Eutanasia

Familia medikuek sedazioak egin ahal izateko atea irekitzear dago Paris

Midazolam botika eskuratzeko era emango zaie. Heriotza duinaren aldekoen arabera, sedazioak egiteko «erresistentziak» daude usu

Jendea protestan Parisen, eutanasia legeztatzeko eskatzen. IAN LANGSDON / EFE.
arantxa iraola
2020ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
2015eko martxoan onartu zuen Frantziako Asanblea Nazionalak hilurrenen sedazioa ontzat jotzeko legea; modua ematen die eritasun larri eta sendagaitza dutenei «sedazio jarraitu eta sakonaren» bidez hiltzeko. Eutanasia eta suizidio lagundua, berriz, legez kanpokoak dira. Lege horren garapenean aldaketa bat egitekoa da orain Frantziako Gobernua: familia medikuei era eman nahi die sedazio mota hori egiteko.

Orain arte eragozpen bat izan dute; sedazioa egiteko erabiltzen den Midazolam botika soilik erietxeetan erabili izan da, eta, beraz, lehen mailako arretako medikuek ezin izan dute eskuratu. Horretan egin nahi dute aldaketa; familia medikuei botika hori lortzeko bidea ireki nahi diete, etxeetan artatzen dituzten hilurrenekin erabiltzeko. Hautu hori bere kaxara egin zuen Normandiako osagile bat auzitara eraman dute, zigortuta dago gaur egun, eta hari gertatu zaionarekin asaldatuta, hutsune hori aintzat hartzeko eskatu dute hainbat medikuk. Lehen urratsa eginda dago: Osasunerako Goi Agintaritzak horren aldeko gomendioa eman du. Gobernuaren onespena falta da orain prozesua egikaritzeko.

Laurene Arseguet duintasunez hiltzeko eskubidearen aldeko elkarteko Frantziako kidea da. Egun sedazio mota hori soilik zaintza aringarrietako unitateetan egiten dela esan du, eta profesional zenbaitek saihestu egiten dutela: «Erresistentziak izaten dira maiz sedazioak egiteko. Oso zuztartuta dago medikuen artean osatzeko daudela, ez hiltzen laguntzeko». Hala ere, maiz pazienteak pairamendua saihestu ezinik hiltzen direla esan du, aringarrien bidezko arta ez baitago orokortuta: «Estaldura pobrea da». Onartu du ate berri bat irekiko dela Midazolam botika lehen mailako arretan diharduten medikuen esku ipinita. «Orain, familia medikuek egin ahal izango dute egun zaintza aringarrietako unitateetan bakarrik egiten dena». Paziente baten etxean horrelako prozesu bat jarraitzeko, hala ere, familia medikuek baldintza asko bete behar dituzte: 24 orduan egon behar dute hura artatzeko prest, gertuen duen aringarrien unitatearekin harremanetan aritu behar dute, eta erietxe batean ohe bat eduki behar dute prest, badaezpada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.