Portugal. Parlamenturako hauteskundeak

Astelehenetik aurrera zer egin

Portugalen inork ez du zalantzarik biharko hauteskundeetan PSk jasoko duela boto gehien. Eztabaida etzitik aurrera hasiko da, ezkerreko indarrek izan behar duten harremanaz

Astelehenetik aurrera zer egin.
ander perez zala
2019ko urriaren 5a
00:00
Entzun

Eztabaida ez da garaipenari buruzkoa, etzitik aurrera gerta daitekeenari buruzkoa baizik. Urtebete da inkesta guztiek Portugalgo Alderdi Sozialistaren (PS) garaipena aurreikusten dutela, eta gainontzeko indar politikoek ez dute zalantzan jarri errealitate hori; hauteskunde kanpainako eztabaida, hortaz, PSk lor dezakeen babes kopuruari buruzkoa izan da, eta horrek irekiko eta itxiko dituen ateei buruzkoa.

Antonio Costa jarduneko lehen ministroak gehiengo osoa du helburu, 2015eko gobernabiderako akordioa ez errepikatzeko; urte hartan, Ezkerreko Blokearekin (BE) eta Portugalgo Alderdi Komunistarekin (PCP) programa komun bat adostu zuen, bi alderdi horien diputatuen babesaren truke. Gutxiengoan gobernatu du azken lau urteotan, bi alderdi horien sostenguarekin, baina orain bakarrik gobernatu nahi du.

Costaren agintaldia ezaguna egin da Europako Batasunean, krisi ekonomikoari aurre egiteko austeritatea amaitu baitu. Lau urtean, langabezia %12,4tik %6,3ra jaitsi da; gutxieneko soldata progresiboki igo dute, 485 eurotik 600era; defizita %4,4tik iazko %0,4ra jaitsi da; eta zorra BPGarekiko %129,8tik %116ra jaitsi da —Pordataren eta Estatistiken Institutu Nazionalaren datuen arabera—. Horrez gain, erretiroaren adina 65 urtean izoztu dute, asteko lanorduak 35 ordura murriztu dituzte sektore publikoan eta lau jaiegun berreskuratu dituzte.



2011-2015 agintaldia gogorra izan zen portugaldarrentzat. Eskuina zegoen agintean, eta murrizketak ezarri zituen, troikaren —Europako Batzordeak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak osatua— 78 bilioi euroko erreskate baten truke. Angela Merkel Alemaniako kantzilerra, 2012an Portugalen izan zenean, argi mintzatu zitzaion herrialdeari: «Badakit gogorra dela, baina hori da bide bakarra».

2015eko bozetan, austeritatea amaitzeko kanpaina egin zuen ezkerrak, eta horrek parlamentuan gehiengo osoa lortzea ekarri zion. Merkel 2018an itzuli zen: «Oso pozik nago Portugal egoera positibo batean aurkitu dudalako».

Alde ilunak ere izan ditu PSren agintaldiak, batez ere gastu publikoa murriztu duelako. Ospitaleetan, garraio publikoaren sektorean eta hezkuntzan sumatu dute gehien diru falta hori, eta medikuen eta irakasleen grebak ugaritu egin dira azken lau urteotan, batez ere PCPtik hurbil dagoen CGTP sindikatuak deiturikoak —iaz 733 greba deialdi izan ziren—. Horrek agerian utzi du langileen lan baldintzetan eta bizi baldintzetan ez dela aldaketa handirik izan; Costaren oposizio handiena, hortaz, kalean egon da. 2017ko basoetako suteei aurre egiteko protokoloak ere kritika handiak eragin zituen —100 lagun hil ziren—, eta Constança Urbano de Sousa Barne ministroak dimisioa eman behar izan zuen urte hartako urrian.

'Geringonça', «positiboa»

Oro har, PSk, BEk eta PCPk positibotzat jo dute geringonça (tramankulua) deituriko lankidetza, baina biharko emaitzen ostean beste pauso bat emateko aukera jarri dute jada mahai gainean gobernuaren sostengu izandako bi alderdiek: koalizio bat osatzea, Costak ez badu gehiengo osorik lortzen parlamentuan. PSren lehen ministrogaiak, ordea, ezezkoa eman zion aukera horri iragan abuztuan: «Hobe da laguntasun on bat ezkontza txar batekin ez zapuztea».

Marco Lisi politologoarentzat, 2015eko adostasuna «bi munduentzako onena» izan zen: «Auzi konplexua zen. Itunak balio izan die [BEri eta PCPri] neurriei buruzko erabakietan eragina izateko eta, aldi berean, gobernua kritikatzeko».

Orain, aurrerapauso bat emateko asmoa dute bi alderdi ezkertiarrek, eta hori gauzatzeko ordezkaritza handiagoa lortzea jarri dute helburu, botoen %10 gaindituta —PCP koalizioan aurkeztuko da Alderdi Ekologista Berdeak-ekin (PEV)—. Lisirentzat, «seguruenik» koalizio horren eskaria Costaren mahai gainean egongo da etzitik aurrera, baina, indar oreken arabera, uste du PSk beste aukera batzuetara jo dezakeela: «Alderdi txikien eta berrien emaitzen araberakoa izango da».

Costaren kanpaina

Testuinguru horretan, bakoitzak bere jarrerari eusten badio, Portugal blokeo politiko batean egon liteke, eta beldur horrekin jokatu du Costak hauteskunde kanpainan, gehiengo osoa eskuratze aldera.

Ordea, jarduneko agintariari estrategia ez zaio nahi bezala atera, PS inkestetan beherantz joan baita bozen eguna hurbildu ahala; oposizioko indar nagusiak, Alderdi Sozialdemokratak (PSD), berriz, kontrako bidea egin du.

Izan ere, herrialdean Costaren garaipena ziurtzat duten arren, jarduneko lehen ministrogaiaren kanpaina gogor jo du Tancos auzia politikaren lehen lerrora itzuli izanak: duela bi urte armategi militar batean lapurtu zuten, eta herrialdeko fiskaltzak iragan astean inputatu zuen garai hartan Defentsa ministro zen Jose Azeredo Lopes, armadari lapurreta hori ezkutatzen lagundu ziola egotzita; Costak haren ministro zena defendatu zuen, kasua ezagutarazi zenean. Jose Socrates lehen ministro ohiari (PS), gainera, ustelkeria delituak egotzi dizkiote, eta epaitu egingo dute.

Zurrunbilo horiei aurre egiteko, PSk kanpainan argudiatu du krisi ekonomikoari aurre egin diola azken agintaldian, eta 2011-2015 legealdiko gobernu eskuindarraren austeritatea amaitu duela. Izen-abizenak ere jarri dizkio bilakaeraren arrazoiari: Mario Centeno, 2015etik Finantza ministro dena, eta 2017tik eurotaldeko presidente dena.

Merkelek duela bi urte herrialdea bisitatu zuenean, ez zuen publikoki aitortu austeritate neurririk gabe krisiari aurre egitea egingarria izan zela, baina Centeno eurotaldeko presidentetzarako babestu izana aitortza horren keinu gisa interpretatu dute Portugalen.

Lisik norabide berean ikusten du herrialdea: «Lehen ministroa eta Finantza ministroa pertsona berak badira, ekonomia eta ongizate neurrietan ez da aldaketa handirik izango». Inkestek, behintzat, parlamentuan gehiengoa aurreikusten diote austeritatearen aurka egin duen ezkerrari.

«PSren gehiengo osoa eragoztea da bozetako helburuetako bat»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.