Nafarroan zazpi gizon atxilotu dituzte indarkeria matxistagatik

Horietatik bosti tratu txarrak egozten dizkiete, eta beste biri, sexu abusuak. Adin txikiko mutil batek salatu du ziztatu egin dutela Donostian

Irunen izandako sexu erasoa salatzeko elkarretaratzea, atzo. JON URBE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Indarkeria matxistari lotutako zazpi atxiloketa egin ditu Foruzaingoak asteburuan: tratu txarrengatik bost pertsona atxilotu dituzte Iruñean, Sarrigurenen, Eguesen, Lizarran eta Alesbesen; eta Lizarran (Nafarroa) beste bi atxilotu dituzte sexu abusuengatik. Beste atxiloketa batzuk ere egon dira. Ertzaintzak 51 urteko gizonezko bat atxilotu zuen herenegun Gasteizen, emakume bati sexu abusuak egitea egotzita. Irunen eta Donostian ere sexu eraso bana salatu zuten. Epaileak espetxera bidali du igande goizaldean bikotekide ohia labanaz zauritzea leporatuta atxilotu zuten 26 urteko gizonezkoa.

Ziztadek ere ez dute etenik: Tafallako festetan (Nafarroa) hiru emakumek salatu dute ziztatu egin dituztela, eta Foruzaingoak ikerketa martxan jarri du. Gainera, Donostian adin txikiko mutil batek salatu du bart gauean hankan ziztatu dutela, Donostiako Udalak jakinarazi duenez. Ertzaintzari eta Udaltzaingoari azaldu dionez, Zurriola hondartzan izan da erasoa, eta ziztada kasuetarako protokoloa martxan jarri zuten.

Ertzaintzak beste hainbat ziztadaren berri ere izan du. Hain zuzen, ostiraletik bost emakumek jarri dute salaketa ziztatu dituztelako: bi Gernika-Lumon (Bizkaia) ziztatu dituzte, bat Bilbon, bat Donostian —bart ziztada salatu duen adin txikikoaren salaketaren berri ez dute oraindik— eta bat Zumaian (Gipuzkoa). Gainera, Donostiako Udalak adierazi du salaketa formal bakarra egon bada ere bost aldiz jarri dutela martxan ziztaden aurkako protokoloa. Horrez gain, Osasuna futbol taldeko ikuskatzaile bat atxilotu dute, adingabeei sexu abusuak egitea egotzita. Taldetik bota dutela adierazi du Osasunak.

Mobilizazioak

Genika-Lumon, ziztadak salatzeko elkarretaratzera deitu dute gaurko Gernikako sare feministak eta Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak, Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista! lelopean. 19:00etan jarri dute ordua, Merkurio iturriaren aurrean. Irunen ere elkarretaratzea egin zuen atzo Udalak, larunbatean gertatu zen erasoa salatzeko. 22 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, aparkaleku batean sexu eraso bat egitea egotzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.