Talde lanaren indarra

Gernika Kopako finalerdietan ariko da, Gironari ezustean irabazita: 65-79. Bizkaitarrek Perfumerias Avenida izango dute aurkari gaur

Gernikako jokalariak, finalerdietarako sailkapena ospatzen. J. CEBOLLADA / EFE.
ainara arratibel gascon
2023ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Denboraldian zehar taldeek izaten dute partidaren bat dena biribil ateratzen zaiena. Atzo hori gertatu zitzaion Lointek Gernikari. Zirt edo zarteko partida batean izan zen gainera, Espainiako Kopako final-laurdenetan. Bizkaitarrek, talde lan on bat baliatuz, partida biribila jokatu zuten. Muturreraino eraman zituzten beren indarguneak, eta merezimendu osoz ezustea eman zuten Girona ahaltsuaren kontra: 65-79. Hala, finalerdiak jokatuko dituzte gaur. Beste aurkari indartsu bat izango dute aurrean: Perfumerias Avenida (19:00).

Bi estilo ezberdin izan ziren aurrez aurre atzoko neurketan. Erritmo biziko jokoa komeni zitzaion Gernikari, eta kanpotik jokatzea. Izan ere, uztaipean Girona indartsuagoa da. Bada, hasi eta buka, komeni zitzaien bidetik eraman zuten bizkaitarrek partida.

Bizkor jokatuz ekin zioten neurketari, eta zortzi punturen aldea lortu zuten lehen laurdenaren erdian: 5-13. Kataluniarrek ez zuten lortzen barrutik min egitea, zailtasunak izan zituztelako baloia pibotei iritsarazteko. Gernikak jokalari asko pilatu zituen zonan hori lortzeko. Hori izan zen garaipenaren gakoetako bat.

Errenta hamar puntura ere igo zuten, talde lan on bati esker:7-17. Baina Gironak hiru hiruko sartu zituen segidan, eta aldea hiruan geratu zen lehen hamar minutuen amaieran: 18-21.

Haatik, partida hasi bezala, bigarren laurdena ere bete-betean jokatu zuen Gernikak. Defentsan oso sendo jokatu zuen, eta errebotea ondo amaitu zuen —bigarren laurdenean bederatzi puntu baino ez zituen sartu Gironak—; erasoan, berriz, ohikoa duen eraginkortasunarekin aritu zen. Sandra Ygueravide izan zuen gidari. Ohiko trebeziarekin mugitu zuen taldea, eta sei asistentzia banatu zituen. Hala, berriro ere zuloa egin zuen: 18-29. Eta atsedenaldirako minutu bat falta zela, ordu arteko errentarik handiena zuen: 27-40. Talde lanaren seinale, lehen bi laurdenak amaituta, Gernikako zortzi jokalarik lortua zuten gutxienez saskiratze bat.

Aldagelatik bueltan, bide beretik jarraitzea zen gernikarren erronka. Eta egin zuten. Ez nolanahi, gainera, aldea hamabost puntura igo baitzuten:36-51. Gironak antzeman zuen, besteak beste, Irati Etxarriren eta Maria Araujoren falta. Baina oso talde indartsua da, eta Gernikako jokalariek bazekiten hortzak estutzen eta gogotik lan egiten jarraitu behar zutela. Jokalari bakoitzak bere onena eman zuen. Dena atera zitzaien ondo, eta 21 punturen abantailarekin iritsi ziren azken laurdenera: 44-65. Azken hamar minutuetan bi lan izan zituzten: errentari eustea, eta gozatzea. Festa amaieran lehertu zen.

Itziar Ariztimuño kapitaina «oso pozik» zegoen. «Guztiek gure onena eman dugu; hor egon da gakoa: talde lanean. Oso pozik gaude, eta, sasoi honetan izanditugun zailtasunak kontuanhartuta, polita izango zen finalajokatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.