Manifestazio batera deitu dute umeen kontrako abusuak ikusarazteko

Ekainaren 24an egingo dute protesta, Algortan. Adierazi dute trabak daudela epaitegietan, eta itxitako hainbat kasu irekitzeko eskatu dute

Haurren Kontrako Indarkeriarik Ez plataformak atzo egindako agerraldia. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Peru Azpillaga Diez.
Bilbo
2018ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Salatutako sexu abusuak kontuan hartuta, 13 urtetik beherako umeen artean lau neskatotik batek eta zazpi mutiletik batek jasan dute noizbait halako eraso bat. Gehienetan, gainera, haurrek ezagutu egiten dute erasotzailea; hamar kasutik bederatzitan, hain zuzen ere, erasotzailea hurbileko senide bat da. Horren aurrean, Haurren Kontrako Indarkeriarik Ez plataformak nabarmendu du «begiak zabaltzeko garaia» dela, eta manifestaziora deitu du: ekainaren 24an egingo dute, igandearekin, 13:00etan, Algortan (Getxo, Bizkaia), Haurren kontrako sexu indarkeriaren aurrean inpunitaterik ez lelopean.

«Bost haurretik batek sexu indarkeria jasaten badu, zenbat erasotzaile ditugu inguruan?», egin dute galdera antolatzaileek. Sistema judizialari begiratu diote. Ohartarazi dute umeen aurkako abusuen gotorleku nagusia «patriarkatuan oinarria duen familia nuklearra» dela; gehienetan, familia eredu hori eta inguruko sarea izaten dira isildutako errealitate horren «babesleku».

Taldeko kideen hitzetan, horregatik jartzen du salaketa hamar biktimatik bakarrak: «Eremu pribatuan gertatzen den bortizkeria da, eta haurrek erasoa salatzeko ahalmenik gabe sentitzen dira; horrexegatik, gehienek nagusi izan arte itxaroten dute gertatutako kontatzeko, edota, kasurik txarrenetan, ez dute inoiz kontatzen».

Beste arrazoi bat ere aipatu dute salaketa kopuru txikiari buruz: erasoak legez egiaztatzeko zailtasunak eta sistema judizialak jarritako trabak. «Haurrak frogatu behar du sexu abusua izan dela, eta trabaz beteriko prozesu judizial bati egin behar dio aurre».

Adierazi dute epaitegietan ez dutela kontuan hartzen haurren hitza, eta, jasandako erasoak behin eta berriz azaldu arren, epaileek ez dituztela balizkotzat jotzen haien testigantzak edota marrazkiak. Hala gertatzen da haurren testigantzak laguntzen dituzten peritu txostenekin ere: «Profesionalen hitza kontuan izan gabe atzera bota, eta erasotzaileak absolbitzen dituzte: gaiaren inguruan adituak diren pertsonek sinesgarritasuna eman diete haurrei. Zergatik ez epaileek?». Horregatik, itxitako auziak berriro zabaltzeko eskatu dute.

Sistema judizial patriarkala

Bestetik, azaldu dute normalean ama izaten dela lekuko bakarra. «Sistema judizialaren egitura patriarkala dela eta, zalantzan jartzen da haien hitza». Salatu dute ohiko argudioa dela esatea amak seme-alabak manipulatu dituela; epaitegian gezurra esan duela iritzita, seme-alaben zaintza kentzerainoko prozesuak ere izan dira. Prozesuaren oso geldoa dela ere ohartarazi dute, emakume askok prozesua alde batera utzi behar izaten baitute, horrek eskatzen dituen baliabide ekonomikoen faltan.

Halaber, antolatzaileen arabera, zerbitzu publikoek «erasotzailea absolbitzeko argudio juridiko gisa» erabiltzen dituzte kasu horietarako dituzten protokoloak. Horregatik, erakundeek bermatzen duten legitimazioa ere salatu dute. Hori guztia ikusita, gizarteari dei egin diote, horrelakoetan adi egoteko eta gogoeta egiteko eskatuz: «Indarkeria horri erantzutea beharrezkoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.