'Harmaila' aldizkari sortu berriari eman diote idatzizko Argia saria

Bi sari berezi banatu dituzte: Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei, eta Bakegileak taldeari. Gabi de la Mazak jaso du Interneteko saria

Aurtengo Argia saridun guztiak, elkarrekin. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Samara Velte.
Usurbil
2018ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Euskal kultur munduko ordezkaritza zabal bat bazkalosteko kopari hurrupaka ari zela banatu zituzten atzo 29. Argia sariak, Usurbilgo (Gipuzkoa) Atxega jatetxean. Aurten Harmaila aldizkari jaioberria saritu dute prentsa idatziaren arloan, «patxadaz irakurtzeko aldizkaria, kirola eta kirolaria erdigunean jartzen dituena» delako, Argia-ko langileek adierazi zutenez. Aldizkariko hiru editoreak —Aitor Manterola BERRIAko kolaboratzailea, Eñaut Barandiaran eta Iñaki Berastegi— igo ziren oholtzara saria jasotzera: «Gure filosofiaren funtsa da kirolari mamitik heltzea. Kirola eguneroko martxa horretatik aldenduta ikustea gauza ederra da».

«Zapaldu kontzienteei hitza ematea» izan da Argia-ren asmoa aurtengo sariketan, Estitxu Eizagirre astekariko zuzendariak azaldu zuenez. Horregatik, Euskadi Irratiko Ekosfera saioa daraman Jokin Aldazabali eman zioten irratiko saria, ingurumenaz eta energiaz ikuspegi ekologistatik aritzeagatik. «1991n energia berriztagarrien enpresa bat zabaldu genuenean, hura etorkizuneko kontua zela esaten ziguten», ekarri zuen gogora: «Energiak etorkizun izaten jarraitzen du, baina, horrela jarraitzekotan, zalantza sortzen da gizakiak etorkizunik izango ote duen».

Ikus-entzunezkoen arloan, Uxue Alberdi eta Aitzol Barandiaran saritu zituzten, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren berri emateko egindako saioagatik. «Saiatu gara bertsoaren ezaugarri formal batzuk identifikatzen, ikusleek gehiago gozatuko zutelakoan», azaldu zuen Alberdik: «Baina jakinik bertso onaren zirrara ezin dela esplikatu».

Arratsaldeko txalo gehienak, ordea, Interneteko Argia sariaren jabeak jaso zituen: Gabi de la Mazari eman zioten, bi mila abestitik gora «karaokeatu» eta YouTubeko Txantxangorria kanalera igotzeagatik. De la Mazak azaldu zuenez, 2000ko hamarkadan hasi zen abestien karaoke bideoak prestatzen, barnetegiko bere ikasleentzat: «Orduantxe sortu zen YouTube, eta ikasle batek iradoki zidan hara igotzeko».

Armagabetzeari aitortza

Sustapen saria, berriz, Iruñeko Udaleko Berdintasun Sailak jaso zuen, eraso sexisten aurkako Iruñea aske kanpainagatik. «Paisaia aldatu da errepideetako pantailetan, tabernetan, txosnetan, paparretan...», azaldu zuen Onintza Irureta Argia-ko kazetariak: «Jada ez da erraza [Iruñea, sanferminetan] 'legerik gabeko hiria' dela esatea».

Azkenik, bi aipamen berezi egin zituzten atzoko sari banaketan. Lehenbizikoa Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoentzat izan zen, 30 urte bete berri dituztelako plazetan. Mertxe Rodriguezek—Marimototsek— eman zuen arratsaldeko hitzaldi hunkigarrienetako bat: «20 urterekin ikasi nuen euskaraz. Goiz batean esnatu eta konturatu nintzen euskaraz egin nituela ametsak. Egun hartan zoriontsu sentitu nintzen, eta gaur ere hala sentitzen naiz, egunero-egunero gozatzen eta gozarazten dugulako».

Bigarren aipamena bakegileentzat izan zen, «komunikazioa ezinbesteko giltza» izan zelako ETAren armagabetze prozesuan. Mixel Berhokoirigoinek eskertu zuen saria denen izenean, bideo baten bidez: «Bakegileen uholdea handitzen ari da; izan da Baiona, Paris, Bilbo, eta uholde horrek Euskal Herri berri bat eraikiko du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.