Parlamentuetan aulkiak hutsik geratuko dira, greba feministaren ondorioz

EH Bilduk, Ahal Dugu-k, Geroa Baik, PSEk, PSNk eta Ezkerrak lanuzteak egingo dituzte. EAJk elkarretaratzea egingo du; PPk eta UPNk, deus ez

Etziko greba feministak eragina izango du Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Etziko greba feministak eragina izango du Eusko Legebiltzarreko eta Nafarroako Parlamentuko jardunean. Gasteizko legebiltzarrean, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk greba deialdiarekin bat egin dute, eta talde horietako emakumeak ez dira egun horretako plenora joango. Bestalde, EAJko legebiltzarkide guztiek hamabost minutuko elkarretaratzea egingo dute eguerdian, alderdiak deituta, eta osoko bilkuran parte hartuko dute. PPk ez du greba babestu.

Legebiltzarrean, ostegunerako deituta dagoen gai zerrenda mantendu egingo da; hala, lau egitasmoren inguruan arituko dira legebiltzarkideak. Grebak ez du eraginik izango proposamenak eztabaidatzeko garaian, baina baliteke bozkatzeko orduan eragina izatea, gehiengoak aldatu egiten direnez. Guztira, 23 aulki geratuko dira hutsik.

Nafarroako Parlamentuan ere eragina izango du osteguneko greba feministak. Ezkerrako bi parlamentariek eta Ahal Dugu-ko emakumezkoek ez dute plenoan parte hartuko, eta 11:00 arte arituko dira Geroa Baiko eta EH Bilduko emakumeak; ez dira plenora itzuliko ordu horretako kontzentrazioaren ostean. PSNko parlamentari guztiek bi orduko geldialdia egingo dute, 12:00etatik 14:00etara.

UPNk, berriz, bat egin du CCOO eta UGT sindikatuek grebaren inguruan hartu duten jarrerarekin, baina parte hartuko du osoko bilkuran. Eusko Legebiltzarrean bezala, PPko parlamentariek ohiko jardunarieutsiko diote; Ana Beltran bozeramailearen arabera, deialdiko manifestuarekin ados ez daudelako ez dute grebarik egingo.

EH Bilduren proposamena

Parekidetasunaren bidean «aurrera egiteko», EH Bilduk zenbait proposamen aurkeztu zituen atzo Eusko Legebiltzarrean. Oihana Etxebarrieta eta Jasone Agirre legebiltzarkideek «aintzat hartu»dute administrazio publikoa arlo horretan egiten ari den lana, baina «ezinbesteko» irizten diote aurrerapausoak sektore pribatura hedatzeari.

Bide horretan, EH Bilduk enpresetan berdintasun ziurtagiria sortzea proposatu du. Etxebarrietaren arabera, ziurtagiri horrek enpresa berdintasunaren bidean urratsak egiten ari dela bermatuko luke: «Bost urtean, ziurtagiria edukitzea ezinbesteko baldintza litzateke administrazio publikoan kontratatua izateko».

Industrian emakumeen presentzia indartu eta «segregazioa gainditzeko» proposamen bat egin du EH Bilduk: «Sektore maskulinizatua izanik, emakumeen parte hartzea sustatzeko plan integral bat behar dugu». Azkenik, Etxebarrietak eskatu du sektore pribatura hedatzea administrazioan gurasotasun baimenak parekatzeko erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.