, artxiboaren eta materialtasunaren bitartez ari naiz; besteetan, egitura abstraktuak sortuz. Beti dago ildo bat, baina, denak lotzen dituena. Lehen aipatu dugun pintura erromantikoari buruz, adibidez, eta irudi horien eraikuntzaren diskurtsoak esan nahi duenaz: irudi bat nola eraikitzen den, eraikuntza horrek duen balio politikoa, irudi horiek nola ikusten diren... Ildo horretan, 2000ko hamarkada hasieran egin nituen lan batzuk AEBetako prentsan argitaratu ziren hainbat irudiren inguruan, eta hor ere bazegoen kezka hori, pintura erromantikoaren inguruko diskurtsoari buruz. Hor ere, artxiboa irudi periodistikoak ziren, eta irudion apropiazioa egiten nuen.

Argazkia beti.

Bilboko Carreras Mugica galerian azkenekoz egin nuen erakusketan, pintzelarekin egindako irudi batzuk baziren, argazki multzoetan oinarrituta: modu estrukturalista batean ondu, eta gainean marrazkiak egiten nituen, argazki zatiak keinu batera transferituz. Argazki paperean eskuz egindako abstrakzio batzuk ikusten zituen bisitariak, nahiz eta argazki artxibo bat izan oinarria. Ez ziren argazkiak, baina argazkiak zituzten abiapuntu.

Hala ere, testuak ere izan ditut abiapuntu. Bilboko Guggenheim Museoko 2013ko proiektuan, Lazkaoko Beneditarren artxiboan aurkitutako aldizkari baten orriekin egin nuen lana. Testua irudi bihurtu nuen han.

Artxiboko materiala zen, nolanahi ere. Artxiboak gordailuak dira. Zer da zuk artxiboetan bereziki bilatzen duzuna?

Proiektu bakoitzerako garrantzitsuak iruditzen zaizkidan edukiak. Gaur egun, badirudi Internet bidez sobera irudi eta agiri daukagula edozeri buruz jakiteko, baina hori ez da horrela. Interneteko materiala oso mugatua da, eta ia ezer ez dago digitalizatuta. Ikerketa sakon bat egiteko, artxibo fisikoetara joan behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.