Albistea entzun

Hezkuntza Legea. Protestak

Eskola publikoko eragileek «ezezko borobila» eman diote legeari kalean

Euskal Eskola Publikoaz Harro-k deituta, manifestazioak egin dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Gaitzetsi dutenez, Hezkuntza Lege proiektuak ez du eskola publikoa sistemaren «muinean» jartzen
<b>1. Donostia.</b> <em>Euskal eskola publikoaren alde, Hezkuntza Lege honi ez</em> lelopean egindako manifestazioa, atzo.
1. Donostia. Euskal eskola publikoaren alde, Hezkuntza Lege honi ez lelopean egindako manifestazioa, atzo. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete -

2023ko ekainak 10 - Donostia

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Lege proiektuari «ezezko borobilena» ematea. Horixe izan zuten helburu atzo Bilboko, Donostiako eta Gasteizko kaleak hartu zituzten herritarrek. Hain zuzen, Euskal Eskola Publikoaz Harro-k antolatuta, protestak egin zituzten , iritzita Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzen ari diren legea ez dela eskola publikoak behar duena. Antolatzaileen arabera, milaka pertsonak parte hartu zuten.

Donostian, jendetzak bat egin zuen protestarekin. Euskal Eskola Publikoaz Harro lelodun kamisetak, pegatinak eta txapak soinean eta banderak eta kartelak eskuan, «hemen gaude publikoaren alde», «harro, harro, harro, publikoaz harro» eta «pribatua ez da publikoa» ozen oihukatu zuten. Baina oihu bat nagusitu zen guztien artean: «Gora eskola publikoa».

Ikusi gehiago: Salatu dute Hezkuntza Lege proiektuak ez duela sare publikoa lehenesten

Manifestazio bukaeran irakurritako manifestuan esan zutenez, hamaika arrazoi dituzte eskola publikoaren alde egin eta lege proiektuari ezetz esateko. Titulartasuna bera da bat. Plataformaren irudiko, testuak ez du eskola publikoa hezkuntza sistemaren «muinean» kokatzen, eta «publiko-pribatu sistema duala» betikotu egiten du. Kontrako bidea defendatzen dute: «Eskola publikoak plangintza estrategiko bat behar du, sistemaren erreferentziazko sare nagusi bihurtu dadin». Halaber, segregazioaren aurkako neurriak ere ez zaizkie balekoak iruditzen: «Hezkuntza sistemak duen segregazio arazo larriari aurre egiteko proposatzen dituen neurriak alferrikakoak dira, ez dutelako arazoaren sustraira jotzen».

Gainera, plataformaren ustez, lege proiektuak ez du euskalduntzea bermatzen: «Hizkuntza ereduek indarrean jarraituko dute, murgiltze eredua orokortu gabe». Ezta laikotasuna ere: «Hainbat ikastetxek doktrinatzen jarraituko dute».

Beste eredu baten alde

Horren aurrean, plataformak dio bestelako eredu bat defendatzen dutela: «Sistema justuago bat aldarrikatzen dugu, diru publikoaren erabilera zentzuzkoa eskatuz». Nabarmendu dute eskola publikoa «benetan erdigunean» jarriko duen sistema nahi dutela.

Izan ere, uste dute hezkuntza eskubidea bermatzen duen sare bakarra publikoa dela eta euskara duela ardatz: «Ikasle gehien euskaldundu duen sarea da». Erantsi dutenez, eskola laikoa da eta gertukoa da. «Labur esanda, euskal eskola publikoa denona eta denontzat da».

Horregatik guztiagatik, «legearen alde» dauden alderdi politikoei zuzendu zaizkie: «Dei egiten diegu bertan behera utz dezaten sare pribatuko ikastetxeen pribilegioak mantendu nahi dituen eta sare publikoa bazter uzten duen lege proiektu hau». Eta ohartarazi dute kalean segituko dutela: «Eskola Publikoak inoiz jasoko duen eraso handienaren aurrean, ozen aldarrikatu nahi dugu: lege pribatizatzaile honi ez! Eskola publikoa bakarra, euskalduna eta laikoa».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

 ©IDOIA ZABALETA/ FOKU

«Adingabeen aurkako biolentzia eragotzi behar da kirolean ere»

Isabel Jaurena

Pisuaren inguruko presioa egitea edo okerrago jokatzen duen taldekidea kanpoan uztea: halako indarkeria egoerak pairatzen dituzte umeek kiroletan. Trebakuntza eman diete begiraleei.
Eskubide Sozialen Kartak deitutako protesta, maiatzean. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Trantsizio ekosozialari buruz hausnartuko dute eragileek gaur Ozaetan

Olatz Silva Rodrigo

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak 'Su txikien itsasoa' topaketak antolatu ditu. 35 taldetako ehun herritar baino gehiago bilduko dira
Olivier Bibens (espekulazioaren kontrako Senpertarren kolektiboa), Martin Lemaire (Lurzaindia) eta Jeanine Beyrie (Ostia kolektiboa), Senpereko Olha etxaldearen salmenta espekulatiboa salatzeko okupazio eta ekintzetan parte hartu dutenak. ©Iñaki Etxeleku, Ipar Euskal Herriko Hitza

«Dirua da nagusitu, eta iduri luke gero eta gehiago onartua dela hori»

Iñaki Etxeleku, Ipar Euskal Herriko Hitza

Olivier Bibens, Martin Lemaire eta Jeanine Beirie Senpereko Olha etxaldeko mobilizazioetako kideak dira. Irakaspenak atera dituzte etxaldearen salmenta espekulatiboaren salatzeko okupaziotik eta ekintzetatik.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...