Maite Asensio Lozano.
Martxoak 8: greba feminista. ANALISIA

%99aren feminismoaz

2019ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Iazko Martxoaren 8ko grebaren eta mobilizazio masiboen ostean, ia mundu guztia bilakatu zen feminista: emakumeen aldarriez jabetzen saiatu ziren eskuineko alderdi eta enpresa multinazional zenbait, nahiz eta euren jardunaren bidez andreen askatasuna eta eskubideak auzitan jartzen dituzten egunero. Joera hori geldiarazten saiatu dira feministak aurtengo grebari begira —Euskal Herrian, adibidez, eskaera politiko zehatzak egin dituzte—, eta, ildo horretan, batzuk hasiak dira «%99aren feminismoa» aldarrikatzen, feminismoaren izaera antikapitalista, intersekzionala eta internazionalista nabarmen uzteko; hau da, emakumeen gehiengoaren ezinegonei eta zapalkuntzei erantzungo dien feminismoa lehen lerroan jartzeko.

Ameriketako Estatu Batuetako akademiatik dator %99aren ideia; 2017ko otsailean ernaldu zen, eta duela egun gutxi Feminism for the 99%. A manifesto liburua argitaratu dute Nancy Fraser, Cinzia Arruzza eta Tithi Bhattacharya pentsalari eta aktibistek. Hala azaldu izan du Fraserrek: «Haserre geunden AEBetako feminismo hegemonikoa hartzen ari zen norabidearekin, hau da, ikuspegi soilik liberal eta indibidualistarekin; feminismo horren kezka bakarra da kristalezko sabaia haustea, eta horrek zentzua eta garrantzia hartu du 'neoliberalismo progresista' esaten diogun horren barruan».

Beraz, %1 horren kezkei erreparatu ordez, %99aren beharrei erantzutea proposatu dute pentsalariok; eta filosofia horretatik, neoliberalismoaren aurkako «bloke kontrahegemoniko bat» eraikitzea: «Borroka askoren artean sortu behar dugu bloke hori, baina identitate aglutinatu baten moduan funtzionatu behar du».

Hillary Rodham Clintonen eredua izan ohi du gogoan Nancy Fraserrek «feminismo neoliberalaz» hitz egitean, hau da, abagune zehatz batean dago kokatuta bere hausnarketa: neoliberalismoaren diskurtsoak eta praktikak irentsi dituen feminismoaren adar batekiko kritika da. Euskal Herrian, ordea, ez dago halako gatazkarik —sektore batzuk tematuta dauden arren feminismoa mugimendu burges gisa agerrarazten—: Euskal Herriko Mugimendu Feminista oinarrikoa da, autonomoa eta transbertsala, eta sarri uztartu egin ditu eremu sinbolikoa eta materiala, alegia, identitatearekin lotutako borrokak aldarrikapen sozial eta politikoekin lotu ditu.

Baina Fraserren gogoetak balio dezake arrisku batzuez konturatzeko. Feminismo liberala (bir)sortzen ari dela ohartarazten ari dira ahots batzuk, eta, hain justu, Ciudadanosek kontzeptu horixe aldarrikatu du asteon: «Berdintasuna ez da ezkerraren edo eskuinaren kontu bat». Hurbilago ere, kezkatzeko modukoak dira meritokraziarekin, bikaintasunarekin eta antzeko balio neoliberalekin lotuta zabaltzen ari diren mezuak. Ildo horretan, feminista batzuei zer pertsatua eman die Emakundek aurtengo Martxoaren 8rako landu duen kanpainak: Erabakitzen dudana izango naiz lelopean, neska batzuk ageri dira, historianerreferente izandako emakumeen irudiekin, hala nola Marie Curie zientzilaria, Clara Campoamor idazle eta politikaria edo Maria Antonia Uzkudun erraketista.

Andrazko erreferenteak berreskuratzeko eta askotariko emakumeak zein neskak ikusgai egiteko esfortzu handia egiten ari da Emakunde. Baina lelo horrek ezkutuan uzten ditu patriarkatuak ez ezik beste hainbat zapalkuntzak ere baldintzatzen dutela emakumeon erabakimena: klasea, arraza, jatorria, elbarritasunak, hizkuntza... Eta, horrez gain, lortzen zaila den soslai batean kokatu du erreferentzialtasuna. Emakume eredugarriek argal eta gazte izan beharrik ez duten bezala, ez dute zertan bikaintasun jakin batekin lotutako lanbide batean jardun: eredugarriak dira autobus gidariak, arrain saltzaileak, garbitzaileak eta zaintzaileak. Horiek dira %99a.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.