Ezkerreko abertzaleen Bil Gaiten talde politikoa aurkeztu dute 27 hautetsik

EH Baiko hautetsiek bultzatu dute elkargoko taldea, baina guziak ez dira barne izango. Hautetsien lana «errazteko» beharra nabarmendu dute

GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Hiriburu
2022ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Ez dute «gehiengo eta oposizio» logika batean kokatzen beren burua. Ez dute Euskal Hirigune Elkargoa zalantzan ematen. Baina «bertikalitaterako tendentzia» du gobernantzak, haien ustez, eta «horizontalagoa» izatea nahiko lukete; hautetsien parte hartzea «erraztu» nahi dute. Euskal Elkargoan ezkerreko abertzaleak bilduko dituen Bil Gaiten talde politikoa aurkeztu zuten atzo arratsaldean Hiriburun (Lapurdi). 27 kide izanen ditu EH Baiko hautetsiek bultzatu duten ekinaldiak. Horrela aurkeztu zuten Nicole Etxamendi Itsasuko (Lapurdi) hautetsiak eta Jean Claude Mailharrin Amenduzekoak (Nafarroa Beherea): «Funtsezko dimentsio demokratikoa du talde politikoaren sorrerak: hautetsiak beraien funtzioa betetzen laguntzea, dosierrak egin ahala goizik eskuetan hartzea, informazioa erdiesten laguntzea, deliberoen edukiaz gehiago jabetzea eta eztabaiden kalitatea hobetzea».

Euskal Elkargoa sortu dutenetik, elkarrekin biltzen dira EH Baiko hautetsiak, eta alderdiko kide ez izanik ere hurbilekoak diren beste batzuk. Lan horren jarraipen gisa aurkeztu dute talde politikoaren sorrera. Asteazkenean jakinarazi zioten Jean Rene Etxegarai lehendakariari talde gisa antolatu direla.

EH Baiko hautetsiek bultzatu dute, baina ez dira EH Baiko hautetsi guziak izanen. Ez parte hartzea erabaki dute, besteak beste, Daniel Olzomendik, Antton Kurutxarrik eta Eneko Aldanak. Turismorako eta hizkuntza politikarako lehendakariordeak dira lehen biak, Ziburuko auzapez eta Hego Lapurdiko lurralde eremuko erreferentea hirugarrena. Bakoitzaren erabakia «ulertzen eta errespetatzen» dutela adierazi zuten, eta elkarrekin lan egiten segituko dutela baieztatu. Taldeko kide izanen dira, haatik, Filipe Aramendi Urruñako (Lapurdi) auzapeza, Alain Iriart Hiriburukoa, Maite Pitrau Atharratzekoa (Zuberoa) eta Xole Aire Urepelekoa (Nafarroa Beherea), batzuk aipatzearren.

Kolaboratzaile bat

Bil Gaiten taldeko kideen iritziz, Euskal Hirigune Elkargoko Gobernantza Ituna ez da osoki betea; erabakietan eta kudeaketan «zeharkakotasun» handiagoa izan daitekeela uste dute. «Konbentzituak gara lagundu dezakegula bertikalitaterako dagoen tendentzia batetik obratze horizontalago batera pasatzen».

Baina hautetsiek elkargoaren eguneroko funtzionamenduarekin dituzten zailtasunetan eman zuten azpimarra. Azken urteetan hautetsi batek baino gehiagok deitoratu du elkargoaren zama: epe laburrean jasotako dokumentu mardulak, horiek lantzeko baliabide falta... Hori bera aipatu zuten Bil Gaiten taldean elkartu direnek ere.

Talde politikoan elkartzeak hori «erraztu» lezakeela uste dute, bereziki giza baliabideak ematen bazaizkio. Taldearentzat gutxienez kolaboratzaile bat izatea eskatu zuten. Urteko aurrekontuan integratuta elkargoko batzarrak har dezakeen erabaki bat da hori. «Exekutiboan diren hautetsiek elkargoko teknikarien laguntza izaten dute», ohartarazi zuten. «Diru zama txiki bat» horretarako mobilizatu beharko litzatekeela uste dute: «Erronka demokratiko horrek merezi du».

Hona Bil Gaiten taldeko kideen zerrenda:

Nicole Etxamendi (Itsasu, Lapurdi)
Jean Claude Mailharin (Amenduze, Nafarroa Beherea)
Gilles Haran (Izturitze, Nafarroa Beherea)
Arño Gaztanbide (Aiherra, Nafarroa Beherea)
Celine Cotinat (Hendaia, Lapurdi)
Jean-Louis Prebende (Gabadi, Nafarroa Beherea)
Odile Dameztoi (Hiriburu, Lapurdi)
Maite Pitrau (Atharratze, Zuberoa)
Filipe Aramendi (Urruña, Lapurdi)
Pierre Urruti (Altzai, Zuberoa)
Xole Aire (Urepele, Nafarroa Beherea)
Pantxoa Tellier (Urruña, Lapurdi)
Alain Iriart (Hiriburu, Lapurdi)
David Hugla (Lehuntze, Nafarroa Beherea)
Rene Etxemendi (Suhuskune, Nafarroa Beherea)
Iban Ruspil (Uhartehiri, Nafarroa Beherea)
Peio Quihillalt (Ligi-Atherei, Zuberoa)
Xabi Elgart (Muskildi, Zuberoa)
Veronique Colas (Montori, Zuberoa)
Xabi Thikoipe (Donamartiri, Nafarroa Beherea)
Paulo Arzeluz Aramendi (Hendaia, Lapurdi)
Egoitz Urrutikoetxea (Lexantzü, Zuberoa)
Jean-Michel Antxordoki (Bidarrai, Nafarroa Beherea)
Anthony Sans (Etxebarre, Zuberoa)
Marie-Dorothee Nabarra (Lakarri, Zuberoa)
Marie-Christine Elizondo (Urruña, Lapurdi)
Sylvie Zaldunbide (Uharte Garazi, Nafarroa Beherea)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.